EHUko eta Aranzadiko ikertzaileek egindako azterketa batek agerian jarri du Euskal Herriko nerabeek biodibertsitatearen ezagutza mugatua dutela, batez ere bertoko animalia eta landareei dagokionez. Gazteen artean analfabetismo ekologikoaren zantzuak ikusi dituzte, eta biodibertsitatearen eta klima-larrialdiaren baitan, gizartean ezagutza hori bultzatzea ezinbestekoa dela uste dute zientzialariek. Neurriak hartzera deitu dute.
12-13 urteko 1.000 gazteri ezagutzen dituzten animalia eta landareak zerrendatzeko eskatu zaie ikerketan, eta % 7,4k bakarrik izan du hamar landare izendatzeko gaitasuna. Bataz beste, lau edo bost landare izendatzeko baino ez dira gai izan. Landareekiko itsutasuna identifikatu dute gazteen artean.
Oihana Barrutia Sarasua EHUko ikertzailearen esanetan, hainbat jarrera biltzen ditu sindrome horrek: “Ez dute landareetan arretarik jartzen, ez dute haien gaineko oinarrizko ezagutzarik, eta, beraz, gutxietsi egiten dituzte. Ez dute ulertzen landareen garrantzia, eta, ondorio kezkagarri bat du horrek: ez dute hautematen planetaren iraunkortasuna bermatzeko zenbateraino diren garrantzitsuak landareak, eta zer helburu eskuratzen lagundu gaitzaketen”.
Animaliak izendatzeko gaitasun handiagoa azaldu den arren, bertoko espezieekiko ezagutza txikia dutela geratu da agerian. Exotikoak eta nazioarteko ikono bihurtutakoak aipatu dituzte, batez ere. Bertoko espezieekiko kontzientziarik eza identifikatu dute ikertzaileek. “Biodibertsitatearen galera eta klima-aldaketa dira gizarte honetan daukagun erronkarik handietako bat. Nola egingo diogu aurre, biodibertsitatearen gure ezagutza gero eta urriagoa bada? Ez da txikikeria bat”, hausnartu du Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko ikertzaileak. “Espezie kanpotarren kolonizazioa da biodibertsitatearen gainbeheraren arrazoi nagusietako bat. Eta bertako espezieak ezagutzen baditugu bakarrik hasiko gara ulertzen hemengo ekosistemak eta ingurumenak nola funtzionatzen duten”.
“Hemen galzorian dauden espezie asko daude, eta ez dira ohartzen zer arrisku ekar dezakeen horrek”, gaineratu du Barrutiak. “Errazago emango lukete dirua panda hartza babesteko hemengo arrabio bat babesteko baino. Agian, Euskal Herrian bertoko espezie ikono batzuk aukeratu beharko genituzke”.
Espezie ikonikoak
Ikertzaileak kezkatuta azaldu dira bertoko bizidunekiko arreta eta memoria kolektiboa murrizteak espezieen desagertze soziala ekar baitezake, eta biodibertsitatea berreskuratzeko helburuak kolokan jarri. “Frogatuta dago espezieak ezagutzeak eta izendatzeak haiekiko atxikimendua sortzen duela”.
Gehien aipatzen zuten bertoko animalia otsoa da. % 0,7k bakarrik aipatu dituzte anfibioak, hain zuzen desagertzeko arrisku handiena dutenak. “Zer sinbolizatzen du otsoak?”, dio Sanz-Azkuek. “Otsorik ez dago Euskal Herrian orain, Araban bakarrik sartzen da noizbehinka. Ikusi ez duten bat da izendatuena? Horrek esan nahi du animaliak ez dituztela ezagutu naturarekin duten harreman zuzenean, baizik eta dokumentaletan eta zooetan, agian”.
Gizartearen isla
Gazteengan ikusi dena gizarte osoaren isla dela uste dute ikertzaileek. Alegia, belaunaldi zaharragoek ere badutela zailtasun hori. “Hausnarketa sakon bat egin eta etorkizunera begira transmisioa nola egin nahi dugun diseinatzeko aukera dugu orain”.
Ikerketan argitu nahi izan dute ba ote duten gazteen faktore sozio-ekonomikoek eraginik bizidunen ezagutzan, eta ikusi dute haien herriaren tamainak eragiten duela, batez ere. Herri txikietan bizi direnek hiritarrek baino gaitasun handiagoa dute bertoko bizidunak ezagutzeko.
Hezkuntzaren erronka
Ikertzaileen ustez, hezkuntza gako izan daiteke biodibertsitatearen alfabetizazioa berreskuratzeko eta egungo ingurumen-arazo larriari aurre egiteko. Eskoletan erabiltzen diren liburu eta material audiobisualak bertoko espezieen ingurukoak izatearen garrantzia azpimarratu dute, esaterako. Eta, Sanz-Azkueren ustez, “natura ez da ikasgela barruan ikasten, kanpo-espazioetan egin behar da. Eta matematika edo ingeleseko klaseak prestatzen diren bezala, kanpo-espazioetan egiten diren klaseak ere prestatu egin behar dira”.
“Hasteko, garrantzitsua da irakasleak egoki formatzea eta bertoko espezieen ezagutzan sakontzea, gazteen arazo bera izaten baitute. Horrez gain, ezinbestekoa da metodologia bat lantzea, bertako bizidunak ezagutarazteko eta natura nola behatu behar den transmititzeko. Testuinguru horretan, haurrak berak hasiko dira ezagutza eskuratzen eta galderak planteatzen. Sortutako hipotesi horien inguruan eztabaidatzen saiatu behar da, bertan sortzen diren egoera txikietatik abiatuta”. Naturarekiko atxikimendua sortzea da, besteak beste, hezkuntzaren egungo erronka handietako bat.
Naturaren eta kulturaren arteko harremana gehiago ikertu behar dela ikusi dute ikertzaileek, eta horretarako, gako ikusten dute unibertsitateko ikertzaileek eta hezkuntzako eragileek elkarlanerako zubiak eraikitzea. Environmental Education Research aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak. Barrutia eta Sanz-Azkuerekin batera, Aritz Ruiz-González eta José Ramón Díez López EHUko ikertzaileek ere hartu dute parte.
Elhuyarrek garatutako teknologia