Balea perversa generoko barraskiloek hegan egiten dute

Balea perversa generoko barraskiloek hegan egiten dute
2006/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Balea perversa generoko barraskiloek bidaia luzeak egiten dituzte hegaztien zangoetara itsatsita. Barraskilo horiek Europan garatu ziren arren, munduko beste hainbat lekutan topatu dituzte haien ahaideak.

Europatik oso urrun topatu dituzte Balea perversa-k. Urrunen, Azore uharteetan. Hango Tristan da Cunha irlan, generoa zortzi espezietan banatu da. Horrek esan nahi du duela denbora asko iritsi zela barraskiloa irla hartara, hots, gizakia hara iritsi baino askoz lehenago. Itsasontzietan barraskiloak garraiatu izanaren hipotesia baztertuta dago, beraz, eta, horren partez, indarra hartu du bektore-lanak txoriek egin izanaren hipotesiak. Izan ere, Balea perversa espezieko barraskiloek ezohiko lerde itsaskorra dute, eta horrek aukera ematen die hegaztien zangoetara itsasteko.

Hipotesi berri horrek azalduko luke, gainera, nola barraskiloek joan eta etorriko bidaia egin duten, Europatik Azoreetara, eta, atzera, Europara. Ikertzaileak ondorio horretara iritsi dira barraskiloen mitokondriako DNA aztertuta.

Barraskilo bidaiari horiek izugarri distantzia luzeak egiten dituzte, inondik inora, kontuan hartuta zango bakarra dutela. Zenbait landarek, distantzia luzeak egiteko, ur-korronteak, haizea edo beste animalia batzuk erabiltzen dituzte, baina hori ez da horren ohikoa animalia-erreinuan.

Berriak labur
6
1
219
2006
4
013
Eboluzioa; Zoologia
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila