Hizkuntzak ingurunearen ezaugarrietara moldatzen direla iradoki dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Seiehun hizkuntza baino gehiago eta haien jatorrizko ingurunearen ezaugarriak aztertuta, ondorioztatu dute hizkuntzen soinua ingurunearen araberakoa dela, neurri batean. Hain zuzen, eremu tropikaleko hizkuntzek bokal asko izateko joera dute, eta, aldiz, leku ireki eta hotzetakoek, kontsonante asko.
hizkuntzak-ingurunearen-ezaugarrietara-moldatzen-d
Arg. Wonderlane/CC.BY

Jakina da txori kantariek ingurunera moldatzen dutela beren kantua. Adibidez, basoetan bizi diren txoriek eremu irekietakoek baino maiztasun baxuagoetan abesteko joera dute. Zientzialarien arabera, horren arrazoia da zuhaitzek maiztasun handiko soinuak oztopatzen dituztela. Horrenbestez, horri aurre egiteko moldatuko lukete txoriek kantua.

Giza hizkuntzekin ere antzekoa gertatzen ote den jakiteko, Kaliforniako Unibertsitateko eta Frantziako Hizkuntzen Dinamika Ikertzeko Laborategiko ikertzaileek mundu osoko 633 hizkuntza eta haien jatorrizko lekuak aztertu dituzte. Azterketa horretatik kanpo utzi dituzte ingelesa, mandarin txinera eta gaztelania, sortu ziren eremu geografikotik kanpo ere oso zabalduta daudelako.

Azterketan, lekuen eta hizkuntzen ezaugarrien artean erlazioa dagoela ikusi dute: baso tropikaletan maiztasun txikiko soinuak eta kontsonante gutxiko hitzak erabiltzen dituzte; aldiz, leku hotz, lehor eta menditsuetako hizkuntzek kontsonante asko dituzte. Alde hori soinuek lekuaren arabera hedatzeko duten erraztasun edo zailtasunarekin erlazionatuta dagoela uste dute.

Nolanahi ere, ez da inguruneak hizkuntzaren soinuan eragiten duela erakusten duen lehen ikerketa. Hain zuzen, hizkuntzen eta klimaren arteko erlazioari buruzko beste ikerketa bat plazaratu zen urte hasieran PNAS aldizkarian.

Miamiko Unibertsitateko eta Max Planck Institutuko ikertzaileek egin zuten ikerketa hura, eta frogatu zuten airearen hezetasunak ahots-korden bibrazioan eragiten duela. Hori ikusita, pentsatu zuten horrek agian hizkuntzen ezaugarrietan eragingo zuela, eta, 3.700 hizkuntza baino gehiago aztertuta, baieztatu zuten tonu konplexuko hizkuntzak klima hezeetakoak direla, eta leku lehor eta hotzetan ez dagoela halakorik. Horrenbestez, ondorioztatu zuten giza hizkuntza, inguruneko baldintzen arabera garatzen dela, beste espezieen soinu-sistemak bezala.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila