Lourdes Herrasti Erlogorri Arkeologoa

“Oroimena emakumezkoena da”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

“Memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz” izenburupean, solasaldi bat izan zuten Lourdes Herrasti Erlogorri arkeologoak eta Ana Galarraga Aiestaranek, “Emakume zientzialarien argitan” zikloaren barruan. Aranzadin egindako ibilbideaz, ikerketa arkeologikoez eta haien atzean dagoen giza alderdiaz hitz egin zuten. Izan ere, Herrastik aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuetan parte hartu du, eta, azken urteotan, Espainiako Gerra Zibileko hobien exhumazio-lanetan dabil, batez ere. Orri hauetan, idatziz jaso dira solasaldi hartako pasarte esanguratsuenak.

oroimena-emakumezkoena-da
Arg. Jon Urbe/©Foku
Arkeologo-lanetan, ibilbide osoa Aranzadin egin duzu. Nola iritsi zinen hara?

Gasteizen ikasi nuen Geografia eta Historia, eta, han ikasten ari nintzela, nire irakasle Amelia Baldeonek galdetu zidan ea Gipuzkoako indusketa batera joan nahi nuen uda hartan. Baietz esan nion; Jesus Altunarengana etorri ginen, eta orduan hasi zen nire hartu-emana Aranzadirekin. Harrezkeroztik, Aranzadin nabil.

Hain zuzen, Errailan egon nintzen, justu Europan etxekotutako lehen txakurraren hezurra agertu zen tokian. 

Historiaurrekoetatik hasi, eta Espainiako Gerra Zibileko eta garai berriagoetako indusketetan aritu zara, ezta?

Bai, Paleolitoan hasi nintzen, eta aro garaikidean bukatu dut, Gerra Zibileko hobiak aztertzen. Or­duan, ibilbide kronologiko guztia egin dut.

Zer diferentzia dago iragan urruneko aztarnategiak eta berriagoak ikertzearen artean. Oso desberdinak izango dira metodologikoki, ezta? 

Ez. Arkeologiak du metodo bat, eta aplika daiteke modu berean antzinako aztarnategietan eta gaur egunekoetan. Metodoak balio du edozein lekutan eta edozein garaitarako.

Metodologia bera da, hortaz. Eta bilatzen du­zuena? Zer jakin nahi izaten duzue?

Gizakiaren ibilbidea, gizakiak nola bizi zuen bere garaia. Edo nola hil zen; niri gehiago interesatzen zait hori jakitea.

Arg. Aranzadiko Antropologia Saila
Aspaldiko elkarrizketa batean, esan zenidan oso desberdina zela hezur biluziak topatzea edo eskeleto bat jantziekin eta objektuekin, arropek eta objektuek pertsonara hurbiltzen gaituztela.

Hala da. Eta orain, Gerra Zibileko hobietan, arroparik ez dugu topatzen, baina inguruan dituzten objektuek informazio ikaragarria ematen digute hobiratuez. Zer ohitura zituzten; erretzaileak ote ziren; sinesten zuten ala ez, domina bat zeramatelako zintzilik, adibidez...

Horrez gain, garai horretan hildako batzuen on­­dorengoak bizi dira, eta horrek bai egingo duela oso desberdina indusketa, iraganekoekin alderatuta.

Ho­bi bat induskatzen ari garenean, inguruan ditugu senitartekoak. Paleolitoko indusketa batean ez daukazu halakorik: zu zaude, lurra kentzen eta hura aztertzen, baina ez daukazu inolako sentimendurik. Aldiz, senitartekoak aldamenean dauzkazula, horrek beste balio bat ematen dio, eta, gainera, beste sentsazio batzuk bizi dituzu. Zeharo diferentea da, eta, gainera, hartu-emanak ere desberdinak dira. Zuk ez duzu hezur bat aurrean, baizik eta pertsona baten hezurdura, eta, ondoan, haren ondorengoak.

Pentsatzen dut asko asebetetzen zaituela jaki­teak zenbat balio duen zuen lanak memoria berreskuratzeko. Instituzioen aldetik, nahikoa aitortza eta laguntza jasotzen duzue?

Hemen ezin gara kexatu. 2002tik hitzarmen bat dugu Eusko Jaurlaritzarekin, eta, gaur egun, egin beharreko lan guztiak egiten ditugu Gogora Institutuarekin. Nafarroan ere antzekoa gertatzen da; 2015etik Nafarroako Memoriaren Institutuarekin hitzarmen bat dugu, eta egiten dugun guztirako haien laguntza eta babesa daukagu.

Aldiz, estatuko beste lekuetan, denetik dago.

Ibilbidean izandako mugarriak azaltzen hasi da, argazkien bidez. Lehen argazkia Amaldakoa da; Errailako aztarnategiaren ondoren ezagutu zuen. Goi Paleolitoko aztarnategi bat da, eta lantalde handi bat dago bertan; tartean, Jesus Altuna. Hurrengo argazkian ere lantalde zabal bat ageri da. Hain zuzen, horixe nabarmendu du Herrastik, beti taldean egiten dutela lana.
Beste esparruetan ere diziplinartekotasuna eman­korra da, baina zuenean funtsezko ezaugarria da:  diziplina desberdin askotako jendez osatzen dira taldeak.
San Juan Ante Portam Latinam aztarnategiko hezurrak. Tartean, arma gisa erabilitako suharri bat ere ageri da. Arg. Aranzadiko Antropologia Saila

Hori da. Benetako talde-lana da; guztion artean egiten dugu lana. Hor daude sedimentologoak, Historiaurrean espezialistak, biologoak... era askotako formakuntza duten pertsonak daude.

J-3, Euskal Herrian ezagutzen den ehorzketa zaharrenaren argazkia erakutsi du Herrastik.

Eta, lehen esan bezala, heriotza ikertzen dugu. Hemen dugu Euskal Herriko hezurdura antzinakoena. Jaizkibelen aurkitu genuen, kobazulo batean, eta da, zalantzarik gabe, ezagutzen den zaharrena. Eta jarrera horretan zegoen [fetu-jarreran]. 

Hasi ginen kobazuloak aztertzen. Paleolitoan eta, bereziki ondoren, Neolitoan eta Brontze Aroan, gorpuak lurperatu egiten zituzten. Azaltzen dira hezurdurak, eta, inguruan, zintzilikarioak, adibidez, lepokoen aleak. Edo puntak eta bestelako armak, hurrengo bizitzan beharko zituzketenak. Hori zen arkeologoek bereziki lantzen zutena, baina Pacok [Etxeberria] eta biok hezurrak aztertu genituen. Horren bidez dakigu zer gaixotasun pairatzen zituzten, esaterako. Adina ere jakiten dugu, gutxi gorabehera.

Batez ere, hezurrak ateratzen ditugu nekropolietatik edo elizetatik. Erdi Arokoak dira, eta hor agertzen dira eskeletoak; gehienetan, osorik. Hilobiak izan daitezke harrizkoak, egurrezkoak edo bestelako materialez egindakoak. Eta aztertzean ikusten dugu, batean, saihetsak hautsita zeuzkala; bestean, artrosia zuela, oso garatua, eta horrek, jakina, mina eragiten zion... Hortzak ere aztertzen ditugu, eta horrela dakigu zer dieta zuten, biguna ala gogorra.

Hortzak, gainera, lanerako ere erabiltzen zituzten, ezta?

Hori da. Tira egiteko, adibidez, larrua edo lokarriak lantzeko... Eta zotzak ere erabiltzen zituzten, haginen edo hortzen tarteak garbitzeko. Atapuercan ere aurkitu dituzte horrelakoak; oso ohikoa da, nonbait.

Eta guztia aztertuta, ateratzen dugu profil demografikoa. Hau da, zenbat ume zeuden, zenbat gizonezko, zenbat emakumezko, eta adinaren eta sexuaren araberako banaketa egiten da. Horrek erakusten du zer motatako gizartea zen. Adibidez, normala izaten da emakumeak lehenago hiltzea [gizonak baino]. Emakume asko hiltzen ziren erditzean.

San Juan Ante Portam Latinam aztarnategiaren argazkia erakutsi du. 

San Juan Ante Portam Latinam harribitxi bat da. 1990ean topatu genuen; ni haurdun nengoen. Alaba jaio zen ekainean, eta, hilabete eta erdi geroago, indusketan nengoen. Bularra ematen nion, eta berriro indusketara joaten nintzen. 

Arg. Jon Urbe/©Foku

Hemen aurkitu genituen, harkaitzaren aterpe baten azpian, 323 pertsonaren hezurrak. Denak batera. Horrek esan nahi du aldi berean hilobiratu zituztela. Hori ez da normala. Esan nahi du zerbait txarra gertatu zela. Izan daiteke gaixotasun bat, sarraski bat edo haien arteko gatazka bat. 

Hor ikusten da batek saihetsen artean gezi bat daukala. Beste batzuek suharriak dituzte barruan. Batek bizkarrezurrean dauka sartuta suharri-punta; horrela hil zuten. Bizkarrezur-muina txikitu zion, eta, beraz, une horretan bertan hil zen. Beste batzuek bizirik jarraitu zuten gezi-punta barruan zutela. Hori bitxia da. Batek dauka besoan, kubituaren eta erradioaren artean sartuta. Beste hark, lepoan. 

Garbi dago gatazka handiak zituztela, indarkeria handia zegoela, eta elkarren aurka borrokatzen zirela. Horregatik daude denak batera hilobiratuta. Hirurehundik gora dira, eta, haietatik ehun, bost urtetik beherako umeak. Benetan izan da aztarnategi berezia.

Armentiako Erdi Aroko nekropolian aurkitutako hezurdurei buruzko azalpenak eman ditu gero, argazkiak erakustearekin batera. Jarraian, trepanazio bat erakutsi du.

Buruan zauri bat bazuten, medikuek edo sasi-medikuek esku-hartzeak egiten zituzten: zulatu egiten zuten buru-hezurra. Pentsatzekoa bada ere hilko zirela, ez ziren hiltzen; bizirik jarraitzen zuten. Araban badago kasu bat 5x5 cm-ko zulo bat duena eta bizirik iraun zuena. 

Beste garai batzuetan indarkeriaz hildakoen adibideak erakutsi ditu. Tartean, karlistaden hastapenetakoak. Horrelakoak nola ikertzen dituzten azaldu du, momiak erakutsi aurretik.

Hezurrak eskuratu behar dira, ondo garbitu, ondo prestatu, eta, gero, berregin egin behar da, ulertu ahal izateko. Puzzlea egin behar dugu.

Hezurrak ez ezik, momiak ere aztertzen ditugu. Eta momiak non, Egipton? Ez, inguruan ere baditugu momiak.

Hain zuzen ere, hau Arrasatekoa da. Amandre Santa Ines deitzen zioten. Gure aita zenak konta­tu zidan bera txikia zenean San Juan elizan an­dre baten momia bat zegoela. Eta joan ginen galdetzera elizara, eta apaizak esan zigun ezetz, ez zegoela. Baina gero hobeto galdetu zuen, eta eskailerapean zeukaten ezkutatuta momia. Eta da Ines Ruiz de Otalora, oso pertsonaia garrantzitsua, haren senarra zelako Okariz jauna, Felipe II.aren idazkaria. Eta biak ekarri zituzten Arrasatera. Ines momifikatuta ekarri zuten, lehenik Valladoliden hilobiratu zutelako. 

Lourdes Herrasti Estepar mendiko 1. hobian, 2015. Arg. Oscar Rodriguez

Nola jendeak ikusten zuen emakume hori ez zela usteltzen, magikoa zelakoan zeuden. Kopla batzuk sortu zituzten, letania bat: «Amandre Santa Ines/ Bart inddot amets/ Ona bada bixon partez/ Txarra bada inon aldez». Gaur egun erakusgai dago San Juan elizan.

Beste kasu bitxi batzuk kontatu ditu, argazkiak erakutsi ahala. Espainiatik kanpo, Mendebaldeko Saharan eta Falkland uharteetan egindako la­nak azaldu ditu. Bi lekuetan, gerretan hil eta anoni­moki hobiratutako gorpuak berreskuratzeaz eta identifikatzeaz arduratu dira Aranzadiko arkeologoak.

Oso gauza inpresionanteak dira, oso, eta emo­zionalak oso. Orduan, momentu bat iristen da zeure burua gogortu behar duzuna. Distantzia bat jarri behar duzu, bestela sentimenduek gainezka egiten dute eta jan egiten zaituzte.

Beste xehetasun askoren artean, gorpuak identifikatzeko egiten dituzten azterketa genetikoen azal­pena eman du.

DNA-proba egiteko, ez da nahikoa hezurrak izatea. Behar dugu familiako norbait, laginak konparatzeko. Ez badaukagu familiarik, ezin dugu identifikatu. Eta hemen [Falkland uharteak] denak identifikatzea lortu dugu, bi izan ezik. Orain, gerrako beteranoak, bizirik atera zirenak, indusketetan laguntzen ari dira, terapia moduan, oso gaizki pasatu baitzuten. Gehienek ez dute gainditu, abandonatuta sentitzen dira, salduta, eta indusketa arkeologikoak egiten ari dira, oroimen hori nolabait berreskuratzeko. Beraz, arkeologiak balio handiak ditu.

Arkeologiaren balioen erakusgarri argia da Es­pai­niako Gerra Zibileko hobietan Herrastik eta Aran­za­diko kideek egiten duten lana. Leonen egin zuten lehen deshobiratzea.

2000. urtean kasualitatez joan ginen Leonera. Deitu egin ziguten. Deshobiratze bat egin behar zutela, eta ea joan nahi genuen galdetu ziguten, eta han joan ginen. Ez genuen inondik inora imajinatzen topatuko genuena, eta, are gutxiago, gero ekarri zuen guztia. Hobi batera joan ginen lanera, baina ez genekien Gerra Zibilak hainbeste hildako eragin zituenik. Hainbeste jende eraila ilegalki. Hilketak baitira.

111.000 dira gutxienez; Garzonek jaso zituen 111.000 pertsonaren izenak. Eta pentsatzen du­gu 130.000 ere izan daitezkeela. Gehienak ti­roz erailak, eta lurpean klandestinoki galduak. Oroimenean galduak eta gizarte osoarentzat ezkutatuak. Lurpean egon dira, isilean, izua egon delako. Guk isiltasun hori hautsi, eta lurpetik ateratzen ditugu. Eta gehienetan emakumeak etortzen zaizkigu [hobien informazioa ematera], oroimena emakumezkoa delako. Gaztelaniaz esa­ten da «la memoria», femeninoan, eta hala da, oroimena emakumeen esku baitago. Haiek gordetzen dute familiaren oroimena: familiaren argazkiak, familiaren istorioak...

Bere aitaren hobia non zegoen azaldu zien ema­kume baten argazkitik hasita, hainbat deshobi­ratze esanguratsu azaldu ditu, solasaldirako denbora agortu arte. Istorio gogorrak, krudelkeriaz eta gizatasunez beteak. Eta deshobiratze bakoitzari esker, nola hautsi duten isiltasuna, nola berreskuratu duten oroimena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila