Gripearen txerto unibertsala lortzeko bi saiakera itxaropentsu

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Elkarren artean zerikusirik ez duten bi ikertzaile-taldek gripearen aurkako txerto unibertsala lortzeko pausoak eman dituzte, eta biek aldi berean eman dituzte jakitera emaitzak, batzuek Nature Medicine aldizkarian, eta besteek Sciencen.
gripearen-txerto-unibertsala-lortzeko-bi-saiakera-
Gripearen birusaren egitura. Hemaglutinina enbor urdineko eta buru gorriko egitura da. Arg. M. Eickmann eta E. Herstellung/ Jabetza publikoa

Ikertzaileek urtero diseinatu behar izaten dute gripearen txertoa, birusak azkar mutatzen duelako. Hala, denboraldi bakoitzean, aurretik nagusitu den aldaeraren araberako txertoa egiten dute; baina txertoak ez du erabateko babesa ematen, denboraldiak aurrera egin ahala, birusak mutatu egiten duelako, eta, beraz, txertoa eraginkortasuna galtzen joaten da. Hori saihesteko, mutatzen ez duen birus-zatia identifikatu, eta horretan oinarritutako txertoak garatu dituzte bi taldeek.

Biek ere hemaglutinina izeneko proteinan jarri dute arreta, gripearen birusak izendatzean (H1N1, H5N1...) erabiltzen den H-an, hain juxtu. Proteina horrek bi zati ditu:,burua eta enborra. Buruak mutatu egiten duen arren, enborra oso egonkorra da, eta birus-aldaera guztietan antzekoa da. Horregatik, ikertzaileak saiatu izan dira enborrean oinarritutako txertoak egiten. Alabaina, txerto horiek ahulak dira oso: bururik gabe, enborra erori egiten da, eta antigorputzak ez dira hara lotuta geratzen.

Arazo hori gainditzeko erabilitako estrategian bereizten dira bi taldeak. Taldeetako batek, Nature Medicine aldizkarian argitaratu duenak ikerketa, hemoaglutininaren enborra egonkortzeko mutazio-konbinazio bat sartu du, eta nanopartikula baten bidez indartu du, behar den lekuan iraun dezan. Sciencekoak, berriz, beste mutazio-konbinazio baten bitartez, enborraren azpiunitateak berrantolatu eta muturrean jarri ditu; hori nahikoa izan da egitura egonkortzeko.

Oraingoz, animalietan bakarrik egin dituzte probak. Biek lortu dituzte oso emaitza onak saguetan, eta nahiko onak beste animalia batzuetan. Zehazki, nanopartikulan oinarritutako txertoa hudoetan probatu dute, eta bestea tximinoetan, eta nabarmentzekoa da gripe-aldaera hilgarri batekin egin dutela proba, H5N1ekin.

Horrenbestez, gaur egun erabiltzen diren txertoaren eraginkortasuna gainditzeko oraindik lan asko dute egiteko, baina, behintzat, pauso garrantzitsuak eman dituzte txerto unibertsala lortzeko bidean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila