ALEXANDER FLEMING

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Bakteriologo eskoziar hau, Loudoun-en (Ayrshire-n) jaio zen 1881. urteko abuztuaren 6an. Ikasketak Kilmarnock Akademian burutu zituen eta 1902an Londresko Unibertsitatean medikuntza ikasteko beka lortu zuen.

Hasieratik erakutsi zuen bakteriologiarako interesa; gaixotasunen kimioterapiarako bereziki.

Lehen Mundu Gerran, Royal Army Medical Corps-en ihardun zuen lanean. Han, saiakuntzak egiten hasi zen, 1922. urtean lisozima deituriko proteina aurkitu zuelarik. Proteina hau, malko eta mukietan egoten da, eta zenbait bakterioren aurka jokatzen du.

Flemingen aurkikuntzarik garrantzitsuena ustegabean gertatu zen. 1928an Londresko Unibertsitatean irakasle zelarik, estafilokoko germenekin lanean ihardun eta estali gabe utzi zituen. Egun batzuk geroago, hauekin egin beharreko lanak bukaturik, germenak zituen ontzia botatzera zihoala, bertara lizun-izpi batzuk erori zirela ohartu zen. Izpi bakoitzaren inguruan, bakterioak desagertu egin zirela ikusi zuen.

Flemingek, lizuna isolatu egin zuen Penicillium notatum izena emanez. Lizunak, azken momentuan bakterioen hazkuntza inhibitzen zuen konposaturen bat produzitzen zuela pentsatu zuen. Bakterio-mota ezberdinekin egin zituen saiakuntzak. Batzuek hazten segitzen zuten. Beste batzuek aldiz, ez. Geroago, substantzia kimiko honen efektuak aztertu zituen eta hori oso garrantzitsua izan zen, odoleko zelula zuriei aplikatzeko. Penizilina bakterioentzat pozoitsua bazen ere, odoleko globulu zuriei ez zien ondorio txarrik eragin.

Baina Fleming ez zen kimikaria eta ezin zuen aurkitutako substantzia isolatu eta identifikatu. Jendearen arretarik ere ez zuen gehiegi erakarri aurkikuntza hark. Bigarren Mundu Gerra hasi eta egoera guztiz aldatu zen. Bakterioen aurka jokatzen zuten substantzia berriak aurkitzea ezinbestekoa zen soldadu zaurituentzat. Horregatik, Flore eta Chain mediku britainiarrak, penizilinarekin lanean hasi ziren eta arrakasta handia izan zuten.

Handik urte batzuetara, Waksman mikrobiologo estatubatuarrak, antibiotiko izena eman zion penizilinari. Baina substantzia hau aurkitu eta aplikatu bitartean denbora asko igaro zen, eta tarte horretan, Domagk mediku alemaniarrak, sulfamidak aurkitu zituen. Nahiz eta hauek guztiz antibiotikoak izan ez, sendagai miragarrien aroari hasiera eman zioten.

Hala ere, penizilinaren balioa ezagutu zen eta 1944. urtean, Fleminek, Florey eta Chainekin batera, medikuntzako Nobel saria jaso zuen. 1945ean berriz fisiologiakoa jaso zuen. Fleming, Londresen hil zen 1955. urteko martxoaren 11n.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila