Elkarrizketak

Elisa Sainz de Murieta Zugadi Geologoa

“Trantsizio energetikoa gertatu, gertatuko da. Kontua da hori garaiz lortzeko gai izango ote garen”

2018/09/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Elisa Sainz de Murietak klima-aldaketaren ondorioz gertatuko diren inpaktuak eta klima-aldaketaren egokitzapen-politikak ikertzen ditu BC3 Basque Centre for Climate Change-n eta Londresko Grantham Research Institute-n. Zientzialarien esanetan, badira gutxienez 800.000 urte ez zela halako CO2-kantitaterik pilatzen Lurreko atmosferan, eta, gainera, handitzen jarraitzen du. Horrek guztiak Euskal Herrian izango dituen ondorioak aztertu ditugu Elisarekin. Ondorioei aurre egiteko prest egon behar dugula dio.

Pilar Nicolás Jiménez Ikertzaile jurista

“Datuak ez dira gauzak, pertsonen parte dira”

2018/06/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Ikertzaile jurista da Pilar, Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedraren taldean. Zientziak eta teknikak aurrera egiten duten heinean, aukera berri eta zirraragarriak sortzen dira gizartean, baina baita, haien eskutik, arrisku eta beldur berriak ere; debekatzeko gogoa sortzeraino, batzuetan. Pilarren lana da teknika berrien erabilera arautuko duten balioak adostea. Oinarrizko akordio moduko batzuk bilatzea, gizartea eroso senti dadin. Lan garrantzitsua, zientziak bere onena eman behar badu.

Javier Armentia Fructuoso Astrofisikaria eta zientziaren dibulgatzailea

“Zientziaren dibulgazioa industria farmazeutikoaren kolaboratzaile izan da ia, txotxongilo bat bezalakoa”

2018/03/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Iruñeko Planetarioko zuzendaria da Javier Armentia, eta Pentsamendu Kritikoa Sustatzeko Elkarteko zuzendari izandakoa. Gogor kritikatzen ditu sasizientziak, esandakoak ez frogatzeagatik, eta hori bezain gogor zientziaren jardun okerrak. Interesagatik jardutea egotzi dio zientziari. Biek dituzten arazo eta kontraesanak jarri ditu agerian Javierrek. Ez da isilik geratzen diren horietakoa.

Eva Poveda López Birologoa

“GIBaren tratamendua hartzen duten pertsonek ez dute birusa kutsatzen”

2017/12/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Oso argi hitz egiten du Eva Povedak hiesaz eta GIB birusaz. Estigma sozialak oraindik zauri handiak sortzen dituela dio. Tratamendu berrienek itxaropena zabaldu duten honetan, estigma bihurtu da gure gizartean infekzioa betiko desagerrarazteko benetako muga. Eta azpimarratu nahi izan du gaur egun ez dutela birusa kutsatzen infektatuta baina tratatuta dauden pazienteek. Bere lan zientifikoaren bikaintasunaren aitortza jaso zuen jada 2012an Povedak, For Woman in Science L´oreal-Unesco Ikerketa Saria jaso zuenean. Egun, infekzioa desagerrarazteko ari da lan egiten buru-belarri, A Coruñako INIBIC zentroan.

Arkaitz Carracedo Pérez Minbiziaren ikertzailea

“Gure bizitzaren parte dira mutazioak eta minbizia”

2017/09/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Galdera batek abiarazi zuen Arkaitz Carracedoren ibilbide zientifikoa: zertan bereizten dira zelula osasuntsuak eta minbizi-zelulak? Orduz geroztik, ibilbide oparoa egin du minbizia ikertzen, eta halaxe aitortu zion Europar Batasunak, 2013an 1,5 milioi euroko diru-laguntza bat eman baitzion minbiziaren eta elikaduraren arteko harremana iker zezan Euskal Herrian. Gaitza hain zabaldua izanik eta zientzia egiten ari den ahalegin handia ikusirik, minbiziari begiratu sakon bat eman nahi izan diogu CIC Bioguneko bere laborategitik.

Marta Macho Stadler Matematikaria

“Gizarteak asko miretsi izan ditu zientzialariak, eta haur mimatuen modura jokatzen dute”

2017/04/04 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Marta Macho matematikaria da, foliazioen teoria geometrikoan eta geometria ez-konmutatiboan espezializatua. Ikerketa-lanetatik harago, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren “Mujeres con Ciencia” espazio digitaleko editore ere bada. Emakume zientzialariak ikusgai bihurtzeko egin duen lan eskerga aitortzeko hainbat sari jaso ditu, tartean Berdintasunerako Emakunde Saria, apirilean bertan. Martarekin argitu nahi izan dugu nola egiten duten emakumeek zientzia, eta zientzia-sistemak, egun dagoen bezala, baldintzatzen ote duen emakumeen parte-hartzea.  

Eneko Agirre Bengoa Hizkuntzaren prozesamenduko ikertzailea

“Makinak pertsonei ulertzeko gai badira, aurrerapauso handi bat egin dugu. Gure mundura datoz makinak”

2017/03/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Makinek eta gizakiek elkar ulertzea du helburu Enekok. Elkarrekin solasean aritu ahal izatea. Gizakiak ez gara ulerterrazak, ordea, eta horrek buruhauste handiak ekartzen dizkio. EHUko informatika-ikertzailea eta IXA taldeko kidea da, eta haren lanak Google-ren beraren aitortza lortu zuen iaz. Orain, New Yorketik etorri berri hartu gaitu.

Helena Matute Greño Psikologia Esperimentalean katedraduna

“Uste okerrei aurre egiteko, funtsezkoa da pentsamendu zientifikoa sustatzea”

2016/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Edonork izan ditzake uste okerrak, edonork sinets dezake sasizientzietan. Izan ere, guztiok dugu gertakariak azaltzeko joera, eta kausa-efektu erlazioa bilatzeko bulkada, baita erlaziorik ez dagoenean ere. Hain justu, hori da sinesmen faltsuak sortzeko mekanismoetako bat. Halakoak ikertzen ditu Helena Matute Psikologia Esperimentaleko katedradunak Deustuko Unibertsitateko Labpsico laborategian, eta han hartu gaitu, bere lanari buruz hitz egiteko, patxada osoz, lanez gainezka egon arren.

Felix Zubia Olaskoaga Zainketa Intentsiboetako medikua

“Medikuon eginkizuna da heriotzaren aurrean laguntzea, eta horri ihes egitea profesional txarra izatea da”

2016/06/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Heriotzarekin aurrez aurre egiten du lan, Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Heriotzak denongan duen inpaktuaz kontziente, une hori zaintzen saiatzen da. Hiltzear zeuden gaixo asko zaindu ditu, ihes egin gabe. Xabier Lete bera zaindu zuen gaixo eta hiltzear zegoenean, eta bien arteko adiskidetasuna sortu zen une berezi horietan. Elkarrekin begiratu zioten heriotzari, eta hiletan, azken bertsoak abestu zizkion. Izan ere, mediku izateaz gain, bertsolari ere bada Felix Zubia. Eta baita EHUko irakasle Medikuntza Fakultatean, eta Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioan esatari ere. Komunikatzaile petoa, finean.

Diego Garate Maidagan Atxurra kobazuloko ikerketa-zuzendaria

“Euskal Herrian animalia-irudi gehien dituen kobazuloa da Atxurra”

2016/05/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Garate Tolosako Unibertsitateko ikertzailea eta Bilboko Arkeologia Museoko teknikaria da, eta bera da Atxurra (Berriatua) kobazuloko aztarnategiko ikerketaren zuzendaria ere. Atxurrak gordetzen duen altxorra jendaurrean aurkeztu berritan, tarte bat hartu du Elhuyarri azaltzeko grabatuei buruzko xehetasunak eta berezitasunak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila