Ar-usaina aditzeak, eta, beraz, baita ikertzailea gizonezkoa izateak ere, estresa eragiten die laborategiko sagu eta arratoiei. Hori ondorioztatu du Jeffrey Mogil McGill Unibertsitateko ikertzaileak gidatutako taldeak, sexu bateko eta besteko ikertzaileen aurrean saguek eta arratoiek dituzten erantzunak neurtuta. Ohartarazi dutenez, fenomeno horrek eragin nabarmena du ikerketa medikuetan; horrenbestez, ikertzaileen sexua aintzat hartzeko faktorea izan beharko lukeela proposatu dute.
Nature Methods aldizkarian argitaratu dute artikulua, eta han azaldu dutenaren arabera, ikertzaileak gizonezkoak direnean saguek eta arratoiek min gutxiago sentitzen dute, emakumezkoak direnean baino. Ikertzailea sexu batekoa edo bestekoa izan, minaren eskalan % 40ko aldea zegoela ikusi zuten. Nonbait, lehen ere batzuek ikusi zuten hori gertatzen zela hainbat ikerketatan, baina orain arte inork ez zuen fenomenoa berariaz aztertu. Orain, berriz, fenomenoa baieztatzeaz gain, zer neurritan eta zergatik gertatzen den ikertu du Mogilen lan-taldeak.
Esperimentuen bidez, frogatu dute gizonezkoen aurrean mina arintzea ez dagoela lotuta minaren mekanismoarekin, estresarekin baizik. Hau da, ikertzailea gizonezkoa izateak ez du eragin analgesikoa; aitzitik, estres-eragilea da. Eta estres horrek apaltzen du, denbora-tarte batez, mina. Saguetan eta arratoietan kortisol-maila neurtuta frogatu dute hori (estresaren hormona ere deitzen zaio kortisolari).
Hala ere, ikertzaileek ikusi dute kortisol-maila areagotzeko ez dela beharrezkoa ikertzailea han egotea: nahikoa da gizonezko batek erabilitako elastiko bat egotea, edo besazpiko lurrina botatzea. Are gehiago, gizonezkoen pareko eragina dute beste espezietako arrek, hala nola katuek, saguek zein akuriek.
Ar-usainaren eragina zenbaterainokoa den ikusita, ikertzaileek aintzat hartzea aholkatu dute, ikerketa medikuetan sor daitezkeen desbideratzeak zuzentzeko.