Ikaslearen Hiztegia ordukoan eta gaurkoan izen berarekin badatorkigu ere, kanpoko eta barruko jantziz aldatuta, garai berrietara egokituta ageri zaigu oraingoan. Hala ere, eduki-mailako aldaketek, hobekuntzek eta osatze-lanek hartu dute berritze-prozesuaren atalik handiena. Berritze-lanak bi lan-eremutan egin dira, batez ere: hiztegi-unitateen bilduma edo makroegitura ikasleen beharretara doitzen, batetik, eta artikuluen edukia edo mikroegitura osatzen eta hobetzen, bestetik.
Hiztegi-artikuluak eduki berriz hornitu dira argitalpen honetan: ohiko kategoria, definizio, adibide eta oharrez gain, 10.700 sinonimo eta antonimo, 900 gramatika-ohar eta irudiz edo gramatika-taulaz osatutako 518 hiztegi-unitate jasotzen ditu hiztegiak. Lanak, amaieran, aditz-taulak eta deklinabide-taulak jasotzen dituen eranskina eta munduko estatuen izenak, hiriburuen izenak eta herritarren izenak jasotzen dituen eranskina ere baditu.
Gaur egun bizi dugun aro teknologikoak berekin dituen eskakizunei jarraiki, hiztegia liburu-formatuan eta CD-ROM euskarrian argitaratu da. Azken horretan, liburuko informazio guztia oso modu erosoan kontsultatu ahal izango du erabiltzaileak. Bilaketa arrunta egiteko aukeraz gain, bilaketa aurreratua egiteko, irudidun unitateak eta gramatika-tauladun unitateak bilatzeko edo eranskina ikusteko aukera eskaintzen zaio erabiltzaileari.
Orain, irakurle, zu zara gure lanaren azken epailea, eta gustura jasoko ditugu zure oharrak, uste baitugu egilearen eta erabiltzailearen arteko harremana ezinbestekoa dela produktua hobetzen laguntzeko.