COVID iraunkorrari aurre egiteko Paxlovid antibirala probatzen ari dira

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-iraunkorrari-aurre-egiteko-paxlovid-antibira
Ikertzen hasi dira ea Paxlovid antibirala eraginkorra den COVID iraunkorra tratatzeko. - Arg. Pfizer

Standford Unibertsitatean saio kliniko bat egiten ari dira, ikusteko ea Paxlovid antibirala eraginkorra den COVID iraunkorra tratatzeko. Berez, Paxlovid onartuta dago SARS-CoV-2 infekzioaren lehen fasean hartzeko, COVID-19aren sintoma larriak prebenitzeko. Eta ikerketa batzuek iradoki dute tratamendu horrek txikitu egiten duela COVID iraunkorra izateko arriskua.

Bestalde, COVID iraunkorra garatzeko mekanismoak ez dira ondo ezagutzen, baina hipotesietako baten arabera, zerikusia izango luke birusak gorputzeko zenbait lekutan irautearekin.

Horrenbestez, saio klinikoan probatu nahi dute ea birusa Paxloviden bidez desagerraraztea eraginkorra den COVID iraunkorra sendatzeko, edo, behintzat, sintomak apaltzeko. Boluntarioek (denek ere, COVID iraukorraren sintomekin) 15 egunez hartuko dute Paxlovid edo plazeboa, eta ondoren jarraipena egingo zaie, eraginkorra izan ote den ikusteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila