Hori da; osasuna zer den, hori da garbi izan behar dugun lehen gauza. Izan ere, osasuna nola definitzen duzun, horrela ulertuko duzu nola zaindu eta nola sustatu. Argi dago horrelako ikerketa-talde batek, soziologiako kideek osatutakoa, ulertzen duela osasuna eredu biomedikotik harago. Hau da, osasuna ez da bakarrik gaixotasunaren eza, eredu biomedikoak beti ulertu duen bezala, ez da ikuspegi biologizistatik ulertzen den modu hori, baizik eta ongizatea, zentzu orokor batean.
Osasunaren definizioa ongizatera zabaltzen duzunean, eta ez bazara geratzen baldintzatzaile biologiko, genetiko eta biomedikoetan, zabaltzen zaizu alor oso emankor bat aztertzeko nola zaindu osasuna, eta zer kudeaketa egin daitekeen osasuna hobetzeko, populazio mailan.
Hain zuzen ere, hori ere oso ezaugarri garrantzitsua da. Guk ez dugu analizatzen osasuna indibidualki, baizik eta kolektiboki, eta populazio mailan, ulertzeko zergatik gizarte-talde batzuek duten aukera gehiago osasun ona izateko beste batzuek baino.
Askotarikoak dira, eta, ikerketaren ikuspegitik, oso emankorrak. OPIKen baditugu zenbait ikerketa-ildo, eta, batez ere, analizatu dugu nola eragiten duten bai maila sozioekonomikoak, bai generoak, eta, orain gutxiago, baina aztertu izan dugu baita nola eragiten duen migrazioak ere.
Izatez, hirurak izan daitezke, baina uste dut badugula aukera lupa bat izan dadin. Ez dakit lortuko dugun, baina, ikusita nola hasi zen COVID-19arena, eta nola joan den gorpuzten, nola kudeatu duten politikoki, orain nola ari diren... horrek guztiak ematen digu aukera berriz mahai gainean jartzeko, oso modu ikusgarrian, aspalditik lantzen ari garen gaiak. Hortaz, une hau aprobetxatu behar dugu; horregatik izan beharko luke lupa bat.
Egia da beste batzuk estaltzeko ere ari direla aprobetxatzen, hori argi dago. Baina ikertzailea eta aktibista naizen aldetik, honek eman beharko liguke aukera jendeari esateko: aizue, hau ez da bakarrik birus bat gorputz batean ostatatu dena. Ez da auzi biologiko hutsa.
Horren aurrean, ikertzaile gisa, ardura zientifiko-politikoa dugula iruditzen zait. Alde batetik esan behar dugu hori ez dela egia, eta eman arrazoiak ulertarazteko denok ez dugula sentiberatasun berbera birusarekiko, eta denok ez ditugula aukera berdinak COVID-19az larri gaixotzeko eta hiltzeko. Eta, bestetik, denok ez ditugu aukera berdinak izan krisialdi honetan ezarri dizkiguten arau eta mugetara moldatzeko. Hortaz, batzuk besteek baino sufrimendu handiagoarekin edo txikiagoarekin bizi ahal izan dute garai hau.
Beste behin ere, ikusi dugu zer modu desorekatuan dauden banatuta gizarte-baldintzak. Oraingoan, hain neurri zorrotzak ezarri dizkigute, denontzat berdinak, inolako malgutasunik gabe, berriro ere mahai-gainean jarri dituzte desberdintasunak.
Hortaz, gure ardura ez da bakarrik gizarte-baldintzatzaileak aintzat hartuta informazioa helaraztea, baizik eta politikoki ere salatzea zer-nolako kudeaketa politikoa eskatzen duen horrek guztiak. Nik, behintzat, horrela bizi dut. Zentzu horretan, beraz, lupa da.
Hasteko, egiturazko baldintzatzaileak daude. Ez da gauza bera Madrilen egin duten kudeaketa, esaterako, zaintzaren inguruko arduragabekeria politiko historiko horrek izan dituen ondorioengatik, edo Euskal Autonomia Erkidegoarena, non, kakotx artean bada ere, sistema publiko sendoagoa dugun, eta Jaurlaritzak esku-hartze zuzena izan duen duen kudeaketa pribatuko zentroetan.
Horren barruan, gizarte-klaseak eta generoak elkarrekin, modu intersekzionalean, eragin dituzten desberdintasunak dira, seguru asko, garrantzitsuenak hau ulertzeko. Zergatik? Gizarte-klaseak, bizitzeko erraztasunak ematen dituenak, baldintzatzen du, ez bakarrik zer arrisku dugun kutsatzeko, baizik eta, baita ere, zer ahalmen dugun konfinamendua gutxieneko ongizate batekin bizitzeko.
Konfinamendu-garaian, haurrak izan genituen zentroan, hasieratik iruditu zitzaigulako erabat ahaztuak izan dituztela eztabaida publikoan, are gehiago beste herrialde batzuekin alderatuz gero. Haurrak ezabatu izana daukagun gizarte-ereduaren adierazle bat da; horregatik erabaki genuen hori ikertzea.
Ikerketa horren harira, ikusi genuen aldez aurretik pentsatzen genuena, hau da, haien osasunerako gako dela nolako etxea eta bizimodua duten. Ez da ezer berria, baina hori ere ondo dago: primeran dago gauza berriak aurkitzea, baina baita intuizioz aurreikusitakoa datuekin baieztatzea ere.
Horrez gain, ikusi genuen konfinamenduak ez zuela berdin eragiten amengan eta aitengan: amek psikologikoki bizipen okerragoak izan dituzte aitek baino. Espero genuen, ez baita kasualitatea, baina, gauza horiek etxe barruan gertatzen direnez, oso gutxi jakiten dira. Horregatik, beharrezkoa da ikertzea.
Lan-merkatuan ere ikusiko da, biolentziaren datuetan, zaintzaren kargan... Horietan guztietan, COVID-19ak eragin okerragoa izango du emakumeengan, gizonengan baino. Eta horrekin batera dago gizarte-klasearen eragina. Baldintzatzaile horiek elkarrekin azaltzen dute, neurri handi batean, zergatik sortu dituen halako diferentziak pandemia honek.
Kontuan hartzekoa da baita non sortzen ari diren agerraldi berriak ere, ikusten ari baikara maila sozial edo sektore ekonomiko jakinei lotuta ari direla sortzen. Hori ere ez da kasualitatea, baina badirudi agintariek nahiago dutela jendeak pentsatzea gauzak zoriz gertatzen direla, eta ez dutela erro politiko eta ekonomiko bat.
Osasunean ere, azken urteetan genetikarekin eta banakoarekin zerikusia duten alderdietan jarri da arreta, eta badirudi horrek salbatuko gaituela. Baina horrek talka egiten du bestelako ikuspegiekin, eta asko zaildu digu komunikabide handietan bestelako mezu bat zabaltzea, ez dena “zaindu zaitez eta horren araberakoa izango da zure etorkizuna”. Ez, hori ez da horrela.
Lehenik, ausardia izan, onartzeko eta jendeari azaltzeko osasun-sistemetan gertatzen denak bakarrik azaltzen duela populazioaren osasun-mailaren % 20-25 inguru. Horrekin, jendeak ulertuko luke bere osasunak, hein handi batean, ez duela zerikusirik Osakidetzarekin, baizik eta beste gauza batzuekin. Horrek kontzientzia politikoa sortzeko aukera ezin hobea emango luke. Orduan ulertuko bailukete zer-nolako eragina duten gure egunerokoan gizarte-baldintzatzaileek eta, azken finean, gizarte-desberdintasunak.
Batzuek uste dute eragin hori bakarrik nabaritzen dela pobreenengan. Baina ez da horrela, hierarkia osoan nabaritzen da. Eta ez bakarrik emakumeengan, baita gizonezkoengan ere. Horretaz jabetzeak kontzientzia politiko bat sortuko luke. Kontua da ez dela batere salgarria.
Ez, beldurretik egindako politikak jasotzera ohitu gaituzte. Eta, ez badugu ezer aldatzen, jarraituko dugu pentsatzen gauzak zoriz gertatzen direla. Hori, noski, oso ondo etortzen zaie agintariei, ardurak beren gain ez hartzeko. Erabili duten hizkera ere horrekin lotuta dago: gerrako esapideak, edo guztiok txalupa berean goazelako modukoak...
Azken finean, politika egiteko era honek oso erro sakonak ditu, eta guztiz naturalizatua dugu. Neoliberalismoak 1980ko hamarkadatik eta kapitalismoak lehenagotik zer sinetsarazi digute? Norberak egiten duen ahaleginak eta ibilbideak, horrek esplikatzen duela noraino heltzen zaren. Eta deigarria da, baina ikerketa askok erakusten dute justu maila sozioekonomiko baxukoak direla argumentu horiei indar handiagoz eusten dietenak. Seguru asko, izango da nolabaiteko itxaropena izateko etorkizun hobe bat lortzeko aukera izango dutela.
Egia esan, ez da erraza kolektibo jakinetan arreta jartzea nolabaiteko estigma sortu gabe. Baina uste dut iraganetik asko ikas dezakegula. Hiesak asko irakatsi digu, eta hurrengo pandemietan ez gara iritsi estigmatizazio-maila horretara. Hala ere, arriskua egon, badago. Nola saihestu? Nire ustez, ulertuko bagenu egiturazko baldintzatzaile hauek ez dutela eragina bakarrik oso pobretuta dauden talde horietan, baizik eta gizarte-geruza guztiak zeharkatzen dituztela, zailagoa litzateke kolektibo jakin batzuk estigmatizatzea.
Izan ere, jende asko oraindik ez da jabetu gizarte-baldintzatzaileek gradiente bat sortzen dutela, eta hau ez dela ondo eta txarto daudenen arteko gerra bat, baizik eta gizarte-desberdintasunek jokatzen dutela gizartearen maila guztietan.
COVID-19an, adibidez, ez dugu ondo aztertzerik izan, administrazioak eragotzi egin digulako datu onak eskuratzea, baina langabezia-tasaren eta COVID-19aren intzidentziaren arteko erlazioa aztertzen saiatu gara, eta, datu eskas horiek erabilita ere, gradiente argi bat ikusten da. Kontua ez da auzo jakin bat dagoela txarto eta gainerako guztiak gaudela ondo. Hori sinetsarazi nahi digute, baina egiatan ez da hori. Eta jendea gradienteaz jabetuko balitz, estigmatizatzeko arriskua txikituko litzateke.
Hori da. Baldintzatzaile desberdinek guztiok gurutzatzen gaituzte, batzuek neurri batean, eta besteek beste neurri batean. Eta inor ez dago salbu. Adibidez, COVID-19a pairatzeko aukera handiagoa dute adineko gizonek, eta maila sozioekonomiko apalekoek edo jarduera ekonomiko jakin bat dutenek. Baina buruko osasunari erreparatzen badiogu, ziurrenik gizarte-baldintzatzaile horiek berek, alegia, adinak, generoak eta maila sozioekonomikoak, oso bestelako eragina izango dute, eta ikusiko dugu gizarte-maila altuko emakume askok medikalizazio izugarria pairatzen dutela.
Kontua hau da: konturatzea eraikitzen ari garen eredua erabat gaixotasunzalea dela. Eta COVID-19a da beste adibide bat, oso ikusgarria. Izan ere, edozein lekutan analizatuta ere, eredua oso sendoa da. Horrek zerbait esan nahi du, argi eta garbi.
Elhuyarrek garatutako teknologia