Ingurumen-gatazketan emakumeak bereziki zaurgarriak direla baieztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ingurumen-gatazkeetan-emakumeak-bereziki-zaurgarri
Emakume bat eta haur bat artoa aletzen, gain batean. Behean, Quito (Ekuador) Arg. Diego Delso/CC-BY-SA

Ingurumenaren aldeko emakume ekintzaileek jasandako hilketak, lekualdaketak, errepresioa, auzipetze penakal eta jazarpen fisikoa jaso ditu Nature Sustainability aldizkariak. Zehazki, 2022tik ingurumen-gatazkei buruzko Ingurumen Justiziako Atlasean (EJAtlas) bildutako 523 kasu aztertu dituzte. Gehienak Latinoamerikan, Asian eta Afrikan izan ziren, baina Ipar Amerikan eta Europan ere gertatu ziren. Eta ohartarazi dute, biktimak emakumeak direnean, sarritan, ez direla dokumentatzen.

Artikuluaren arabera, esportatzeko asmoz baliabide naturalak erauztea gatazken iturria izaten da. Askotan, baliabideak dauden lurraldeko komunitateak militarki menderatzen dira, eta indarkeria erabiltzen dute ingurumenaren babeserako lan egitenen aurka. Gainera, baliabide materialak erauztearekin batera, arriskuan jartzen dira komunitateen ondasun kulturalak, espiritualak eta fisikoak ere. Egileek ekozidio hitza darabilte suntsipen hori definitzeko.

Ingurumen Justiziako Atlasean urarengaik, erregai fosilengatik, nekazaritzagatik eta deforestazioagatik sortutako gatazkak azaltzen dira, besteak beste. Ikertzaileek ingurumenaren aldeko 523 emakume aktibista identifikatu dituzte, eta baieztatu dute hegoalde geografikokoak direla gehienak. 81 kasutan, emakumeak hil zituzten: 19, Filipinetan, eta besteak, Brasilen, Kolonbian, Mexikon… Hala ere, iparraldean emakumeak ez daude salbu: 6 hilketa izan ziren AEBn eta Europan. 

Hilketak ez ezik, jazarpena, kriminalizazioa eta sexu-indarkeria ere aztertu dituzte, eta jakinarazi dute, seguru asko, kasuak jasota daudenak baino ugariagoak direla, maiz gutxietsi eta ezkutatu egiten baitira. Horrez gain, aipatu dute emakumeetako asko masa-indarkeriaren biktima izaten direla; hau da, mobilizazioen edo manifestazioen aurkako kasuetan.

Edonola ere, indarkeria-mota guztietan, emakumeak bereziki zaurgarriak direla azpimarratu dute; komunitateak pobretzeak ekartzen dituen ondorioetatik hasi, eta sexu-jazarpen zuzeneraino. Bestalde, indarkeria interesekzionala dela ere nabarmendu dute, emakume indigenak tartean daudenean negoziazioak eta haien aurkako indarkeria beste era batekoak izaten baitira.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila