Besoa, malnutrizioaren adierazle

Malnutrizioa gorputz-masaren indizearen (GMI) bidez neurtzen da, hau da, pertsona baten masa zati altueraren karratuak ematen duen zenbakiaz. Zenbaki hori 16 baino txikiagoa denean, malnutrizioa latza izaten da. Indizeak haurrekin asmatzen du, baina helduekin, berriz, askotan egiten du kale. Izan ere, zahartzaroan bizkarrezurra konprimatu eta uzkurtzen denean, dagokion baino indize handiagoak lortzen dira.

Ondorioz, helduen malnutrizioari oso arreta gutxi eskaintzen zaio. Higienearen eta Medikuntza Tropikalen Londresko Eskolako Suraiya Ismail ikertzailearen taldeak besoen luzeraren eta pertsonaren pisuaren arteko erlazioa zein den aztertu du, eta GMI indizearen adierazle egokia dela ikusi dute.

Horrenbestez, pertsona zaharren nutrizio-egoera ezagutzeko adierazle hori erabiltzea proposatzen dute. Ikerketa Etiopian egin dute, baina arazoa herri pobre guztiena da eta, gutxietsia egon bada ere, eskala handikoa. Izan ere, kalkuluen arabera, 50 urte barru 60 urtez gorakoen % 80 herrialde horietan biziko da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila