Elebidunen garunak mekanismo berezia erabiltzen du hizkuntza batean ari delarik menperatzen duen beste hizkuntzak ez oztopatzeko. Ondorio horretara iritsi dira Alemaniako Otto von Guericke Unibertsitateko neurofisiologoak katalana eta gaztelania menperatzen zituztenen talde bat eta gaztelania soilik zekitenen beste bat aztertuta. Ikerketa Nature-n argitaratu dute eta garun-aktibitatearen neurketetan oinarritzen da.
Esperimentuan, bi hizkuntzetako hitzak entzunarazi zizkieten nahasian, eta tartean baziren esanahirik gabeko hitz faltsuak ere. Gaztelaniazko hitza entzun orduko, botoi bat sakatu behar zuten. Gaztelania besterik ez zekitenen erantzunak zertxobait azkarragoak izan ziren; hala ere, aldea txikiegia da adierazgarria izateko. Horren arabera, elebidunek katalaneko hitzak ezagutzen badituzte ere, esanahiaz jabetu baino lehen alboratzen dituzte, eta, horretarako, nahikoa dute hitzen doinua bereiztea.