Arrasateko Ikerlan zentro teknologikoak 25 urte bete ditu. 1970eko hamarkadako ikerkuntza-premiaren eta kooperatibetako batasunaren ondorio da zentroa. Sorreratik gaur egungo heldutasunera iritsi arte, Ikerlanek zientziaren eta teknologiaren garapen bizkorrera egokitu behar izan du. Ibilbide horren guztiaren lekuko —besteak beste— zentroko zuzendaria: Carlos Redondo. Beraz, gidari ezinhobea Ikerlaneko iragana eta oraina ezagutzearekin batera, etorkizunerako iragarpenak egiteko.
Hemengotzat jotzen dira gaztainondoak, eta izan bada horren adierazgarri den hainbat aztarna —lehen aipatutako Ekaineko kobazuloko sedimentuak esate baterako—; hala ere, badirudi gaur egun bizirik dirauten gaztainondo gehienak kanpotik etorritakoak direla. 1946. urtean G. Lafitte mendiondoarrak gaztainondoei buruz idatzitako laneko zati batzuen irakurketak “inbasioa” nolakoa izan zen ulertzen lagun dezake.
Giro ezin hobean igaro zen Elhuyarrek dibulgazio-lanean bete dituen 25 urteak ospatzeko antolatutako festa. Pili Kaltzadak gidatutako ekitaldia Iñaki Irazabalbeitiak ireki zuen, eta, hurbildutakoei eskerrak ematearekin batera, urte hauetan Elhuyarrek bete duen zeregina azaldu zuen. 25 urteko historia biltzen zuen bideo laburra ikusi ondoren, Andoni Egañak hartu zuen txanda. Zientzialari ez den batek zientzia nola bizi duen argitu zuen, guztia umore-puntuarekin. Egañak bukatu eta gero, Eustakio Arrojeria Elhuyar aldizkariko zuzendariak aldizkari berrituaren aldaketei buruzko azalpenak eman zituen Kursaalen bildutako guztientzat. Horraino ekitaldi ofiziala; estraofiziala, berriz, kanpoaldean, Martin Berasategiren otamenarekin.
Alzheimer-en gaixotasunaren prebentzioan laster batean urrats garrantzitsuak egin daitezke. Izan ere, Estatu Batuetako Elan Corporation enpresa
farmazeutikoaren laborategietan saguekin egindako saiakeretan, Alzheimerrenaren aurkako txertoak arrakasta izan du. Hala eta guztiz ere,
horrek ez du esan nahi gizakiekin probatzean gauza bera gertatuko denik,
baina itxaropenerako zirrikitua behintzat ireki da. "Gaitza ez du sendatuko —adierazi zuen Alzheimer Elkarteko Bill Thies-ek— baina behintzat
prebentzioan eragina izan dezake".
Eguzki-eklipsea zela eta, seguru zuetariko asko zerura begira egon zinetela pasa den abuztuaren 11n. Iraila ere antzera iraganen da, lurtar asko eta asko Marteri begira jarriko baikara. Izan ere, duela hilabete batzuk Marterantz bidali zen Mars Climate Orbiter zunda hil honetan sartuko da planeta gorriko orbitan. Urrian, berriz, japoniarrek bidalitako zunda ere iritsiko da Martera. Azkenik, abenduan Mars Polar Lander zundak Marteko Hego poloko lur-zorua zapalduko du. Zunda horrek Hego poloko laginak jasotzen dituen bitartean, Mars Climate Orbiter zunda planeta gorriko orbitan jira-biraka ibiliko da, Martetik bidaltzen zaion informazioa jaso eta Lurrera igorriz. Marte albiste-iturri izango da hurrengo hilabeteotan.