Osasun indibiduala, osasun kolektiboa

COVID-19aren krisialdiak aukera ezin hobea eskaini du osasunari bere osotasunean begiratzeko. Egungo ikuspegi biologizista mugatutik harago, osasuna ongizate zabalago baten modura ulertzeko gako asko eman ditu; eta, nola ez, osasunari komunitatearen ikuspegitik heltzeko. 

Hasteko dakarkiguna gai gatazkatsua izan daiteke: non dagoen osasun indibidualaren eta kolektiboaren arteko muga. COVID-19aren aurkako txertoa garatuz gero, estatubatuarren % 50ek ez omen luke hartuko. Txertoek osasun publikoa bermatzeko duten gaitasuna kolokan jarriko luke horrek. Zilegi litzateke herritarrak txertoa hartzera derrigortzea? Non dago osasunaren burujabetzaren eta ardura sozialaren arteko muga? 

Amaia Bacigalupe de la Hera soziologoak beste ertz batetik heldu dio gaiari, eta osasuna nola ulertzen duen azaldu digu. Osasun Publiko doktorea da, eta kritiko azaldu da COVID-19aren krisialdia interpretatu eta kudeatu den moduarekin. Konfinamendu-garaian hartutako neurri uniforme eta zorrotzek gizatalde askoren osasuna eta ongizatea baldintzatu dute, malgutasun falta izan baita banakoen ezaugarri eta beharren gainean. Gizarte-baldintzatzaileek osasunean nola eragiten duten ikertzen du, hain zuzen, eta COVID-19aren testuinguruan nola jokatu duten azaldu du.

Bestetik, mende luzeetan kolektibo oso baten osasuna baldintzatu duen adibide bat ekarri dugu: emakumeen ugal-organoak eta, bereziki, klitoria. Plazererako bakarrik balio duelako mitoa aitzakiatzat hartuta, benetako bazterketa soziala eta zientifikoa pairatu du klitoriak, hain zuzen ez delako beharrezkotzat jo emakumeen ugalketa bermatzeko. Baina azken ikerketek agerian utzi dute ezinbesteko funtzioak dituela, plazerean ez ezik, ugalketan eta, hortaz, baita emakumeen osasunean ere. 

Uste osoa dugu Elhuyar aldizkariaren zenbaki honek ekarpen interesgarriak egiten dituela giza osasunaren inguruan, eta baliagarri izango dela osasunaren kontzeptuan gizarte modura egin dezakegun bidean sakontzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila