Litekeena da orain Marten dauden tresnak ez izatea gai bizi-arrastoak detektatzeko

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

litekeena-da-orain-marten-dauden-tresnak-ez-izatea
Atacama basamortuko eremu batean egin dituzte probak, Jezero kraterrarekin duen antzagatik. Arg. Armando Azua-Bustos

Ohartarazi dutenez, litekeena da Marten bizitza-arrastoak bilatzeko (eta aurkitzeko) helburua duten tresnek ez izatea hura detektatzeko behar adinako sentikortasuna. Ondorio horretara iristeko, Atacamako basamortuan (Txile) egin dituzte probak Espainiako Astrobiologia Zentroko eta Txileko Unibertsitateko autonomoko ikertzaileek.

Hain zuzen, Atacamako basamortuko eskualde batek eta Marteko Jezero kraterrak (Perseverance bizi-arrastoen bila arakatzen ari dena) antza handia dute geologikoki. Eskualde hori baldintza azidoetan eratu zen duela 160 eta 100 milioi urte bitartean, eta, han, laborategiko teknika oso sentikorrak erabiliz, mikoorganismo desagertuen eta bizien biosinadurak aurkitu dituzte. 

Mikroorganismoen kultiboak eta gene-sekuentziazioa eginda, ikusi dute DNA-sekuentzia asko mikrobioma ilun batetik datorrela, alegia, identifikatu ezin den eta jada desagertuta dagoen mikrobioma batetik. Marten erabiltzen diren laborategiko tresnak, ordea, ia ez ziren gai izan material genetiko horren biosinadura detektatzeko, haien atzemate-mugan baitzeuden.

Ikertzaileek ondorioztatu dute, duela milaka milioi urte Marten bizidunak egon baziren, oso zaila izango dela haien arrastoa detektatzea hango tresnekin. Horrenbestez, oso garrantzitsua deritzote laginak Lurrera ekartzea, hemen analizatu ahal izateko. Nature Communications aldizkarian eman dute ikerketaren berri

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila