Mundu digitala

Ber2Tek: beste aurrerapauso bat euskararentzako teknologietan

2015/05/27 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Poliki-poliki, ordenagailuak-eta ari dira gizakiaren hizkuntzak menderatzen eta, oharkabean, gero eta gehiago komunikatzen gara haiekin lengoaia naturala erabiliz eta gero eta gehiago laguntzen digute makinek hizkuntzaarazoekin (itzultzen, zuzentzen…). Baina, euskaraz ere bai? Zorionez, Ber2Tek-en gisako ikerketa-proiektuei esker, euskaraz ere txukun samar egiten dute gailu digitalek.

Etxeak ere adimendun

2015/02/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Gailu digital bati mota askotako sentsoreak, sarerako konexioa eta software aurreratua jarriz gero, smart edo “adimendun” izena emateko joera hartu dugu (horrela hartu behar da, koma artean, adimendun izendapena). Gure eguneroko bizimoduko gauza asko “adimendun” bihurtuz joan dira, edo bihurtzen ari dira: smartphoneak (telefonoak), smartwatchak (erlojuak), smartTVak (telebistak), automobil benetan automobilak… Zein izango den joera horren hurrengo elementua? Sar gaitezen etxe adimendunen munduan.

Web enkriptatu baterantz?

2015/01/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Edward Snowden AEBko CIA eta NSA agentzietako langile ohiak azaleratu zuenetik gobernuek gure sareko komunikazio eta datuak atzeman eta zelatatzen dituztela, areagotuz joan da sareko pribatutasunarekiko kezka. Eta ez bakarrik erabiltzaileongan: sarearen arduradun eta ingeniariek ere badute kezka hori, eta apurka-apurka web seguruago bateranzko bidea hartu dute.

Teknologia haptikoa, ukimen-interfazeen feedbacka

2014/11/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Makinekiko interfazeetan, oraintsu hizketa bidezko aginduak apur bat erabiltzen hasi garen arte, eskuak izan dira sarrera-bide nagusia (edo bakarra?): teklatua, sagua, joysticka, trackpad-a, urruneko agintea… Baina makinaren outputa, aldiz, beti ikusmenaren eta entzumenaren bidez jaso izan dugu. Ez al dago modurik ukimenezko feedbackik jasotzeko? Bada, horretaz arduratzen dira teknologia haptikoak.

Smartwachak, adimena (esku)muturrera miniaturizatua

2014/10/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Smartphoneen eta tableten ondoren, beste gailu-mota bat ari da agertzen duela urtebetetik edo: smartwatch edo eskumuturreko erloju adimenduna. Smartphoneak telefono bat baino askoz gehiago diren bezala, smartwatchak ere ohiko erlojuez harago doaz. Eskumuturrean eramateko ordenagailu txikiak dira, eta hainbat sentsore eta haririk gabeko konexio dituzte. Baina kontzeptua smartphonearena ez bezalakoa da, nahitaez, tamainaren muga dela eta.

Gizakia ala makina?

2014/09/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

"Reading-eko Unibertsitatetik / dator notizia / makina bat izan dela / gizakitzat hartua". Ekainean, komunikabide ugaritan agertu zen berria: ordenagailu-programa batek, lehenbizikoz, Turing-en testa gainditu zuen. Beraz, horrek zer esan nahi du, makina adimendunak gure artean ditugula jada? Badirudi ez dela hainbesteraino, baina, gutxienez, parada eman du adimen artifizialaz, gizakiak eta makinak bereizteko testez eta abarrez filosofatzeko.

Partekatzea: ekonomiaren aro berri bat?

2014/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Duela urte batzuk P2P teknologiek Internet bidez fitxategiak partekatzea ahalbidetu zutenean, ikus-entzunezko edukien industria horren aurka altxatu zen, beren eredu ekonomikoari kalte egiten ziolako. Azken urteetan, sarean bestelako gaiak partekatzeko zerbitzuak sortu eta hedatu dira: automobil-bidaiak, ostatua, finantziazio-gastuak... Horiek erasandako sektoreak edukien industriaren aurkako jarrera bera erakusten ari diren arren, joerak geldiezina dirudi.

Irakurri beharrean, entzun

2014/04/02 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Gizakien arteko komunikazio modu zaharrena eta ohikoena hizketa bidezkoa den arren, ordenagailuekiko elkarrekintza, tradizioz, idatzizkoa edo bisuala izan da. Azkenaldi honetan, baina, makinekiko ahots bidezko komunikazioa gero eta gehiago ari da hedatzen, eta hizketa automatikoki gero eta hobeto tratatzeko gai dira. Hemen ere ari gara horretan lanean, eta Elhuyar aldizkaria eta Zientzia.net, irakurri beharrean, entzun egin daitezke orain.

Errealitate birtualaren bigarren aukera

2014/03/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Errealitate birtualaren kontzeptua aspaldikoa da, eta hamarkadak dira errealitate birtualeko sistemak eta gailuak garatzen hasi zirela. Baina haietako batek ere ez zuen lortu emaitza benetan onik, eta are gutxiago arrakastarik merkatuan; hala, bada, azken urteotan, gutxi hitz egin da teknologia honetaz. Edonola, teknologiak asko egin du aurrera, eta benetan ongi dabiltzan gailu eta sistemak agertu dira azkenaldi honetan. Errealitate birtualaren behin betiko lehertzearen atarian ote gaude?

Modulartasunaren itzulera

2014/02/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Gure etxe eta lantokietan ezagutu genituen lehen gailu informatikoak mahai gaineko ordenagailuak izan ziren, eta jaun eta jabe izan ziren urte askoan. Haietako gehienak modularrak ziren, hau da, banatu zitezkeen partez osatuta zeuden: mikroprozesadorea, plaka, memoria, disko gogorra, soinu-txartela, txartel grafikoa, pantaila... Baina, gaur egun, bestelako gailu digital ugari erabiltzen ditugu, adibidez, eramangarriak, tabletak edo smartphoneak, eta haietan guztietan osagai horiek denak (edo gehienak) banaezinak dira. Horrek desabantaila ugari ditu; nabariena, zerbait haustean dena bota behar izatea. Hala ere, baliteke laster joera horri berriz buelta ematea.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group