Kontinenteen jitoa simulatzen

Kontinenteen jitoa simulatzen
2008/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Cornell Unibertsitatea)

New York-eko Unibertsitateko fisikari batzuek esperimentu erraz baten bidez azaldu nahi izan dute zergatik aldentzen diren Lurreko kontinenteak eta, gero, berriz elkartzen ehunka milioi urtean behin.

Lurrean lurrazalaren lodiera aldakorrak azpiko mantuaren konbekzio-korrontean duen eragina simulatu zuten. Hiru litroko tanga bat urez eta glizerinaz bete zuten, eta azpian xafla bero bat jarrita berotu zuten likidoa. Ura berotutakoan eta konbekzio-korrontea eratutakoan, hiru bat milimetroko diametroa zuten bolatxoz hondoaren azalera erdia bete zuten.

Beroak sortutako konbekzio-korrontearen eraginez, bolatxoak tangaren alde batean pilatu ziren. Hala, bolatxoek bidea oztopatu zioten xaflak igortzen zuen beroari, eta; hartara, bolatxorik ez zuen aldeak zuen orduan likidoa berotzeko indar handiena; eta korronteak noranzkoa aldatzea eragin zuen horrek. Orduan, bolatxoei bultzada gainetik iristen hasi zitzaien, eta mugitzen hasi ziren, ontziaren beste muturreraino iritsi arte. Han, berriz hasten zen prozesua.

Lurrean antzeko zerbait gertatzen dela esan dute fisikariek; Lurrean kontinenteen azpiko lurrazala askoz lodiagoa dela ozeanoen azpian dagoena baino. Hala, kontinenteek esperimentuko bolatxoek duten eragin bera izango lukete, eta Lurraren mantuak igortzen duen beroa oztopatuko lukete. Horren eraginez, beraz, aldian-aldian mantuko korronteek noranzkoa aldatuko lukete, eta horrek kontinenteak batetik bestera mugitzea eragingo luke.

1
245
2008
9
019
Geologia
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila