Nola berreskuratu tomatearen zaporea? Aurkitu dute modua

nola-berreskuratu-tomatearen-zaporea-aurkitu-dute-
Tomatea. Arg. Creative Commons

Gaur egungo tomateek zapore gutxi dute; horixe da kontsumitzaileen kexa nagusia. Elikagaiek eta beste sustantzia batzuek dastamenean eta usaimenean eragiten diguten sentsazioa da zaporea. Tomatearen kasuan, dastamena azukreek eta azidoek aktibatzen dute; usaimena, aldiz, konposatu lurrunkorrek. Eta, hain justu ere, konposatu lurrunkorren baitan dago zapore onaren gakoa.

Nazioarteko ikertzaile-talde batek zaporearen azterketa kimiko eta genetiko sakona egin du.  Horretarako, 398 tomate-barietateren konposatuen zaporea kuantifikatu dute. Ikerketaren arabera, tomate modernoek zaporearekin erlazionaturiko konposatu gutxiago dituzte barietate zaharragoek baino. Bestalde, barietate horien material genetikoa birsekuentziatuta, tomatearen zaporearen erantzule diren konposatu kimiko gehienen markatzaile genetikoak identifikatu dituzte. Ikertzaileek jakinarazi dute, halaber, aurreikus daitekeela konposatu lurrunkor jakin batzuen maila- eta zapore-aldaketa eragiten duen genea zein den. Science aldizkarian argitaratu da ikerketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila