Medikuntzako Nobela, erritmo zirkadianoaren mekanismo molekularra argitu dutenei

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jeffrey C. Hall,  Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jasoko dute  Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria. Hala erabaki du Karolinska Institutuak; eta arrazoia, honakoa: “erritmo zirkadianoa kontrolatzen duten mekanismo molekularren gaineko aurkikuntzengatik”.
medikuntzako-nobela-erritmo-zirkadianoaren-mekanis
Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young Arg. Nobel Fundazioa

Erritmo zirkadianoaren bitartez, bizidunak Lurraren errotazioari egokitzen dira. Sariaren berri ematean azaldu dutenez, XVIII. mendetik ezagutzen da. Hain zuzen, garai hartan ikusi zuen Jean Jacques d'Ortous de Mairan astronomoak minberaren hostoak ireki eta itxi egiten zirela, eguzkiaren argiaren arabera.

Gerora, beste ikertzaile batzuek frogatu dute animalien eta gizakien zelulek ere badutela erritmo zirkadianoa. Hark kontrolatzen ditu egunean zehar izaten diren aldaketak portaeran, hormona-mailan, loan, gorputzaren tenperaturan eta metabolismoan.

Makineria, piezaz pieza

1970eko hamarkadan, fruta-euliekin egindako ikerketetan, Seymour Benzerrek eta Ronald Konopkak ikusi zuten gene baten mutazioek eulien erritmo zirkadianoa asaldatzen zutela, baina ez zekiten nola. Period deitu zioten geneari.

Ikertzen jarraitu zuten, eta, 1984an, Jeffrey C. HallMichael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaile estatubatuarrek period genea isolatzea lortu zuten. Gero, Hallek eta Rosbashek gene horrek kodetzen zuen proteina aurkitu zuten, PER, eta ikusi zuten egunez metatu egiten zela, eta gauez, berriz, suntsitu.

Nola aktibatzen eta itzaltzen zen, ordea, period genea? Hori Michael Youngek argitu zuen, 1994an. Youngek erritmo zirkadianoaren kontrolean parte hartzen duen beste gene bat aurkitu zuen: timeless. Gene horrek kodetzen duen proteina, TIM, PER proteinara lotzen da, eta biak elkarrekin zelularen nukleora sartu eta period genea blokeatzen dute.

Hurrengo galdera zen ea nola kontrolatzen zen txandakatzearen maiztasuna. Youngek azaldu zuen hori ere. Beste gene bat topatu zuen, doubletime. Hark kodetzen duen proteinak, DBT-ek, PER proteinaren metaketa atzeratzen du. Horren bidez lortzen da erritmoa 24 ordu ingurukoa izatea.

Ikerketa horiek arlo oparo baten oinarri izan direla adierazi du Karolinska Institutuak, eta gizakien ongizatean duten garrantzia nabarmendu du. Izan ere, frogatu dute, bizimodua eta erritmo zirkadianoa bat ez datozenean kronikoki, areagotu egiten dela zenbait gaixotasun izateko arriskua, besteak beste, minbizia, neuroendekapenezko gaitzak, asaldura metabolikoak eta hantura. Bestalde, tratamendu farmakologikoak erritmo zirkadianora nola egokitu ere ikertzen ari dira, eraginkorragoak izan daitezen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila