Raul Ibañezek 2011ko Zientziaren Zabalkundearen COSCE saria irabazi du

Raul Ibañezek 2011ko Zientziaren Zabalkundearen COSCE saria irabazi du
2011/07/01 | Elhuyar
Raul Ibañez matematikaria. Arg.: EHU.

EHUko Raul Ibañez irakasle eta ikertzaileak irabazi du 2011ko Zientziaren Zabalkundearen COSCE Saria, Espainiako Zientzia Elkarteen Konfederazioak ematen duena (COSCE). Ibañez European Mathematical Society-ko (EMS) Raising Public Awareness of Mathematics-eko kidea da, Espainiako Matematikaren Errege Elkarteko (RSME) dibulgazio-batzordearen antolatzailea, eta DivulgaMAT webguneko zuzendaria.

Zazpi urte baino gehiago darama Ibañezek matematika, geometria eta topologia kulturaren zati gisa zabaltzeko lanetan. Ibilbide horrek beste sari batzuk ere eman dizkio, hala nola 2010eko José María Savirón saria. "Oso pozik eta harro" azaldu da Ibañez jasotako sariarekin, eta, bide batez, zientzialariek eta, batez ere, unibertsitateak ikerketak zabaltzeko duten "beharra eta erantzukizuna" aldarrikatu du, "oso garrantzitsua baita jendeak ulertzea zertarako balio duen egiten dugun lanak".

Ibañezen ustez, zabalkundea oraindik zientzialariek --eta gizarteak-- dilindan duten ikasgaia da. "Orain gutxira arte ez zegoen oso ondo ikusita esatea matematiken zabalkundean egiten duzula lan, bereziki matematikarien artean; buru-belarri murgilduta geunden geure ikerketetan eta irakaskuntzan. Baina hori guztia aldatzen ari da", ziurtatzen du. Hala ere, Ibañezek dio zientzialariez gain gizarteak ere zeresan handia duela kontu horretan: "Gizartea ireki egin behar da, eta ahalegina egin behar du zientziaren zabalkundeak duen garrantzia ulertzeko. Zientziara hurreratzeko ahalegina egin behar du".

1
277
2011
7
010
Sariak; Matematika
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila