Grabitatea ez da berdina munduko leku guztietan. Hori ez da berria; baina ikertzaile australiarrek eta alemaniarrek egin duten grabitate-mapa berriaren arabera, orain arte uste zena baino % 40 gehiago aldatzen da grabitatea munduan zehar.
GRACE satelitearen 7 urtetako datuak, GOCE satelitearen 2 urtetakoak, AEBko Inteligentzia Geoespazialeko Agentziaren datuak, eta datu topografiko eta batimetrikoak erabili dituzte mapa berria egiteko. Eta ordenagailu arrunt batek 80 urtetan egingo lukeen lana egin duen super-ordenagailu bat. Horrela lortu dute orain arteko grabitate-maparik zehatzena: hiru bilioi puntutako grabitatea ematen du, 200 metroko puntu bat. Mapa horren arabera, grabitate txikiena Andeetako Huascaran mendian dago, eta handiena Ipar Polotik gertu.