Lurra eta Ilargia, astro birakari azkar baten ondorio

Theia izeneko astro txiki batek eta oso azkar biratzen zuen gorputz batek egin zuten talka gure planeta-satelite sistema sortzeko

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

lurra-eta-ilargia-astro-birakari-azkar-baten-ondor
Arg. Bill Anders, Apollo8, NASA

Lurra eta Ilargia oso antzekoak dira konposizio kimikoari dagokionean. Horregatik onartu dute gaur egungo astronomoek Lurra-Ilargia sistema bi astroren arteko talka baten ondorioa dela. Baina talka horren simulazio teorikoak ez datoz bat neurtutako konposizioen antzekotasun horrekin. Simulazioen arabera, bien arteko aldea handiagoa izan beharko luke, Ilargia sortu zuen material gehiena talka egin zuten astroetako batetik datorrelako, Theia izeneko gorputz batetik. Simulazioak eta neurketak ez datoz bat, baina Harvard Unibertsitateko astronomo batzuek desadostasun hori konpondu dute simulazioen xehetasunak aldatuta.

Harvardeko astronomoek diote gakoa talkaren ondorengo errotazioan dagoela. Orain arte egin diren simulazio guztietan onartu da talka ondorengo momentu angeluarra Lurrak eta Ilargiak gaur egun dutenaren berdina zela, alegia, bi gorputzen errotazio-abiadurak gaurko egoerarekin koherenteak izan behar dutela. Kondizio hori logikoa da planeta-satelite sistema bere horretan kontuan hartuta. Baina Harvardeko Unibertsitateko astronomoek eguzkia ere sartu dute simulazioan eta dena aldatzen da.

Eguzkiaren eta Ilargiaren arteko erresonantzia gertatzen da, eta efektu horrek mantso dezake Ilargiaren errotazio-abiadura denboraren poderioz. Horrek esan nahi du litekeena dela, talkaren ondoren, Ilargia sortuko zuen materialaren diskoak uste baino azkarrago biratzea. Beraz, egoera horretara iristen den talkaren simulazioa ezberdina izango zen.

Harvardeko Unibertsitatekoek simulazioak egin dituzte oso azkar biratzen duen proto-Lur batetik eta Marteren tamainaren erdia duen gorputz batetik abiatuta. Gorputzaren abiadura 20 km/h eta inpaktu-angelua 17° izanda, talkaren ondorioz sortzen den sistemaren konposizioa eta gaur egun neurtu dena bat datoz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila