Elkarrizketak

Miren Altuna Azkargorta Neurologoa

“Alzheimerra garaiz diagnostikatzea gakoa da”

2024/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Miren Altuna Azkargorta (Zarautz, 1988) neurologoak garuneko gaixotasun degeneratiboak ikertzen ditu; bereziki, alzheimerra. Doktoretza ere horren gainean egin zuen, eta arreta ematen du; izan ere, gaztea izanik, normalean adinekoei eragiten dieten asaldurak aukeratu zituen, ikerketan eta klinikan. Nolanahi ere, berarentzat erabaki naturala izan zen. Batetik, beti izan duelako ikerketarako grina, eta, justu, haren tesi-zuzendariak epigenetika ikertzen zuelako hainbat esparrutan; tartean, alzheimerrean. Bestetik, gerora, familian alzheimer-kasuak eta antzekoak izan dituzte; horrek ere zer pentsatua eman zion. Baina azpimarratu du gutxi dakigun horretan lagundu ahal izateak bultzatu zuela batez ere.

Bulkada horri jarraituz egiten ari den bideari esker, orain gehiago dakigu alzheimerraz, eta pazienteen bizi-kalitatea hobetu egin da. Zuhur, ez du ezkutatu oraindik asko dagoela egiteko, baina itxaropentsu izateko arrazoiak ere eman ditu.

Maria Angeles Sallé Alonso Gizarte Zientzietako doktorea

“Ezinbestekoa da dikotomia haustea, hibridatzea, eta paradigma aldatzea”

2023/11/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

“Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu” nazioarteko biltzarrean hartu du Elhuyar aldizkaria María Angeles Sallé Alonsok, abegitsu hartu ere. Biltzarra Donostian egin zen, urriaren 23an eta 24an, Emakunderen eskutik, eta, hain zuzen, Sallék eman zuen hasierako hitzaldia. Gizarte Zientzietako doktorea da, eta garapen sozioekonomikoan, berdintasunean eta gizarte digitaleko politika publikoetan aditua, eta, eman duen hitzaldian, datuetan oinarrituta, garbi utzi du ezinbestekoa dela gaurko gizartean agintzen duen dikotomia haustea, hibridatzea, eta paradigma aldatzea. Elkarrizketak horretan sakontzeko aukera eman du.

Aiora Zabala Aizpuru Ekonomia Ekologikoan doktorea

“Iritsi gara puntu batera non hazkunde ekonomikoak ez digun ongizate handiagoa ematen”

2023/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aiora Zabala Aizpuru (Irun, 1982) Ingurumen Zientzietan lizentziatua da, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Ikertzailea eta irakaslea da Open University eta Cambridge Unibertsitatean, eta Nature Sustainability zientzia-aldizkarian editore izan zen lau urtez. Dibulgazioan ere aritzen da, ingurumenari, jasangarritasunari eta giza zientziei buruz, eta iaz Natura gure esku liburua argitaratu zuen (Alberdania, 2022).

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan izan zen, Elhuyarrek eta Donostia Kulturak gonbidatuta, eta oraingo egoera ulertzeko eta etorkizuneko zenbait eszenatokiak irudikatzeko gakoak eskaini zituen. Idatziz jaso ditugu pasarte esanguratsuenak.

Bernhard Schölkopf Adimen artifizialeko ikertzailea

“Ezinbestekoa da adimen artifizialaren gainean eztabaidatzea eta gogoeta egitea”

2023/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bernhard Schölkopf ezaguna da adimen artifizialaren inguruko ikerketaren munduan. Besteak beste, Sistema Adimendunen Max Planck Institutuko zuzendarietako bat da (zehazki, Inferentzia Esperimentalen Sailaren burua), eta beste zenbait zentrotan eta erakundetan ere aritzen da. Haren ikerketek oihartzun eta aitortza handia jaso dute; tartean, 2020ko BBVA “Ezagutzaren mugak” sarietako bat jaso zuen, kernel metodoen garapenagatik. Haien gaineko galderarekin abiatzen da elkarrizketa; segidan, baina, bestelako gaiak agertzen dira: exoplanetak, irisgarritasuna, jasangarritasuna, ikerketa militarra, filosofia, zientziaren gardentasuna eta gizartearen parte-hartzea…

Lourdes Herrasti Erlogorri Arkeologoa

“Oroimena emakumezkoena da”

2023/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

“Memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz” izenburupean, solasaldi bat izan zuten Lourdes Herrasti Erlogorri arkeologoak eta Ana Galarraga Aiestaranek, “Emakume zientzialarien argitan” zikloaren barruan. Aranzadin egindako ibilbideaz, ikerketa arkeologikoez eta haien atzean dagoen giza alderdiaz hitz egin zuten. Izan ere, Herrastik aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuetan parte hartu du, eta, azken urteotan, Espainiako Gerra Zibileko hobien exhumazio-lanetan dabil, batez ere. Orri hauetan, idatziz jaso dira solasaldi hartako pasarte esanguratsuenak.

Unai Pascual García de Azilu Ingurumen-ekonomialaria (BE3 eta Ikerbasque)

“Naturaguneak babesteak ezin du ekarri aniztasun kulturalaren gainbehera”

2022/12/14 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Unai Pascual García de Azilu ingurumen-ekonomialariak urte asko daramatza gizakiak naturarekiko duen atxikimendua ikertzen. Oraingoan, naturak biziraupenerako egiten dizkigun ekarpen materialak aztertu ditu, natura suntsitzeak jendearengan izango lituzkeen bestelako ondorioak ere agerian jartzeko. Egun hauetan Montrealen ospatzen ari den Dibertsitate Biologikoaren Biltzarrean aurkeztuko dute lana: 30x30 estrategiaren barruan zer naturagune babestu beharko liratekeen proposatuko dute. Baina beste helburu bat ere badute: negoziaketan aniztasun kulturalaren aldagaia ere sartzea.

Txema Pitarke De la Torre CIC nanoGUNEko zuzendaria eta Elhuyar Fundazioko lehendakaria

“Nanoteknologiak gaixotasunen oinazea arintzea nahi nuke”

2022/11/11 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Nanoaren munduan murgilduta bizi da Txema Pitarke. Nabari zaio zenbaterainoko zirrara sortzen dion gizakiok atomoak eta molekulak banan-banan manipulatzeko gaitasuna eskuratu izanak. Teknologia kuantikoak ditu hizpide, baina, nanoteknologiak lehentasunez zer ekarpen egitea nahiko lukeen galdetutakoan, argi du: pertsonei sufrimendua arintzea. NanoGUNEko zuzendaria, EHUko Fisikako katedraduna eta Elhuyar Fundazioko lehendakaria ere bada Pitarke.

Lucía Gallego Andrés Mikrobiologo medikoa

“Antibiotikoen krisiari heltzeko neurri zorrotzen falta sumatzen dut”

2022/09/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

COVID-19ak 2020an sortutako zalapartaren aldean, isilik eta poliki dator antibiotikoen krisia. Baina medikuntzaren zimenduak kolokan jartzeko gaitasun osoa du. Gero eta ohikoagoak dira antibiotiko guztiekiko erresistentzia duten bakterioen infekzioak, eta zientzialariak larrituta daude. Lucía Gallego Andrés Antibiotikoak eta Bakteriologia Molekularra Laborategiko zuzendaria da EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta argi du: “Gobernuek ez dute jartzen antibiotikoen larrialdiak eskatzen duen neurriko baliabiderik”.

Xabier Saralegi Urizar Teknologia-arduraduna (Orai NLP Teknologiak)

“Zaila da makinentzako eredu etiko unibertsal bat sortzea”

2022/06/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Xabier Saralegi Urizar adimen artifizialeko ikertzailea da Orai NLP Teknologiak langunean, Elhuyar Fundazioak sustatutako ekimen teknologiko berrian. Digitalizazioaren ahalmen guztia euskararen alde erabiltzen saiatzen da. Itzultzaile automatikoak, ahotsaren sintesia eta bestelako teknologiak ikertzen ditu bere lantaldeak. Teknologia horien jokaera diskriminatzaile eta arrazistei aurre egitea ere badu helburu. Azken batean, makina etikoagoak eta gizatiarragoak sortzea.

Mikel González Egino BC3ko ikertzailea

“Klima-larrialdia ez da erronka teknologiko hutsa. Batez ere, politikoa eta soziala da”

2022/04/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) hirugarren txostenak argi utzi du CO2-aren igorpenek gora egiten jarraitzen dutela eta ez direla akordioak betetzen ari. Albiste onik ere badakar, ordea: neurri eraginkorrak hartzea merkea litzateke. Mikel González Egino BC3ko ikertzailearekin aztertu ditugu txostena eta egungo erronka nagusiak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila