Mary Somerville, zientzia-dibulgazioaren dama

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

mary-somerville-zientzia-dibulgazioaren-dama
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Gurasoek ez zuten ulertzen alabak matematikarako hartu zuen grina hura. Eta kezkatuta zeuden hainbeste ordu ikasten pasatzeak ez ote zion osasun-arazorik ekarriko. Baina setatia zen Mary, eta bere kabuz ikasten jarraitu zuen, matematikan eta astronomian garaiko aditu handienetako bat bihurtu arte.

1780an jaio zen Eskozian Mary Fairfax. Ez zuen ia hezkuntzarik jaso. Anaiek bai, hezkuntza ona izan zuten, baina gurasoek ez zuten horren beharrik ikusten alabentzat. Hamar urterekin, urtebetez bidali zuten eskolara, irakurtzen eta idazten ikas zezan. Ez zen esperientzia atsegina izan Maryrentzat. Gerora idatziko zuenez, eskola uztean “kaiolatik ihes egindako animalia basati bat bezala” sentitu zen.

Etxean, berriz, aurkitzen zituen liburu guztiak irakurtzeari ekin zion. Familiakoek ez zuten begi onez ikusi liburuetarako joera hura; Osaba Thomasek izan ezik. Haren etxera joan zen batean kontatu zion Maryk latina ikasten saiatzen hari zela, bere kabuz; eta osabak erantzun zion berak lagunduko ziola. Goizero, gosaldu aurretik, elkarrekin latinez irakurtzen hasi ziren.

Neskatxa batentzat egokia zen zerbait ikas zezan, josten ikastera bidali zuten. Eta, gero, pianoa eta pintura ikastera. Hamahiru urte zituela, pinturako irakasleari entzun zion beste ikasle bati esaten Euclideren Elementuak lana funtsezkoa zela perspektiba ulertzeko, eta baita astronomia eta beste zientzia batzuk ulertzeko ere. Jakin-mina piztu zitzaion Maryri. Anaia gaztearen tutoreak lortu zion liburu hura, eta gero, baita aljebrari buruzko hainbat testu ere. Garaiko neskatxa baten papera betetzen zuen bitartean, sekretuan ikasten jarraitu zuen.

1804ean, hogeita lau urte zituela, ezkondu egin zen. Eta senarrak ere ez zion lagundu. “Ikastea debekatu ez zidan arren, ez zuen begi onez ikusten; nahiko iritzi txarra zuen emakumeen gaitasunari buruz, eta zientzia-gaietan ez zuen inolako ezagutzarik ez interesik”. Hala ere, egoera hark ez zuen asko iraun, hiru urtera hil baitzen senarra.

Ordurako bi ume zituen, baina konturatu zen bazuela nahiko denbora berriz ere ikasten hasteko. Gainera, senarrak utzitako herentziak erraztu egiten zuen hori. Bizitzan lehenengoz, erabat aske sentitzen zen desio zuena egiteko. “Ikasi nituen trigonometria laua eta esferikoa, ebakidura konikoak eta Fergussonen Astronomia. Newtonen Principia irakurtzen ere saiatu nintzen. Izugarri zaila iruditu zitzaidan, eta benetan ez nuen ulertu denbora batera berriz lan zoragarri hori maiztasun handiz irakurtzen hasi nintzen arte”.

1812an berriz ezkondu zen, William Somerville lehengusuarekin, osaba Thomasen semearekin. Londresera joan ziren bizitzera, eta senarraren erabateko babesa izan zuen Maryk ikasten eta ikertzen aritzeko. Zirujaua zen William, eta Royal Societyko kide egin zuten. Emakumeek sartu ezin zutenez, hango liburutegian eskuz kopiatzen zituen emaztearentzat interesgarriak ziren artikuluak.

Garaiko zientzialari puntakoenen lagun egin ziren: George Airy, Caroline eta William Herschel, John Herschel, George Peacock, Charles Babbage eta abar. Eta 1817an, Parisen egin zuten egonaldi batean, Laplace, Poisson, Poinsot eta beste hainbat ere ezagutu zituzten.

Denak txundituta gelditzen ziren Maryren jakintza eta talentuarekin. Laplacek honela esan zion: “Hiru emakumek soilik ulertu naute: zerorrek, Mrs. Somerville, Caroline Herschelek eta Mrs Greig delako batek, zeinaz ez dakidan ezer gehiago”. Hirugarrena ere Somerville zen, lehenengo senarraren abizenez.

Mary Somervillek 1826an argitaratu zuen bere lehen artikulua: “The Magnetic Properties of the Violet Rays of the Solar Spectrum”. Eta haren atzetik, beste pare bat. Royal Societyk argitaratu zituen lan haiek. Emakume batek sinatutako lehenak ziren, eta hautsak harrotu zituen horrek.

Hurrengo urtean, Laplace-ren Mécanique Céleste lana ingelesera itzultzeko eskaera egin zioten. Erronka onartu, eta 1831an argitaratu zen Mechanism of the Heavens. Somervillek ez zuen itzulpen soil bat egin; Laplaceren lana interpretatu zuen, hizkuntza argia erabiliz, eta azalpen garbiak emanez. Dibulgazio-lan bikain bat idatzi zuen, eta sekulako arrakasta izan zuen.

Handik hiru urtera bigarren liburu bat idatzi zuen: The connection of the physical sciences. Arrakasta handia izan zuen hark ere. Seigarren edizioan (1842), garai hartan hainbat zientzialariren ahotan zebilen hipotesi baten alde idatzi zuen: Uranoren orbitaren irregulartasunak ezagutzen ez zen beste planeta batek eraginak izan zitezkeela. Eta proposatu zuen Uranoren orbitan zeuden akats horietatik kalkula zitekeela planeta ezezagun haren kokapena eta masa. Le Verrier frantsesak eta Adams ingelesak egin zituzten kalkulu horiek, bakoitzak bere aldetik, eta ia aldi berean. Adamsek gerora Somervilleri kontatu zionez, haren liburuan irakurritakoak eraman zuen kalkulu haiek egitera. 1846an Galle alemaniarrak Le Verrieren kalkuluak jarraituta aurkitu zuen Neptuno.

1835ean Royal Astronomical Societyko kide egin zuten Somerville, Caroline Herschelekin batera; ohore hura jaso zuten lehen emakumeak ziren. Ingalaterrako erregeak pentsio bat jarri zion, eta beste hainbat erakunderen ohoreak ere jaso zituen.

1838an, senarraren osasunagatik, Italiara joan ziren. Han beste hainbat lan argitaratu zituen; garrantzitsuena 1848an, 69 urte zituela: Physical Georgraphy. Hurrengo 50 urteetan eskola eta unibertsitate guztietan erabiliko zuten liburu hura.

Somervilleren azken liburua, Molecular and Microscopic Science, 1869an argitaratu zen, 89 urte zituela. Handik hiru urtera hil zen, hau idatzi eta gutxira: “Nire 92. urtean nago orain; erabat gortua nago, eta memoriak huts egiten dit eguneroko kontuetarako, eta, bereziki pertsonen izenetarako, baina ez gai matematiko eta zientifikoetarako. Oraindik gai naiz goi-mailako aljebrako liburuak irakurtzeko lau edo bost orduz goizetan, eta baita problemak ebazteko ere. Batzuetan zailak egiten zaizkit, baina nire betiko setak bere horretan jarraitzen du, eta gaur lortzen ez badut, bihar ekiten diot berriz”. 

ITURRIAK:

O’CONNOR, J.J.; ROBERTSON, E.F.(): “Mary Fairfax Greig Somerville”. MacTutor History of Mathematics Archive.

SOMERVILLE, M. (1780-1872): “Personal Recollections, from Early Life to Old Age, of Mary Somerville”. Project Gutenberg 

WOOD, S.(1995): “Mary Somerville”. Biograhpies of Women Mathematicians (Agnes Scott College)

ZUASTI, N.: “Mary Somerville”. DivulgaMAT.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.