Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Nire ibilbidean eragin handiena izan duen gertakaria oso gazte nintzela gertatu zen. Izan ere, 16 urte nituen gizakia Ilargira iritsi zenean. Baina, berez, zuri-beltzeko irudi lauso haiek bultzatu ninduten Ilargiaz eta espazioaz gehiago jakin nahi izatera, eta horregatik ikasi nuen Fisika.
Aurrerago, lizentziatura eginda nuenean, Voyager 1 eta 2 zundek Jupiterren eta Saturnoren irudiak bidali zituzten. 1980 eta 1981. urteak ziren, eta ordura arte inoiz lortutako irudi garbienak eta gertukoenak ziren, bai urruneko planeta haienak bai haien ilargienak. Txundituta utzi ninduten, eta doktoretza justu gai horretan egitea erabaki nuen, Kanadako behatokian. Horiek dira, beraz, nire ibilbide zientifikoaren abiapuntuak.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?
Nire lan-eremuan, zientzia planetarioak eta Eguzki Sistema, gustatuko litzaidake bizi-arrastoren bat topatzea Marten. Hain zuzen ere, guk NASAren misio batean parte hartzen dugu, Marte 2020, eta nire desioa horixe izango litzateke: bizi-zantzuaren bat aurkitzea han, oso oinarrizkoa izango bada ere. Eta misio horretan ez bada, hurrengoren batean izan dadila.
Horrek sekulako iraultza ekarriko luke, ez bakarrik zientzia planetarioen arloan, baita zientzia biomedikoetan ere. Izan ere, ikusiko genuke zein diren biziaren oinarriak. Gerta liteke gurearen berdina izatea; orduan, gure buruari galdetuko genioke guk eraman ote dugun hara bizia, edo handik etorri den, edo unibertsala den... Eta berdina ez balitz, beste galdera batzuk sortuko lirateke, eta auskalo zer ekarriko zukeen horrek. Edozein modutara, maila filosofikoan eta etikoan ere ikaragarrizko eragina izango zukeen.
Urrutiago joanda, exoplanetetan ere bizi-zantzuak topatzea gustatuko litzaidake, orain ditugun teleskopio espazialen bidez, edo Lurreko gero eta teleskopio handiagoen bitartez. Teleskopioekin bizia aurkitzea ezinezkoa da, baina, behintzat, bai biziarekin erlazionatutako arrastoak: oxigenoa, ura... Ez dakit gertatuko ote den, edo noiz izango den, baina benetan gustatuko litzaidake.
Elhuyarrek garatutako teknologia