Gero eta ugaztun gehiagotan ari dira detektatzen hegaztien gripearen H5N1 birusa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gero-eta-ugaztun-gehiagotan-ari-dira-detektatzen-h
Arg. CDC

AEBko Nekazaritza Sailak baieztatu duenez, H5N1 birusa gero eta gehiago ari da hedatzen ugaztunetara. Azken jakinarazpenetako batean, adibidez, behitegi baten inguruko 66 saguk positibo eman dutela ezagutarazi du.

Ikertzaileek oraindik ez dute argitu kutsadura-katea. Jakina da behien esnean birus-kantitate esanguratsua egoten dela; horregatik, CDCk ezarri dituzten prebentzio-neurri garrantzitsuenetakoen artean daude esnea pasteurizatzea (gizakiak ez kutsatzeko) eta jezteko materiala desinfektatzea (hedatzea galarazteko). Ez dakite, baina, saguak behi-esnearen bidez kutsatu ote diren, edo hegaztien bitartez. 

Eta ez da hori hutsune bakarra, The Lancet aldizkariak bere editorial batean salatu duenez. Hain zuzen, izenburu hau du editorialak: “H5N1: nazioarteko akatsak eta egia deserosoak”. Haren esanean, gaixotasun infekziosoetan aditua den bati galdetuz gero A H5N1 influenzaz kezkatzen hasi beharko ote genukeen, ziur asko erantzungo du beti arduratu beharko genukeela gripeaz. Izan ere, adituek urteak daramatzate gripe-pandemia baten arriskuaz ohartarazten

Nahiz eta H5N1 birusa ez den bereziki arriskutsutzat hartu pertsonentzat, editorialak gogorarazi du  identifikatu zenetik (1996. urtean), 800 pertsona baino gehiago infektatu dituela, eta heriotza-tasa % 50etik gorakoa izan dela. 2020tik, endemiko bihurtu da hegazti-populazioetan, eta aurrekaririk gabeko animalia-pandemia eragin du, gutxienez 26 ugaztun-espezieri eragiten diena. 

2024ko udaberrian, agerraldi handi bat izan da AEBko behitegietan. Abereen eta gizakien gaixotasunekin zerikusia duten gobernuko sailak hainbat neurri ezarri dituzte egoerari aurre egiteko. The Lancet-en ustez, ordea, ezinbestekoa da erantzun sendoagoa ematea, nazioarte-mailan. Premiazkotzat jotzen du, besteak beste, infektatutako animalien eta elikagaien probak, zaintza eta jakinarazpena hobetzea; animaliak txertatzea; informazio gardena partekatzea; giza txertoak garatzea eta biltegiratzea; eta abeltzainen artean babes-neurriak sustatzea. 

Gogora ekarri du, halaber, ekainaren 1ean amaitu zela OMEren 77. biltzarra, eta ez dela lortu pandemiak prebenitzeko eta haiei erantzuteko hitzarmena adostea. Hala ere, prozesua oraindik ez da amaitu; 2025eko maiatzerako adostasuna lortzeko itxaropenarekin jarraitzen dute. Ordura arte, hitzarmen esanguratsu eta eraginkorrik ez izateak osasunerako nazioarteko mehatxuei (H5N1, adibidez) behar bezala erantzuteko gaitasuna mugatzen duela irizten dio editorialak.

Eta beste egia deseroso bat ere mahaigaineratu du The Lancet-ek: zoonosiak giza populazioetan duen hedapena, azken batean, gure bizimoduetatik eta gizakien eta animalien artean dugun elkarrekintzatik eratortzen da. Bukatzeko, Osasun Bakarra estrategiari lehentasuna emateko beharra azpimarratu du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila