Amaren menopausia orka semearen biziraupenaren mesedetan da

Menopausia ondoko amaren heriotzak 14z biderkatzen du kume ar helduak hiltzeko arriskua

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

amaren-menopausia-orka-semearen-biziraupenaren-mes
Orka ama kumeak. Orka emeak, 40 urteinguruan ugalkor izateari uzten dioten arren, 90 urtera arte bizi ohi dira. Arg. David Ellifrit / Baleak Ikertzeko Zentrua

Orka emeak, 40 urte inguruan ugalkor izateari uzten dioten arren, 90 urtera arte bizi ohi dira. Menopausia ondorengo bizialdi luzearen azalpen ebolutiboen bila, bi orka-populazioren jarraipena egin dute Exeter Unibertsitateak zuzendutako ikerketa baten bidez, eta ikusi dute amaren heriotzak 14 bider handitzen duela kume ar helduak —30 urtetik gorakoak— hurrengo urtean hiltzeko probabilitatea. Ondorioz, ikertzaileek uste dute menopausia ondorengo bizialdi luzea adaptatiboa dela orken kasuan, eta kumeak zuzenean lagunduz areagotzen dutela amek beren geneak transmititzeko probabilitatea.

Ikerketan, 589 banakoz osatutako bi orka-populazio eta ia lau hamarkadatako behaketa-datuak erabili dituzte ikertzaileek. Bi orka-populazioak Ipar Pazifikoan bizi dira, Estatu Batuetako eta Kanadako kostaldean, eta populazio egonkor eta egoiliarrak dira. Halako orka-populazioak familiatan antolatuta bizi dira: kumeek amarekin ematen dute bizi osoa, eta 4-5 belaunaldiz osatutako taldetan bizi dira. Alaben kumeak taldean geratzen dira, eta, semeak, berriz, taldetik kanpo ugaltzen dira.

Hain zuzen ere, ikerketaren arduradun Emma Fosterren esanean, kume arren ondorengoak taldetik kanpo hazteak azalduko luke zergatik eragiten dion askoz ere gehiago amaren heriotzak kume ar helduen biziraupenari emeenari baino. Izan ere, ama hil ondoko urtean eme helduak hiltzeko probabilitatea bostez bakarrik biderkatzen da: “Alabaren kumeek ez bezala, semeen kumeek ez dute ez aitaren ez amonaren babesik behar; hortaz, [ikuspegi ebolutibo adaptatibotik] kume ar helduei lagunduz eta haien biziraupena eta ugaltze-arrakasta bermatuz lortzen dute orka emeek etekin handiena”, adierazi dio Science aldizkariari.

“Ikuspegi biologikotik, oso kontzeptu arraroa da menopausia”, dio Fosterrek. Orkez gain, menopausia ondorengo hain bizialdi luzea beste bi espezietan izaten da: gizakian, eta pilotu-izurdean. “Hiru espezie horien ezaugarri komuna da oso gizarte egitura egonkorrak dituztela, eta horrek laguntzea errazten du”, gaineratu du.

Gizakiaren kasuan, Amonaren hipotesiaren bidez azaltzen da menopausiaren balio adaptatiboa, amonek biloben biziraupenari lagunduz lortuko luketelako onura ebolutiboa, beren geneen transmisioa. Orka egoiliarren kasuan, berriz, seme-alabek jasotzen dute zuzenean laguntza, eta, bereziki, seme helduek, Exeter Unibertsitateko ikerketaren datuen argitara. Hipotesi adaptatiboa indartze aldera, mekanismoa da orka-populazioetan ikertu nahi duten hurrengo gauza: hau da, zertan laguntzen dieten zehazki amek kume helduei, amaren heriotzak halako eragina izan dezan haien biziraupenean.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila