“Menpekotasunen aurrean…geure buruen jabe”.

OEEren azken kongresuaren nondik norakoak

Lourdes Unzueta Zamalloa

Familia-medikua

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) euskara osasun-arloan sustatu eta bultzatu nahi duen erakundea da, era berean euskara normalizatzen lagunduz. Orain ia hiru hamarkada sortutako erakundea da, kontuan hartuz aurton bere 26. Biltzarra egin duela. Bere helburuak honako hauek dira: euskararen erabilera sustatzea (irakaskuntzan, heziketan eta lan-zentroetan), euskararen erabilera bultzatu eta indartu osasun-alorreko profesionalen artean eta osasunari buruz euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera suspertzea.

menpekotasunen-aurreangeure-buruen-jabe
Arg. OEE

Elkarteak 349 bazkide ditu, gehienak mediku eta erizainak, baina baita osasun alorreko beste profesional batzuk ere, hala nola psikologoak, farmazialariak eta fisioterapeutak.  Ezaguna da, batik bat, urtero antolatzen duen Jardunaldi edo Biltzarra dela eta. Biltzarra gai monografiko edo orokor baten inguruan eratzen da, horrela,  bai unibertsitatean, osasun-zentroetan zein ospitaletan diharduten profesionalek parte hartzeko aukera izan dezaten,  bakoitzak bere lan esparrutik ekarpenak egiteko.  

Urtero lekua aldatu eta txandaka egiten dira biltzarrak; orain artekoak: Araban (Gasteiz), Bizkaian (Bilbo, Gernika, Lekeitio eta Getxo), Gipuzkoan (Donostia eta Arantzazu) eta Nafarroan (Iruña eta Altsasu). Egin dira egin Ipar Euskal Herrian antolatzeko ahaleginak ere baina oraindik  zuzendu gabeko arazoa da hori.

Biltzarraz aparte ekimen gehiago ere bultzatzen ditu, besteak beste bi urterik behineko Agote saria, osasunarekin lotutako hainbat ikasgaitan euskarazko testuen sormena eta argitalpena bultzatzeko. Orain urte bi saritutako lana, Unibertsitateko Medikuntza ikasleei zuzendutakoa,  Iktusari buruzkoa izan zen.

OEEk badu bere berripapera ere, OEEberri deiturikoa, 2011an sortua eta hilero osasun profesionalei osasunari eta euskarari buruzko informazioa eskaintzen diena. Bere jardunaren beste eremu bat Osasun Hiztegigintzarena da, baita osasun-profesionalen euskarazko prestakuntza ere, prestatu eta gero formakuntza ikastaroak antolatzen dituzten erakundeetan formazioa emateko euron burua eskainiz.

Gizartean OEEk duen esku-hartzea ere azpimarratzekoa da: Osakidetzako Euskara Planaren begirale eta sustatzaile da; Kontseiluko kideekin batera euskararen aldeko hainbat kanpainatan jardun du (UEMArekin, baita osasun arreta euskaraz bermatzekoetan ere). Azken baten Osasun munduan Euskararen erreferente bihurtu da.

Laster, OEE eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzan osasunari buruzko euskal aldizkari zientifiko berria  argitaratuko da.

Ora et laboraz aparte, badira jolaserako eta elkarrekin gozatzeko uneak ere. Hartara, osasun-zentro eta ospitaletan euskaraz burutzen diren saio klinikoez gainera, hor daude bertso-saio klinikoak. Bertora datozen bertsolariei, OEEko kideak eurotariko batzuk, edozein gaixotasuneko sintoma, zeinu zein froga ematen zaie gaitzat bertsoak bota ditzaten. Parte hartzaileek, taldeka, bertsolariek zertaz ari izan diren asmatu behar dute. Sekulako lehia izaten da nork irabaziko eta saria nork eskuratuko. Afariak ematen die azken puntua.

Oraintsu orain, apirilaren 22an eta 23an hain zuzen ere,  XXVI. Biltzarra ospatu du Bilbon, gai honen inguruan: “Menpekotasunen aurrean…geure buruen jabe”. Izan ere gaur egungo gizartean autonomia garatzeko aukera eta aldarri gero eta gehiago izan arren badago egon menpekotasunerako joera handiagoa ere, egoera kontrajarriak bizi ditugularik. Eta hori argi eta garbi ikusten dugu osasun arloan dihardugunok. Era askotakoak izan daitezke menpekotasunok. Hori dela eta, hiru arlo desberdinetara zuzendu dira mahai-inguruak, menpekotasun mota gehiago izan arren, aukeratu beharra ere bazegoelako. Lehenengo mahai-inguruan Substantziekiko menpekotasunak aztertu dira; bigarrenean, substantzia gabeko menpekotasunak, eta hirugarrenean menpekotasun soziosanitarioa jorratu da.

Mahai-inguruez gainera, hiru tailer antolatu dira: talde-terapia, menpekotasunen balorazioa eta orientazioa, eta droga berrien detekzioa. Hamabi ahozko komunikazio aurkeztu dira eta beste horrenbeste poster. 192 lagunek hartu dute parte biltzarrean eta 42k tailerretan.

Mendekotasunaren aurrean nola jokatu

Substantzien kontsumoa eta horrek sortu dezakeen menpekotasuna ezaguna izan da gizarte eta kultura desberdinetan eta XXI. mendeko gizartea ez da salbuespena, baina, gaur egungo aldaketa demografikoak, teknologikoak eta sozialak direla eta, menpekotasun berriak sortzen ari dira etengabe. Substantzia eta substantzi gabeko kontsumo-eredu berriak sortzen dira eta kontsumitzeko testuinguruak aldatzen. Horrela menpekotasun zaharrei berriak gehitzen zaizkie eta sarritan ez da erraza batak eta besteak bereizten, euron artean desberdintasunik dagoen ala ez antzematen, zalantzak sortzen dira diagnostikoa egin eta tratamendua jartzerakoan.

Azkenik, biztanleriaren zahartze prozesua eta biziraupenaren luzapena kontuan hartuta, gero eta ugariago dira menpekotasun egoeran dauden adineko pertsonak.

Beraz, biltzarraren izenburuak dioenez, osasun-langileok nola jokatu dezakegun aztertzea eta gogoeta egitea eta, era berean,  herritarren burujabetasun-maila sustatzea hartu izan dira helburutzat.

Egun biko jarduna laburbiltzea ez da kontu erraza, ahaleginduko naiz, baina,  esandakotik zertzelada batzuk ematen. Droga ilegalen artean, kalamua da Euskal Autonomia Erkidegoan gehien kontsumitzen dena (bere kontsumoa legala da, ekoizpena eta salmenta, ostera, ilegalak). Droga berriak direla eta, hauexek euron ezaugarri nagusiak: sintesi-drogak dira; analogoak deiturikoak beste droga batzuen molekula-egitura aldaketatik sortzen dira, hauek bezain eraginkorrak dira eta orokorrean askoz ere merkeagoak; molekula ezberdinak direnez, legez kanpoko drogen zerrendetatik kanpo daude eta, beraz, esparru “alegalean” kokatzen dira.

Alkoholaren kasuan, zaharrak berri. Gazteak eta alkoholaren kontsumoa aztertu zen eta kritika egin osasun-alorretik ematen den arreta eta erantzuna oso ahula delako. 2000-2010. bitartean, Espainiako Estatuan Pediatriako Larrialdi Zerbitzuetan alkoholak sorturiko intoxikazioak hirukoiztu egin dira eta gero eta gazteagoak dira intoxikazioak jasaten dituztenak. Hori dela eta, gizarte arazoa dela argi izanda, Larrialdi Zerbitzuetan bertan esku-hartze arina eta laburra egitearen aldeko dira aditu asko.

Teknologia berriei dagokienez, Informazioaren eta Komunikazioren Teknologiek (IKT) erabateko aldaketak eragin dituzte eta adikzioa sortu dezaketen ala ez eztabaidagai da oraindino. Gazteak oso trebeak dira teknologion erabileran, “natibo digitalak” ere deitzen zaie, baina ez dute helduen esperientzia. Bizkaian egindako ikerketa batek erakusten duenez,  15-17 urteko gazteak dira bideo-jokoak, sare sozialak eta WhatsAppa gehien erabiltzen dituztenak; bideo-jokoak ohikoagoak dira mutiletan, sare sozialak eta WhatsAppa nesketan; adin tarte berekoak dira sare sozialak egunean 5 ordu baino gehiago erabiltzen dituztenak. Debekatu beharrean, IKTen alde on guztiei  etekin handiena ateratzen erakutsi behar zaie: heziketa eta prebentzioa ezinbestekoak dira horretarako.

Bestalde, menpekotasun egoera, adinagatik, gaixotasunagatik edo ezintasunagatik, eguneroko bizitzan oinarrizko ekintzak egiteko, beste hainbat pertsonaren laguntza behar duten pertsonen egoera da. Azpimarratzekoa hemen adinekoen aurkako tratu txarren gaia: tratu txar fisikoak, psikologikoak eta ekonomikoak. Ezkutuan egon den gai konplexua, ikerketa gehienetan %4 eta %12 arteko prebalentzia duena 70 urte edo gehiagoko pertsonen artean. Tratu txarrok detektatzeko tresna bat diseinatu da EAEn, bertako gizarte- eta osasun-zerbitzuetan ezartzeko asmoarekin; helburuak: prebenitzea, hautematea eta esku hartzea.

Babyboom belaunaldiaren zahartzaroaz, “Zahartzaroaren tsunamia” deiturikoaz be hitz egin zen: biztanleriaren zahartzea, biztanleria aktiboaren gutxitzea, zaharrak zaharragoak zaintzen, familiaren egitura aldaketak eta horrek zaintza ez formalean dakartzan eraldaketak. Horrek guztiak kontuan hartu beharreko gizarte mailako eraldaketa eta egokitzapena eskatzen ditu: elkar bizitzeko era solidarioagotik hasita produkzio sistemak  aldatzeraino.

Eta amaitzeko, tsunamiak harrapatu baino lehen, datorren urtekoa begien bistan, Bilbotik Nafarroako lagunei luzatzen diegu lekukoa. Han “Aniztasuna” izango da Biltzarraren gaia. Aupa zuok!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.