Joseba Rios Arkeologoa

"Orain dela ez urte askora arte, neandertalen inguruan aurreritzi pila bat zeuden"

Galarraga Aiestara, Ana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Joseba Rios arkeologoaren ustez, zuhurtziaren eta ideia berritzaileen arteko mugan ibiltzera behartuta daude zientzialariak, frogatutako egien eta hipotesi ausarten arteko marraren gainean. Batzuetan oreka galdu eta "alde ilunera" erortzeko arriskua dutela aitortzen du, baina ez omen dute mugan ibiltzea beste aukerarik, zientziak ez luke aurrera egingo bestela. Eta halaxe ibiltzen da bera ere, ekilibristen antzera, duela milaka urte landutako harri-puskatan oinarrituta.
0rain-dela-ez-urte-askora-arte-neandertalen-inguru
Arg. Marisol Ramirez/© ARGAZKI PRESS
Paleolito garaiko industria litikoan espezializatuta zaude. Harriak dira garai hura ezagutzeko aztarnarik esanguratsuenetako bat?

Bai; izan ere, industria litikoak aukera asko ematen ditu informazioa lortzeko eta ondorioak ateratzeko: alde batetik, oso ondo kontserbatuta egoten da, eta, bestetik, oso ugaria da, ia aztarnategi guztietan topatzen da piezaren bat. Berez, aztarnategi bat giza aztarnategi bat dela, eta ez soilik paleontologikoa, esateko, tresnaren bat egon behar du. Gizakiek erabilitako tresnak dira; orduan, horren bidez jakin dezakegu nolako antolakuntza teknologikoa zuten gizaki haiek, eta zer egiten zuten leku jakin batean edo tresna jakin batzuekin.

Hortaz, industria litikoak oso ikuspegi zabala ematen digu. Ekonomia, lurraldea, gizarte-antolamendua eta arauak, portaera..., alderdi asko ezagutu ditzakegu industria litikoan oinarrituta. Eta lehen periodizazioak ere tresna litikoetan oinarrituta egin dira; hau da, topatutako tresnak sailkatuz eta denboran kokatuz. Horri esker bereizi dira Paleolitoaren periodoak edo denbora-tarteak. Horrenbestez, bai, industria litikoa oso garrantzitsua dela esan dezakegu, eta oso aberatsa denez, espezialista pila bat daude, eta beti ari gara mugitzen eta gauza berriak ikertzen.

Eta beste diziplinetako ikertzaileekin ere elkarlanean aritzen zarete, ezta?

Noski, ikerketa osagarriak izaten baitira. Adibidez, aztarnategi batean harri-tresnak izan ditzakezu, eta, kontserbazioa ona bada, baita jandako animalien arrastoak ere. Eta animalia horietan ebakiduren aztarnak ikus ditzakezu agian. Datu guztiekin, argazki osoa izan dezakezu; bestela, alderdi bakarra ezagutuko duzu. Interpretazio zuzena egiteko, ikuspegi guztiak jaso behar dituzu.

Halakoetan, hasierako ikuspegia erabat aldatzea ere gertatuko zaizue inoiz...

Hain juxtu, iruditzen zait hori dela gure lanaren pizgarri handienetako bat. Zuk daukazu ideia bat, eta ari zara lanean ildo horretatik, eta, halako batean, irakurtzen duzu artikulu bat, edo izaten duzu lankide batek egindako aurkikuntza baten berri, eta horrek goitik behera aldarazten dizu ordura arte zenuen hipotesia. Hori askotan gertatzen da, eta, gainera, oso garrantzitsua da, ez arkeologian bakarrik, zientzian oro har.

Adibidez, orain dela ez urte asko, neandertalen inguruan aurreritzi pila bat zeuden: ez zutela ehizatzeko berariazko estrategiarik, sarraskijaleak zirela, ez zirela gizartea eta ekonomia antolatzeko gai, portaera oportunista zutela, eta abar. Eta hori, zergatik? Bada, ikusten zutelako neandertalen tresnetan ez zegoela aldaera handirik. Baina hori gertatzen zen zeukaten sailkatzeko era ez zelako aproposa zuten aldakortasuna ikusteko. Izan ere, analisi tipologikoa egiten zuten, hau da, itxuraren arabera sailkatzen zituzten tresnak, eta horretan oinarrituta uste zuten neandertalen teknologia oso oinarrizkoa zela eta ez zela aldatu denborarekin.

Gero, ordea, bestelako analisiak etorri ziren, adibidez, teknologikoa. Analisi horrekin, itxura ez ezik, itxura horretara iristeko prozesua ikusten da. Eta horrela joan ziren konturatzen tresnak egiteko prozesuak askotarikoak zirela neandertalen artean, ez bakarrik denboraren arabera, baita lekuaren arabera ere.

Horrez gain, ohartu ziren jokabide batzuk ez zirela batere oportunistak, planifikatuta zeudela. Axlorren ikusten da hori, adibidez. Axlorren inguruan (Dima) ez dago suharririk, eta haiei suharria gustatzen zitzaien, oso erraza delako lantzeko, ahoak zorrotzak dira, asko irauten du... Inguruko harriak, aldiz, kalitate gutxikoak ziren. Orduan, zer egiten zuten? Bada, garai batzuetan, beste nonbait landutako suharrizko tresnak erabiltzen zituzten, eta haiek higatzen zirenean, inguruko harriekin egiten zituzten behar zituzten tresnak. Portaera hori nahiko oportunista dela esan daiteke. Baina beste garai batzuetan ikusten da suharria zegoen lekura joan, han tresnak egin, eta Axlorrera eramaten zituztela. Eta Axlorren tresna horiek bere horretan erabiltzeaz gain, haietatik ezpalak ateratzeko eta beste tresna batzuk egiteko ere erabiltzen zituzten. Hor planifikazio bat dago.

Badakizue nondik ekartzen zituzten suharriak?

Bai, eta horretan ere egon da beste ikuspegi-aldaketa edo iraultza bat. Hasieran pentsatzen zen neandertalen lurraldeak nahiko mugatuak zirela; populazio txikiak zirela. Izan ere, lurralde handi bat kontrolatzeko, planifikazioren bat izan behar duzu, jakiteko non dauden baliabideak (ehiza, ura, kobazuloak, fruituak...) eta haiek noiz eta nola lortu.

Bada, gaur egun Euskal Herria deitzen den lurraldean neandertalen hiru aztarnategi nagusi daude: Axlor (Bizkaia), Lezetxiki (Gipuzkoa) eta Arrillor (Araba). Hirurak triangelu txiki batean daude; leku batetik bestera 15 km daude gehienez. Eta hiruretan ikusten da inguruko arrokez egindako tresnak dituztela maila batzuetan, baina beste batzuetan, suharriz egindakoak. Eta suharri hori ekartzen zuten Bizkaiko kostatik, edo Gipuzkoakotik, edo Urbasatik, edo Trebiñotik. Leku horiek mapa batean jarriz gero, ikusten da neandertalak nahiko eremu zabalean ibiltzen zirela.

Arg. Marisol Ramirez/© ARGAZKI PRESS

Are gehiago: leku horietako ekosistemak oso desberdinak dira elkarren artean, eta horiek guztiak ustiatzen zituzten. Horrek esan nahi du lurraldea ondo ezagutzen zutela eta gai zirela bizimodua, ehizatzeko estrategiak eta gainerakoak egokitzeko leku bakoitzera.

Eta jakintza hori belaunaldiz belaunaldi transmititzeko gaitasuna ere bazuten?

Bai, hori ere bai. Lurralde hori ustiatzeko ezinbestekoa zuten jakintza eta teknologia transmititzea, eta hori denbora luzez egin zuten. Hemen ditugun neandertalen arrasto gehienak azken Erdi Paleolitokoak dira, hau da, gutxi gorabehera duela 60.000-40.000 urte bitartekoak.

Tarte horretan, dena den, era askotako portaerak izan zituzten neandertalek, eta, alde horretatik, oso dira garrantzitsuak aipatutako hiru aztarnategi horiek, sekuentzia estratigrafiko oso zabalak baitituzte: Axlorren gutxienez hamar maila daude, Arrillorren beste hamarren bat, Lezetxikin sei-zazpi, eta batzuetan haien artean desberdintasun nabarmenak daude, eta beste batzuetan, oso txikiak. Horrek agerian uzten du neandertalen populazioek, aldakortasun kronologikoa eta geografikoa ez ezik, eboluzio historikoa ere izan zutela.

Horregatik, nire ikuspuntutik oso zaila da hitz egitea neandertalen bizimoduaz. Zer garaitako eta zer lekutako neandertalez ari garen jakin behar da, ezin da orokortu. Edo, ikuspegi orokorra izateko, lekuko arkeologiatik abiatu behar zara.

Hain zuzen, Alvaro Arrizabalagarekin batera egin duzun ikerketa bat argitaratu da duela gutxi, eta lan horretan eremu geografiko batera mugatu zarete. " The first human occupation of the Basque Crossroads " artikuluaz ari naiz.

Hori da. Kontua da, ulertzeko lehen giza okupazioak Europan, leku oso garrantzitsu batzuk daudela. Bat da Atapuerca (Burgos), beste bat Orce (Granada), beste batzuk daude Frantzian... eta zer dago erdian? Hori da galdera. Eta ez da kontu makala, jakin nahian baikabiltza nondik iritsi ziren lehen gizaki haiek: Afrikatik edo Asiatik. Eta hori jakiteko, tarteko lekuak ezagutu behar dira.

Hala, guk aukeratu genuen gutxi gorabehera gaur egun Euskal Herria dena, izatez, hau gurutzebide bat baita, Frantziaren, Gaztelako lautadaren, Kantabriaren eta Ebro ibarraren artean. Lau gune horiek oso garrantzitsuak dira ikertu nahi dugun garai hori ulertzeko; horregatik jakin nahi genuen zer gertatzen zen hemen. Bibliografian, baina, ia ez zegoen sintesirik. Badago bat, Alvaro Arrizabalagarena, 2005ekoa, eta nahiko osatuta bazegoen ere, ordutik aldaketa nabarmenak egon dira: indusketak egin dira aztarnategi zaharretan zein berrietan, metodologia berriak erabili dira lehendik ezagutzen ziren aztarnak aztertzeko... Tamalez, ez dugu giza aztarnarik topatu, Lezetxikiko humero famatu hori izan ezik, baina agian hurrengo urteetan lortuko dugu zer edo zer.

Hortaz, informazio hori guztia aintzat hartuta, sintesi berritu bat egin dugu, ideia berriekin, eta hurrengo urteetarako ikerketa-lerro berriak zabalduz.

Zer ondorio atera dituzue, bada?

Batez ere, gauza bat frogatu dugu lan honekin. Orain arte, indusketak sakonera txikian egiten ziren, metro bateko sakoneraraino edo, eta ez bazen ezer topatzen, ez zen industen jarraitzen. Izan ere, haientzat aztarna garrantzitsuenak Goi Paleolitokoak ziren, orduko gizakien eta gaurko euskaldunen artean omen zegoen erlazioa frogatu nahi zutelako. Hori zen Barandiaranen asmoa eta, hortaz, apenas zegoen Behe Paleolitoko aztarnarik. Lezetxiki salbuespenetako bat da, baina, normalean, ez zen sakonean industen.

Baina, gero, beste helburu batzuekin beheko mailak industu ditugunean, ikusi dugu badaudela antzinagoko arrastoak, eta beste leku batzuetan ere egon daitezkeela. Beraz, beste era bateko indusketak diseinatu beharko ditugu, horiek topatzeko.

Arg. Marisol Ramirez/© ARGAZKI PRESS

Adibidez, Arlanpeko kasua oso esanguratsua da. Hara joaten bazara, ikusiko duzu oso zulo txikia dela, eta, lehen begiratuan, ez du ematen ezer egon behar duenik. Baina oso kobazulo zaharra da, oso aspalditik da inaktiboa, eta, mailaz maila, aztarna ugari aurkitu dira, baita Behe Paleolitokoak ere. Eta Askondon ere topatu ditugu Erdi Paleolitoko aztarnak, baina oso sakonean, maila antzu baten azpian. Garai batean, ez ziren sakonera horretara iritsiko, baina orain horren bila goaz. Hor aldaketa bat egon da.

Aipatzekoa da, bestalde, topatutako aztarna batzuk oso garrantzitsuak direla teknologia-antolamendua ezagutzeko. Hala, datorren urtean, arlo horretan hemen egindako hainbat ikerketa argitaratuko ditugu, eta erreferente bihurtuko gara Kantauri ertz osoan.

Beste kontu bat ere badago tartean, eta da, lehen, datazioak egitean, ez zutenez datazio zehatzak egiteko aukera, zuhurtzia handiz jokatzen zela. Horregatik, aztarna zaharrenak duela 100.000 urte ingurukoak direla esaten zen. Baina gero etorri zen Atapuercako iraultza: aurrena duela 500.000 urteko aztarnak topatu zituzten, gero are zaharragoak, eta orain 1.200.000 urtetan daude. Eta agian zaharragoak ere topatuko dituzte.

Sinesgarria da hemendik 100 km-ra hain aintzinako aztarnak egotea, eta hemen zaharrenek 100.000 urte bakarrik izatea? Hori ezinezkoa da. Beraz, horrek dena berriro aztertzera eta gauzak bere garaian kokatzera eraman gaitu. Adibidez, Mendietako aztarnategian edo Irikaitzekoan, gauza batzuk uste genuen Behe Paleolitokoak zirela, baina itxura zuten zaharragokoa, arkaikoagoak ziruditen. Saiatu gara datazioak egiten, eta oraindik ez ditugu behin betiko emaitzak, baina, datu klimatikoetan oinarrituta, ikusi dugu bi glaziazioren artekoak direla.

Berez, zuhurrena izango litzateke pentsatzea azken glaziazio-arteko garaikoak direla, baina, industria-mota kontuan hartuta, logikoagoa da pentsatzea aurreko glaziazio-artekoak direla, duela 500.000 urtekoak. Edo zergatik ez are lehenagokoak? Hori baieztatzeko, bestelako datazio bat behar da, baina ez du zentzurik jarraitzea esaten 100.000 urte dituztela.

Ni oraintxe bertan Frantziaren hegoaldean ari naiz lanean, Laurence Bourguignonekin, eta leku horren datazioa 1.200.000 urtekoa da. Berdina dugu Atapuercan, eta baita Orcen ere. Bada, erdian ere egon behar du zerbait. Agian desagertuta dago, baina aukera badago.

Orain bide horretatik ari zara ikertzen?

Bai, CENIEH-n daramadan lerroetako bat hori da. Beste bat da zer gertatu zen Erdi Paleolitotik Goi Paleolitora, zergatik desagertu ziren neandertalak...

Galdera tipikoa da hori.

Bai, oso tipikoa, eta azkenaldian horren inguruan bonbardaketa izugarria dugu, gainera, alde guztietatik: genetikatik, paleoantropologiatik, arkeologiatik... Eta,

askotan, hipotesi oso iradokitzaileekin, baina, gehienetan, froga eskasekin. Beti gertatzen da gauza bera zientzian, ibili behar garela mugan; gelditzen bagara seguru gauden lekuan, ez dago mugimendurik. Hortaz, mugara joan behar dugu, baina, noski, mugan mugitzea arriskutsua da; batzuetan alde ilunera igarotzen zara, eta beste batzuetan zeunden lekuan geratzen zara. Onena oreka lortzea da, ez esatea beti-betiko gauzak, baizik eta saiatzea ideia berriak bilatzen, ideiak mugitzeko.

Joseba Rios Garaizar
Joseba Rios arkeologoak Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroan (CENIEH) dihardu lanean, Burgosen. Industria litikoaz arduratzen da, bereziki Paleolito garaikoaz.
Aurretik, doktoretza egin zuen Kantabriako Unibertsitatean, eta gero, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker, Leipzigen aritu zen ikertzen bi urtez, Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutu ospetsuan.
Hainbat indusketatan aritu da lanean. Azkenaldian, Bizkaiko aztarnategi zaharrenetarikoan dabil, Arlanpen (Lemoa).
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila