Jaio berritan estresa pairatzeak heldutan depresioa izateko arriskua nola handitzen duen argitu dute

bizitzaren-hasierako-estresak-geroko-depresiorako-
Arg. Pixabay

Science aldizkariak argitaratutako lan baten arabera, jaio eta handik egun gutxira sagu kumeek estresa pairatzeak epe luzeko eragina du haiengan. Hain zuzen ere, ikusi dute estres goiztiarra pairatu duten saguak heldutan sentiberagoak direla egoera estresagarriekiko eta depresiorako arrisku handiagoa dutela. Ikerketak horren atzean dagoen mekanismo molekularra argitzeko balio izan du.

Estres goiztiarra eragiteko, sagu jaioberriak amarengandik 2-4 orduz banandu dituzte, eta amaren arreta desordenatua jaso dute. Heldutan egoera estresagarrien aurrean jarri dituztenean, ikusi dute hasieran estresa pairatu zutenek harreman sozialak ekidin dituztela eta egoera zailen aurrean mugiezin geratu direla. Esaterako, igeri egitera behartzen dituen egoera baten aurrean jarri dituztenean, aurrera egin ezinik geratu dira.  

Aurretik bazeuden ikerketak estres goiztiarrak epe luzera depresio-arrisku handitzen duela frogatzen zutenak, pertsonekin zein beste animaliekin egindakoak, baina argitu gabe zegoen zer gertatzen zen haien garunean. Ikerketa honek erakutsi du estres horrek garuneko eremu tegmental bentralean –hain zuzen gogo-aldartean eta depresioan inplikatuta dagoen eremuan– geneen erregulazioa aldatzen duela. Hain zuzen ere, Otx2 transkripzio-faktorearen kontzentrazioak behera egiten du eta horrek 6 generen espresioan eragiten du.

Estresa pairatu gabeko saguei Otx2 transkripzio-faktorearen kontzentrazioa nahita eraldatu dietenean, ikusi dute Otx2-ren kontzentrazioa txikitzeak estres biologikoarekiko sentikorragoak bihurtu dituela, estres goiztiarra pairatu balute bezala; kontzentrazioa handitzeak, ordea, bizitzaren hasierako estres horren ondorioak murrizten ditu. Hortaz, lanaren egileek adierazi dute Otx2-ren erregulazio-mekanismoa ulertzeak lagundu lezakeela bizitzaren hasieran gerta litezkeen ezbeharren eragina murrizteko moduak asmatzen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.