Malariari aurre egiteko eltxo transgenikoak sortu dituzte

Sortutako eltxoek gaitasuna dute malaria eragiten duen bizkarroiarekiko erresitentzia populazioan hedatzeko

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

malariari-aurre-egiteko-balio-dezaketen-eltxo-tran
Anophelis stephensi eltxoak malaria transmitzen die pertsonei Arg. Jim Gathany / CDC

Malaria eragiten duen bizkarroiarekiko erresistenteak diren eltxo transgenikoak sortu dituzte Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek. Hautsak harrotzen ari den geneak editatzeko teknika berri bat erabili dute horretarako, eta teknika horri esker lortu dute eraldatutako eltxoen ia ondorengo guztiek heredatzea bizkarroiarekiko erresistentzia. Hala, eltxo basatietan aplikatuz gero, berehala zabalduko litzateke populazioetan.

Duela hiru urte, saguak malariarekiko erresistente egiten dituen antigorputzaren genea Anopheles stephensi eltxoaren genoman txertatu zuten. Eta ikusi zuten, malaria eragiten duen bizkarroiaren bizi-zikloa etetea lortzen zela eltxo horietan; eta, hala, malaria transmititzeko gaitasuna galtzen zutela. Arazoa zen, ezinezkoa zela gene hori eltxoen populazio basatietan hedatzea.

Orain, ordea, PNAS aldizkarian argitaratu dutenez, CRISPR/Cas9 teknika erabili dute eltxo transgeniko horiek sortzeko. Horrela lortu dute eraldatutako eltxo arren ondorengoen % 99k heredatzea antigorputzaren genea, eta ikusi dute genea aktiboa dela eltxo horietan. Hala, kalkulatu dute, 10 belaunaldi nahikoak liratekeela gene horiek populazio batean hedatzeko.

Hain zuzen ere, CRISPR/Cas9 teknika hautsak harrotzen ari da azkenaldian. Batetik, giza enbrioiak lehenengoz genetikoki eraldatzeko erabili zuten Txinan, eta, bestetik, ikertzaile eta adituak teknika hori zuhurtzia handiz erabiltzeko ari dira eskatzen (1,2,3), batez ere, eraldaketak populazioetan hedatzeko duen gaitasunagatik. Malariaren aurkako eltxo transgenikoak sortu dituztenek ere aitortu dute zuhurtziaz jokatzea derrigorrezkoa dela, eta, besteak beste, ongi neurtu behar direla, eltxo horiek populazio basatietan askatzeak izan ditzakeen eraginak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila