Zergatik hilobiratzen ziren pertsona batzuk trikuharrietan eta beste batzuk kobazuloetan?

neolitoan-desberdintasun-sozioekonomikoak-egon-zit
Arg. Teresa Fernández-Crespo/EHU

Neolito garaiko hilobiratze-ohiturak hobeto ezagutzeko ikerketa egin dute EHUko eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek Arabar Errioxako hainbat txokotan. Izan ere, oraindik ez dakite zergatik hilobiratzen zituzten pertsona batzuk trikuharrietan eta beste batzuk kobazuloetan. Gehiago ikertu behar duten arren, badira ebidentziak erakusten dutenak Neolitoan jada pertsonen arteko desberdintasun sozioekonomikoak egon zitezkeela, eta horiek izan zitezkeela hilobiratze desberdinen arrazoia. Hala dio PLOS ONE aldizkari zientifikoan argitaratu duten lanak.

EHUko ikertzaile Teresa Fernández-Crespok abiatu zuen ikerketa Kantabriako mendilerroaren ingurutan. Neolito berantiarreko 166 giza hezurdura aztertu zituen, batzuen eta besteen dietan desberdintasunik ba ote zen jakiteko. “Jatea behar fisiologiko bat da, baina era berean, gizarteak eta kulturak baldintzatua egoten da dieta. Horregatik pentsatu genuen dieta aztertzeak pertsona horiek nor ziren jakiteko pistak emango zizkigula” –adierazi du ikertzaileak–.

Nitrogeno- eta karbono-isotopoen emaitzek diote bi taldeen dietak antzekoak zirela; batez ere, zekaleak (garia eta garagarra) eta abereak (behiak eta ardiak) jaten zituztela. Baina bada desberdintasun deigarri bat: kobazuloetan hilobiratutakoek karbono isotopoaren balio txikiagoa azaltzen dute.

Teresa Fernández-Crespok kobazulo eta trikuharrien kokapenarekin lotu du desberdintasun hori. “Kobazuloak Kantabriako mendilerroaren magaletan daude eta trikuharriak haranean. Mendilerroko eremu horiek haranekoak baino basotsuagoak dira, eta horregatik dira pobreagoak landareen karbono-balioak. Era berean, karbonotan pobreagoak izango dira landare horiez elikatzen diren animaliak, eta landare eta animali horiez elikatzen diren pertsonak ere”.

Arg. Teresa Fernández-Crespo/EHU

Neolitoko hezurretan ikusi den karbono-mailaren desberdintasuna bi egoeren isla izan daiteke: aukera bat da hilobiratze-ohitura eta ekonomia desberdineko bi komunitate izatea eta, bestea, komunitate bereko baina estatus sozioekonomiko desberdineko kideak izatea. “Baliteke kobazuloetan hilobiratuta zeudenek estatus txikiagoa izatea eta, hortaz, haraneko lur emankorrak ezin eskuratzea, eta megalitoetan hilobiratutakoek, ehorzlekua eraikitzeak lan-inbertsio handia zekarrenez, estatus handiagokoak izatea eta nekazaritzarako lur aberatsenak eskuratzeko aukera izatea” –dio Fernández-Crespok.

Azken hipotesi hori zuzena den argitzeko hortzetako isotopoak ikertuko dituzte hemendik aurrera. “Hortzak –hezurrak ez bezala– egonkorrak dira; ez dira eraldatzen urteak bete ahala. Horregatik, haurtzaroan hortzak sortzen ari ziren garaiko dietaren adierazle dira” –azaldu du ikertzaileak–. “Horrela argituko dugu desberdintasun horiek jaiotzetikoak diren eta, hortaz, bi komunitate desberdin diren, edo helduarora iritsitakoan sortzen diren desberdintasunak ote diren, eta beraz, urteekin gizartean estatus handiago bat hartu duten kideak ote diren trikuharrietan hilobiratzen direnak”.

Fernández-Crespo bere doktoretza-tesian hasi zen halakoak ikertzen, eta jada orduan ikusi zuen trikuharrietan gizonezko heldu gehiago hilobiratzen zirela, eta kobazuloetan, ordea, emakume eta haur gehiago.

Zalantzak zalantza, argitaratutako lanak Neolitoko hilobiratze-ohiturak ulertzeko modu berria jarri du mahai-gainean. Ez hori bakarrik, galdera berria ere plazaratu du komunitate zientifikoan: mendebaldeko Europan, Neolito garaian kokatu al daiteke desberdintasun sozioekonomikoen hasiera?

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.