Espezie inbaditzaileak kontrolatu nahirik

Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, espezie horiek jatorrizko lurraldean zituzten etsaiak erabiltzeko asmoa dute.

Landare eta animalia inbaditzaileak biodibertsitatearentzat mehatxurik handienetakoa dira, habitata desagertzearen ondoren.

Landare eta animalia horiek, lekuz aldatzean, atzean uzten dituzte lehen zituzten etsaiak, hala nola, harrapariak eta parasitoak.

AEBetan inbaditzaile zabalduenetariko bat karramarro berde europarra da. Karramarro hori itsasontzien lasta-uretan iritsi zen ziurrenik Estatu Batuetako mendebaldeko kostara eta ordutik zabalduz joan da. Jatorriz, Europako eta Afrika iparraldeko Atlantikoko kostakoa da. Karramarro txiki eta urria da. AEBetan, ordea, handia eta ugaria da, eta, itxura denez, gaixotasunik eta parasitorik gabea, bertan ez baitu etsai naturalik.

Hori ikusirik, inbaditzaile horiek kontrolatzeko eratako bat jatorrizko etsaiak erabiltzea izan daitekeela uste dute adituek, ekosistema horiek oreka berreskura dezaten.

Dena den, ez dugu ahaztu behar kontrol biologikoak ere badituela arriskuak. Lehenago ere erabili izan dira jatorrizko habitateko birus eta parasitoak inbaditzaileak kontrolatzeko. Adibiderik ezagunena Australiakoa da, eta han ondorioak kontrolaezinak zirela ikusi zuten. Ekosistemetako oreka berreskuratzea zein zaila den erakusten digu horrek.

Hori dela eta, onena inbasioa gertatu aurretik geldiaraztea da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila