UTM, geografia modernoaren errege

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

UTM, geografia modernoaren errege
2010/09/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Guillermo Roa)

"Ez galdu denbora latitudearekin eta longitudearekin". Aholku hori entzuna da GPS gailuen erabiltzaileen artean. Latitudea eta longitudea lurrazaleko puntu bat zehazteko metodo klasiko bat da, eta oso sartuta daukagu gure kulturan. Baina ez da bakarra, eta ez da beti erabilgarriena.

Geografiarekin lotutako gailu elektronikoek egiten dituzten kalkuluak, adibidez, sinpletu egiten dira, graduak, minutuak eta segundoak erabili beharrean, koordenatu cartesiar sinpleak erabilita. Horregatik, nahiz eta longitudea eta latitudea ez diren desagertu (eta seguru asko ez dira desagertuko), gero eta ohikoagoak dira beste koordenatu-sistema batzuk. Gaur egun, UTM da ohikoena.

Latitudea eta longitudea bi angeluren balioak dira; UTM koordenatuak, berriz, distantziak. Esate baterako, latitudez eta longitudez adierazita, Donostiaren posizioa 43° 19' 15" N eta 1° 59' 04" W da; UTM koordenatuak erabilita, berriz, 30T 582347 m E 4796937 m N. Zenbakiek konplexuagoak dirudite, baina m hori metroak direnez, errazagoak dira maneiatzen angeluak baino. Donostiatik Bilborako distantzia, adibidez, sistema tradizionalean kalkulatuta angelu bat da (gero distantzia bihurtzen duguna), baina UTM sisteman zuzenean metrotan kalkulatzen da.

Hala ere, ez da kasualitatea sistema zaharrak iraun izana. Abantaila asko ditu. Puntu bateko latitudeak poloetarako distantziaren ideia ematen du. Informazio hori metrotan emanda, zenbaki handiegia da intuizioz ulertu ahal izateko; nolabait, errazagoa zaigu angelua erabiltzea. Gainera, oso errotuta dago kontzeptu hori, eta mende askoan erabili dute, adibidez, nabigatzaileek.

Mercator eta UTM

Latitudearen eta longitudearen sistemarekin batera, nabigatzaileek Mercator proiekzioa erabili dute mapetan. Beste proiekzio-aukera asko ere badaude, lurrazala hiru dimentsioko gorputz bat izanda, bi dimentsiotan irudikatzeko modu asko daudelako. Edozein mapa egiteko lurrazala proiektatu egin behar delako dira, hain zuzen, proiekzioak. Ez dago proiekzio perfektua. Lurrazalaren ezaugarri bat ondo irudikatzeko, beste batzuk deformatuta geratzen dira. Mercatorren proiekzioak distantziak eta angeluak irudikatzen ditu ondo; ibilbideak irudikatzeko aproposa da. Horregatik izan zuen arrakasta nabigazioan.

Arrakasta horrek gaur arte iraun du; ez dugu ordezkatu Mercatorren proiekzioa. Hala ere, teknologiak aurrera egin ahala, hobetu egin dugu. Eta hori da UTM sistemaren proiekzioa: Mercator proiekzio hobetua. UTM terminoak Universal Transverse Mercator esan nahi du; hain zuzen ere, zeharkako Mercator unibertsala.

Biak, Mercator eta UTM, proiekzio zilindrikoak dira; papera Lurraren inguruan jarri izan balute bezala daude marraztuta mapak; lurrazalaren zirkunferentzia oso bat ukituko balitz bezala. Aldea dago, ordea, proiekzio bakoitzak erabiltzen duen zirkunferentzietan.

Mercator proiekzioak Lurraren ekuatorea ukitzen du. Beraz, ekuatorea zehatz-mehatz dago irudikatuta, inolako deformaziorik gabe. Hortik iparralderantz eta hegoalderantz, deformazioa esponentzialki handitzen da.

UTM proiekzioa zeharkakoa da, hau da, meridianoak erabiltzen ditu. Eta ez meridiano bakarra; 60 meridiano erabiltzen ditu (eta, egia esan, 60 proiekzioren multzoa da, proiekzio bakarra izan beharrean). Izan ere, lurrazala 60 eremutan banatuta dago (ordu-eremuen antzeko banaketa bat). Eremu bakoitzak 6 graduko zabalera du, eta hori ekuatorean 668 kilometro dira, eta estutuz joaten da polorantz hurbildu ahala. Proiekzio bakoitzaren irudikapen zehatza erdiko meridianoa da, eta esponentzialki deformatzen da ekialderantz eta mendebalderantz, baina 60 proiekziotan banatuta dagoenez, deformazio hori oso txikia da eremuen muturretan.

Itxuraz konplexua

Eremuak zenbatuta daude, 1etik 60ra. Eta eremu bakoitza hogei zatitan banatuta dago, eta zati bakoitza letra batez adierazten da. Euskal Herri osoa, adibidez, 30T zatian dago (hain zuzen, 30 eremuaren muga Greenwicheko meridianoa da). Donostiako koordenatuak 30T 582347 m E 4796937 m N dira. Lehendabizi 30T eremua adierazten da, eta, gero, bi distantzia daude: eremuaren erdiko meridianotik dagoena eta ekuatoretik dagoena (biak ere metrotan); longitudearen eta latitudearen ordezkoak, hurrenez hurren.

Ez da koordenatu-sistema intuitiboa. Erabilgarriagoa da kalkuluak egiteko, baina ez da intuitiboa. Eta ezaugarri "arraro" batzuk ditu. Alde batetik, ez du lurrazal osoa irudikatzen; poloak ez daude UTM sisteman: iparraldean, 84 paraleloraino iristen da, eta, hegoaldean, 80 paraleloraino. Horren arrazoia da poloetako lurraldeetan infinituraino handitzen dela ipar-hego norabideko deformazioa. Lurralde haiek irudikatzeko, UPS koordenatuak erabiltzen dira ( Universal Polar Stereographic ). Beste alde batetik, hego-hemisferioan, UTMaren bigarren koordenatuaren zeroa ez dago ekuatorean, baizik eta hegoaldeneko paraleloan; horrela, ez da koordenatu negatiborik erabili behar. Gainera, salbuespen batzuk baditu: 32V laukia zabalduta dago, Norvegiako mendebalde osoa sartzeko, eta iparraldeko 31X-37X zatiak ere zabalduta daude, Svalbard artxipielagoa sartzeko.

Nolanahi ere, UTM sistemaren estandarrak aurrera egin du. Ez du ordezkatuko latitudearen eta longitudearen erabilera "pertsonala", baina, adituen arabera, GPS gailu bat erosten baduzu, hobe duzu UTM koordenatuetara moldatzea. Zurea da aukera.

Roa Zubia, Guillermo
2
267
2010
9
026
Irudiak/Soinuak; Telekomunikazioak
Gogoetan
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila