Karolinska Institutukoek garunaren GPSa deitu diote posizionatze-sistema horri. Lehen pausoa John O'Keefek eman zuen, 1971n, sistemaren oinarrizko zelula batzuk, leku-zelulak, aurkitzean. 2005ean, berriz, sistema nola osatzen eta egituratzen den azaldu zuten May-Britt Moser eta Edvard I. Moserrek. Hirurek arratoiekin egin zituzten ikerketa horiek, baina, nabarmendu dutenez, berriki pertsonetan egindako ikerketek erakusten dute guk ere badugula antzeko sistema bat.
Hain zuzen, sariaren berri ematean, Karolinska Institutuak gogorarazi du Alzheimerren gaitzaren hastapenetan kalteak azaltzen direla GPSarekin lotutako eremuetan, eta pazienteak ez direla gai izaten ingurua ezagutzeko eta orientatzeko. Horrenbestez, haien esanean, GPSa ezagutzea oso da garrantzitsua gaixotasuna ulertzeko bidean.
John O’Keefe 1960ko hamarkadan hasi zen garuna ikertzen. Espazioan nahi zuten lekuetatik mugitzeko aukera zuten arratoiekin ikertzen ari zela, arratoiek leku jakin bat hartzen zutenean, zelula batzuk aktibatzen zirela ohartu zen. Zelula horiek hipokanpoan daude, eta “leku-zelula” deitu zien. Horrez gain, frogatu zuen zelula horiek ez zirela mugatzen ikusten zutena gordetzera; inguruaren mapa osatzen eta gordetzen zuten.
Hiru hamarkada geroago, May-Britt eta Edvard Moser espazioan mugitzen ziren arratoien garun-jarduera aztertzen ari ziren. Eta konturatu ziren, hipokanpoan ez ezik, beste eremu batean ere zelulak aktibatzen zirela. Kortex entorrinala izena du eremu horrek, eta hango zelulek espazioan mugitzeko gaitasuna ematen duten sareak osatzen dituztela frogatu dute.
Azaldu dutenez, kortex entorrinaleko zelula batzuek buruaren norabidea kontrolatzen dute, eta, beste batzuek inguruneko mugak ezagutzen dituzte. Zelula espezializatu horiek sareak osatzen dituzte, eta hipokanpoko leku-zelulekin konektatuta daude. Hala, guztien artean, posizionatze-sistema oso bat eratzen dute, garunaren GPSa.
Karolinskakoen arabera, garunaren GPSa ezagutzeak paradigma-aldaketa bat ekarri du, zelula espezializatuek, elkarrekin arituta, funtzio kognitibo konplexuak egiteko gaitasuna dutela erakusten baitu. Beste prozesu kognitibo batzuk ulertzeko ere baliagarria dela gehitu dute, hala nola oroitzea, pentsatzea eta planak egitea.
Aipatzekoa da May-Britt eta Edvard Moser senar-emazteek John O'Keeferen gidaritzapean hasi zirela ikertzen garunaren posizionatze-sistema. Gerora, hirurek ere saritu dizkieten ikerketekin jarraitu dute, eta horren erakusgarri dira argitaratu dituzten azken ikerketak. Bidean, onarpen eta sari ugari jaso dituzte; tartean, 2014ko Neurozientzietako Kavli Saria eman diote O’ Keeferi, neurozientzia kognitiboan egindako ekarpenengatik.