Txorien kantuaren sekretuaren bila

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Mendian zabiltzala, ez al diozu inoiz zure buruari galdetu ea nola sor ditzaketen txoriek, animalia hain txikiek, halako soinu indartsu eta ederrak?

Erantzunaren bila 70.eko hamarkadako edozein entziklopediatan murgilduko bagina, ezer gutxi aterako genuke garbian. Gezurra badirudi ere, ez da hamarkada bat biologoak txorien kantuaren mekanismoari buruzko azalpen egokiak emateko gai direna. Azken urteotan ikertzaileek lortu dute txoriek mokoa geldiarazita eta zuntz optikozko endoskopio bat eztarrian behera dutelarik abestea, baita heliozko atmosferan ere. Haien arnasketa neurtu eta eztarriko muskuluen jarduera aztertu dute, ondoko emaitzarekin: abesteko gai diren txoriek ezaugarri komuna dute, bi ahots-kaxa . Horri esker bi gauza batera egiteko gai dira, beren buruarekin dueto bat osatzeko esaterako. Hala ere, galdera asko daude oraindik airean, adibidez, nola kanta dezaketen txoriek hain ozen.

Informazio eskasia horren azalpena txorien ahots-organoan, siringean, dago. Ugaztunetan laringea sudurrarekin lotuta dago eta horrek ikertzaileen lana errazten du, baina txorien siringea gorputzean ondo gordeta dago. Txoriek ez dute ugaztunek bezala arnasa hartzen. Hauspoen antzera jokatuz, airea biriketan zehar bultzatzen duten aire-poltsak dituzte; eta poltsa hauetako batek inguratuta, bihotz inguruko muskulu-mataza baten tartean, hantxe aurkitzen da intxaur-itxurako siringea. Gainetik, ilar txiki baten tamaina izango luke. Ulergarriak beraz hura aztertzeko zailtasunak!

Ikertzaileek ondokoa ere ikusi dute: abesteko gaitasunik ez duten hegaztiek, adibidez, ahate, oilasko edo loroek, siringea trakean kokatua dutela, justu hau biriketara doazen bronkioetan adarkatu baino lehenagoko tokian. Abesteko gaitasuna duten hegaztiek ordea, txinbo, hegatxabal edo txolarreek esaterako, beheraxeago kokaturik dagoen egitura bikoitza dute, honek bi bronkioak barne hartzen dituelarik.

Bikoiztasunari probetxua atereaz

Siringearen kokapena dela eta, ezinezkoa izan da urtetan hura jardunean behatu ahal izatea. Ondorioz, ikertzaileek zeharkako hurbilketak erabili behar izan dituzte, hala nola, muskulu bat moztu eta honen eragina aztertzea txoriaren kantuan. Nahiko metodo gogorrak beraz. Baina 1990. urtean, Roderick Suthers-ek, Bloomingtongo Indiana Unibertsitateko fisiologoak, hurbilketa berri eta leunago bat saiatu zuen: kirurgia bidez txorien bronkioetan aire-fluxua neurtzeko tresna txiki bat ezartzea hain zuzen. Horrela, zenbait egun geroago txoriek berriro kantuari ekin ziotenean, Roderick Suthers hots bakoitza txorien zein hodietatik zetorren jakiteko gai zen. Geroztik egindako antzeko saiakerek erakutsi dute txoriek, siringearen bikoiztazunari esker, kantu konplexuak osatzeko hainbat trikimailu dituztela.

Batzuk gai dira benetako duetoak osatzeko, bi ahotsak aldi berean erabiliz. Siringearen hodi batean nota gorakorra sor dezakete, bestean beherakorra sortzen duten bitartean, kantu oso harmonikoak eratuz horrela. Beste batzuek, berriz, txandaka erabiltzen dituzte bi hodiak. Horrela nota bat bestearen atzetik botako dute, azkar eta jarraian. Txori askok bozgorailuaren antzera erabiltzen dituzte siringearen bi hodiak. Ezkerraldea nota baxuetan trebatuta dute eta eskuinaldea berriz nota altuetan. Kardinalak, esaterako, kilohertz batetik zazpira leunki igotzen den nota sortzen du, 3,5 kilohertz inguruan ezker hoditik eskuinera igarotzen dena. Hala ere ez dago alde handirik siringearen bi hodien artean, ez tamaina, ez egitura aldetik. Dirudienez, alde banatan eragindako indar ezberdinetan datza trebetasun horren gakoa.

Suthers-ek aurkikuntza bitxia egin zuen kanarioek siringearen bikoiztasunari eman dioten erabileran: eskuinaldetik arnasten duten aldi berean ezkerraldetik abesten dute. Txorien bi birika-poltsak elkarri lotuta daude eta, ondorioz, nahiz alde bakarretik arnastu, bi birika-poltsak airez bete ditzakete. Lan-banaketa horri esker, kanarioak gai dira 30 "silaba"-ko kantu-sekuentzia luzeak jarraian botatzeko, baina baita segundoko soinu-segmentu laburrak sortzeko ere. Eta airerik gabe gera ez daitezen, "silaba" bakoitzaren ondotik arnas-hartze azkar bat egiten dute. Kantuan abiadura lortzea omen da helburua. Eta hori zergatik? Bada, azken ikerketa batzuen arabera, kanario emeek nahiago dituztelako azkar kantatzeko gai diren arrak.

Txorietatik gizakietara

Nahiz eta zientzialariak hasi diren txoriek siringea nola erabiltzen duten ulertzen, oraindik ezer gutxi dakite soinuak sortzeko erari buruz. Urtetan bi izan dira teoria nagusiak. Bataren arabera, siringeak duen estugune batean zehar airea pasaraziz sortuko lituzkete hotsak txoriek. Beste teoriaren ustetan berriz, siringearen hodiekiko zut loturiko tinpano-itxurako mintz baten bibraziotik datoz soinuak. Duela urte pare bat ordea, Utah-eko Unibertsitateko Franz Goller eta Danimarkako Odense Unibertsitateko Ole Larsen-ek ustegabeko aurkikuntza egin zuten. Zuntz optikozko endoskopioa txori baten eztarrian behera sartuta, siringea behatzea lortu zuten txoria kantuan ari zen unean. Ondorioa honakoa: siringeak gizakiaren ahots-aparatuaren oso antzera lan egiten duela. Kantuak dirauen bitartean, eztarriko muskuluek bi ehun-tolestura astun, kanpo- eta barne-ezpainak, airearen bidean kokatzen dituzte eta aireak pasatzean bibrazioan jartzen ditu, giza eztarrian ahots-kordekin gertatzen den antzera. Gainera, ustez soinuaren jatorri zen siringeko tinpano-itxurako mintza kenduta ere, txoriaren kantuan eragina oso txikia zela ikusi zuten.

Michale Fee-k, kamera antzeko bat erabiliz beranduago egindako ikerketa batean berriz, emaitza ezberdina lortu zuen: aipatutako mintzarekin batera ehun-talde bakarrak dardar egiten zuen. Ikerketa horretan ordea, ez zen txori bizidunik aztertu, txonta bati erauzitako siringea baizik. Muskuluen tentsio normala ez duen siringea beraz. Fee-ren New Jersey-ko Lucent Technologies' Bell Laboratories-eko taldeak beste behaketa bat ere egin zuen. Badirudi tarteka txoriaren siringeak era automatikoan lan egiten duela. Txontaren kantuan zenbait unetan kantua doinu garbitik burrunba zaratatsura pasatzen da bat-batean, joan-etorriko itzulian. Fee-k erauzitako siringeak trantsizio berberak agertzen zituen hodietan zehar airea abiadura gorakorrez pasarazten zenean. Horrek txontaren kantuaren aberastasunetako batzuk aire-fluxuaren aldaketa soilen emaitza izan daitezkeela iradokitzen du, eta ez garunean gauzatutako eragiketa konplexuen emaitza.

Baina siringea soinu-iturri den bezala, txoriaren eztarri eta ahoak badute zeresanik gure belarrietara iritsiko den kantuan. Bi bitarteko hauetan sortutako erresonantziek ikaragarri alda dezakete hasierako soinua. Efektu hori oso nabarmena da giza ahotsean ere. Izan ere, eztarri, aho eta hortzei esker bokal eta kontsonanteak osatzen ditugu. Bitartekari horiek dira era berean, norberaren ahotsa bakarra egiten duen tinbre-ezberdintasunen kausa nagusietakoa.

Arrazoi berberengatik, heliozko atmosferan hitz eginez gero, ohikoa baino ahots-tonu altuagoa izango dugu. Helioa airea baino arinagoa izanik, azkarrago garraiatzen du soinua eta normalean baino tonu altuagoko erresonantziak nabarmentzen ditu ahoaldean, nahiz eta ahots-kordetan gertatutako bibrazioaren maiztasuna ezer gutxi aldatzen den ingurune batetik bestera.

Txoriei ere antzeko zerbait gertatzen zaie. Badira hamar urte Stephen Nowiki etologoak bederatzi familia ezberdinetako txoriak helioz aberastutako atmosferan jarri eta beraien kantua grabatu zuela. Kasu guztietan maiztasun altuko tonuak jaso zituen, usakumeen kantuen antzerakoak, txoriek airezko atmosferan kantatzen zutenean agertzen ez zirenak. Emaitza horietan oinarriturik, mokoaren sapaiak iragazki gisa jokatzen duela postulatu zuen. Gune hau dela, eta ez besterik, siringeak sortutako soinuak anplifikatuz doinu erlatiboki puruak sortzen laguntzen duena. Baina kontuan izanda txori askoren kantuan zortzidun batetik besterako jauziak ugariak direla, iragazkia etengabe egokitu beharra dute une bakoitzean doinu egokia sortu ahal izateko. Txolarreen kantua aztertuz, ikertzaileak ohartu ziren hauek mokoa gehiago irekitzen dutela nota altuak botatzerakoan, horrela ahogunea txikitzea eta maiztasun altuagoko erresonantzia sortzea lortzen baitute.

Aurrerago egindako ikerketetan, txolarreen mokoa neurri finko bateraino irekita mantenduta, sortutako soinuak nolakoak izango ziren aztertu zuen Nowiki-ren taldeak. Horretarako, zenbait egunetan eta une labur batzuetarako mokoa lotu egiten zieten txolarrei, txoriak mokoa posizio horretan edukita kantuan hasteko gai izan ziren arte. Horrela jasotako kantuetan maizago azaltzen ziren tonu altuak bestela baino.

Txolarreak siringea, eztarria eta mokoa era bateratuan erabiltzera nola iristen diren ere aztertu zuen Nowikiren taldeak. Lehenengo urratsetan, noten doinua eta erritmoa egokiro eramaten ikasten dute txori gazteek eta amaieran berriz, ahots-aparatuaren osotasuna erabiliz nota puruak nola osatu.

Itxuraz osoki akademikoak daitezkeen ikerketa hauek guztiek dimentsio berria hartzen dute txorien ahots-sistema gizakien antzerako den neurrian. Michale Fee-ren ustetan, gizakien ahots-aparatuari buruz ikas genezake txoriaren siringea aztertuz. Bere argudioen arabera, giza ahotsa era artifizialean antzeratzeko egindako saiakerek porrot egin badute, ahots-aparatua ongi ezagutzen ez dugulako da, neurri batean bederen.

Fee jauna zuzen edo oker egon, mendira joango zaren hurrengo aldian bederen adi egon belarriak dioenari. Beharbada gai izan zaitezke txolarre gazte ezjakinak kantari non dabiltzan bereizteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila