Kimikako Nobel Saria biomolekulen egitura aztertzeko kriomikroskopia elektronikoa garatu zutenei

Nobel Fundazioak JacquesDubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson zientzialariak saritu ditu 2017an, biomolekulen egitura aztertzeko kriomikroskopia elektronikoa garatzeko egin duten lanagatik. Dubochet Lausanneko Unibertsitatean ikertzailea da, Frank Columbiako Unibertsitatean eta Henderson MRC Ikerketa Medikuen Kontseiluan.
kimikako-nobel-saria-biomolekulen-egitura-aztertze
Jacques Dubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson Arg. Nobel Fundazioa

Giza begiarentzat ikusezina dena ikusgai bihurtzea gako izaten da, askotan, zientziak aurrera egiteko, eta Kimikako Nobel sariaren bidez, bizitzaren makinaria molekularra bera iruditan jarri izana aitortu die Nobel Fundazioak, Dubochet, Frank eta Hendersoni. Izan ere, kriomikroskopia elektronikoa garatu aurretik, zientzialariek jakin bazekiten zer funtzio zuten zeluletako molekuletako askok,  baina informazio eskasa zuten haien itxuraz. Aipatutako ikertzaile horiek errealitate bihurtu zuten lehen zaila zena. Hain zuzen, haiek garatutako kriomikroskopia elektronikoak izoztu egiten ditu erdi-mugimenduan dauden molekulak eta ikusgai bihurtu.

Hasiera batean, uste izan zen mikroskopio elektronikoek ez zutela balioko material biologikoaren irudiak lortzeko, irismen handiko elektroi-sortak materia bizia hondatu egingo zuelakoan. 1990an, baina, proteina baten irudi tridimentsionala erresoluzio atomikoan sortzea lortu zuen Ricard Hendersonek. Hala, agerian jarri zuen mikroskopia elektronikoaren ahalmena.

Bestalde, Joachim Frankek irudiak prozesatzeko metodo bat garatu zuen, eta lortu zuen mikroskopio elektronikoak ematen zituen irudi bidimentsional lausoak egitura tridimentsional garbi bihurtzea. Algoritmo matematiko haiek gabe oso bestelako bidea egingo zuen kriomikroskopia elektronikoak.

Azkenik, Jacques Dubochetek ura gehitu zion mikroskopia elektronikoari, eta ordura arteko arazo handi bati irtenbidea eman zion. Hain zuzen, mikroskopio elektronikoaren hutsean ura berehala lurruntzen zen, eta biomolekulak kolapsatu egiten ziren. Dubochetek biomolekulen inguruan ur likidoa solidifikatzea lortu zuen; hala, soluzioan mantenduta, biomolekulek ez zuten beren itxura galtzen. 

Kriomikroskopia elektronikoak bide oparoa egin du ordutik, eta gaur egun zientzialariek biomolekulen egitura tridimentsionalak erresoluzio handian eta erraz eskuratzen dituzte. Nobel Fundazioak azpimarratu duenez, "biokimika etorkizun zirraragarri baten atarian dago, zelularen edozein zoko maila atomikoan atzeman ahal izango baitugu".

Besteak beste,  azken urteotako adibide bat ekarri du gogora Nobel Fundazioak: susmatzen zutenean Zikaren birusa izan zitekeela Brasilen haurrak garuneko kalteekin jaiotzearen epidemia eragiten ari zena, kriomikroskopia erabili zuten birusaren argazkiak egiteko. Argazki tridimentsional haiek esker hasi ziren infekzioari aurre egiteko botikak garatzen. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila