Bihotzekoak eragindako kalteak leheneratzeko estrategia genetikoa

Bihotzeko muskulu-zelulak birsortu eta organoa osatzea lortu dute mikroRNAk erabilita

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

bihotzekoak-eragindako-kalteak-leheneratzeko-estra
mikroRNAk txertatuta bihotzeko muskulu-zelulak ugalarazi eta kalteak konpontzea lortu dute Triesteko ikertzaileek. Arg. Eulalio et al.

Bihotzeko muskulu-zelulak apenas ugaltzen dira helduaroan, eta, ondorioz, bihotzekoak jota kaltetutako eremuak nekez etortzen dira bere onera. Kardiomiozitoek jaioberritan eusten diote ugal gaitasunari, denbora labur batez, baina, ondoren, helduaroan, oso proportzio txikian berritzen dira. “Munduan 17 milioi pertsona hiltzen da urtean arazo kardiobaskularren ondorioz —dio Mauro Giacca ikertzaileak—  helduaroan bihotza ez delako bere burua konpontzeko gai; horregatik, oso pozik gaude, uste dugulako aurkitu dugula bihotzeko zelulen birsortzea abiarazteko modu bat”.

Triesteko ICGEB Medikuntza Molekularreko Laborategian egindako ikerketaren burua da Giacca. Han, mikroRNAk erabili dituzte saguen eta arratoien bihotzeko muskulu-zelulak ugalarazteko, eta oso emaitza onen berri eman dute gaurko Nature aldizkarian. “MikroRNAk RNA txikiak dira, berez sortzen ditu gorputzak, eta milaka gutxi batzuk daude kodetuta gure genoman. Bakoitza gai da ehunka genetan eragiteko, eta, ondorioz, zelulen programak aldatzeko. Guk kardiomiozitoak areagotuko zituzten mikroRNAk aurkitu nahi genituen”, azaldu du artikuluarekin batera argitaratutako bideoan.

MikroRNAk horiek zein ziren aurkitzeko, giza mikroRNA molekulen katalogoa hartu, eta, banan-banan probatu dituzte denak, saguen eta arratoien bihotzeko muskulu-zeluletan. 40k areagotu zuten arratoien eta saguen kardiomiozitoen ugaritzea in vitro probetan. Arratoietan eta saguetan eragin hori badute, litekeena da gizakietan ere berdin jokatzea,  eta, “hortaz, oso tresna interesgarriak izan zitezkeen inoiz gizakion bihotzeko muskulu-zelulak ugalarazteko”

Ikertzaileek, analisi sakonagoak egin zituzten 40 mikroRNA horietatik birekin: hsa-miR-590-3p eta hsa-miR-199a-3p. Alde batetik, arratoi jaioberrien bihotzetan txertatu zituzten, eta, ikusi zuten biek sustatzen zutela kardiomiozitoen ugaritzea. Bestetik, bihotzekoa izandako arratoi helduei ere txertatu zizkieten bi mikroRNAk, eta, haietan ere eragin bera izan zuen. Hau da, mikroRNAk bihotzean txertatuta, Triesteko ikertzaile-taldea gai izan da kardiomiozitoen birsortzea berraktibatzeko. Giaccaren esanean “helduaroan ere bihotzeko zelulak ugalaraz daitezkeela frogatzen du aurkikuntza honek, eta ez zelula amen bidez, baizik eta zelulek berez duten ugal gaitasunaz baliatuta, mikroRNA botika genetiko gisa erabiliaz”.

Emaitzak itxaropentsuak dira, kardiomiozitoak ugaritzen dituztelako, batetik, eta, bestetik, txertatutako bi mikroRNA horiek ez dutelako eraginik izan bihotzeko beste zelulen ugalketan, nahiz eta oraindik oso goiz den jakiteko bihotzean kardiomiozitoak ugalarazteak kalterik sor dezakeen epe luzera. Halaber, aurrerapauso bat da aurkitzeko zer mekanismok geldiarazten duen bihotzeko muskulu-zelulen ugalketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila