Benetako janari afrodisiakoak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Benetako janari afrodisiakoak
2011/06/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: © Elena Ray/123RF)

Interneteko foro batean, Basicozero ezizena zuen mutil batek galdetu zuen: "Zer egin dezaket nire emaztearen desio sexuala handitzeko?". Emaztearen libido-kontuak azaltzen zituen mutilak, eta egoera aldatzeko egindakoak deskribatzen zituen. Konponbide asko probatu zituen. "Janari afrodisiakoa probatu dut, baina ez du eraginik harengan. Konponbide bat behar dut, hura edozein dela ere". Laguerrerasarah aholkulariak emaztearen libido faltaren zergatia bilatzea proposatzen zion. Soluzioa ez zen egongo afrodisiakoetan. "Janari afrodisiakoak bikotekidearekin jolasteko dira. Ez dute berez funtzionatzen", azpimarratu zuen.

Kontraesana dirudi. Bikotekidearekin "jolastu" behar bada afrodisiakoek funtzionatzeko, zerk eragiten du desioa, janariak ala bikotekideak? Zientzialariak aspalditik ari dira galdera horren erantzunaren bila, eta duela gutxi arte topatu duten erantzun egokiena hauxe da: ez batak, ez besteak. Norberaren burmuinak sortzen du desioa. Afrodisiakoak eta bikotekidea estimuluak dira, baina libidoa bera burmuinak sortzen du. Hala ere, egin diren ikerketen emaitzak aztertuta --eta asko dira--, zientzialari batzuek aurkitu dute ginsengak eta azafraiak nolabaiteko efektu afrodisiakoa badutela.

Oro har, dibulgatzaileek esan dute afrodisiakorik ez dela existitzen. Tradizioak baietz dio, eta mota guztietako janariak hartu ditu afrodisiakotzat. Janari batzuek organo sexualen itxurakoak izate hutsagatik hartu dute ospe hori. Platanoek, pepinoek, esparragoek eta errinozeroaren adarrek falo-itxura dute (errinozero asko hil dituzte adarraren ospea dela eta); ostrek eta txirlek, berriz, alu-itxura. Eta, itxura alde batera utzita, beste janari asko sartu dira afrodisiakoen zerrenda tradizionalean: marrubiak, txokolatea, ardoa, itsaskiak, eztia, baratxuriak, jengibrea, iltzea, txile mina eta abar. Baita ginsenga eta azafraia ere. Kultura askotako tradiziotik tiraka, izugarri luza daiteke zerrenda hori.

Zientzialariek interesa izan dute janari horietan guztietan. Galdera da zer oinarri zientifikoa duen zerrenda horretako janari bakoitzaren efektuak.

Badira, noski, harreman sexualetan modu batera edo bestera lagundu dezaketen substantziak. Esate baterako, Viagra ospetsuak, sildenafiloaren zitratoak, arteriak zabaltzen dituen prozesu biokimiko bat jartzen du martxan, eta, besteak beste, zakila zutitzea eragiten du gizonezkoetan. Ez da substantzia bakarra efektu hori eragiten duena. Baina ez dira afrodisiakoak. Ez dute libidoa handitzen; zakila zutik izanda ere, gerta liteke gizon batek desio sexualik ez izatea.

Gaia aztertu dutenek azpimarratzen dute kaloria asko jateak ere laguntzen duela harreman sexualetan. Baina gauza bera da; ez da desioaren suspertzaile bat, baizik eta gorputzari energia ematen dion zerbait, besterik ez.

Alkoholaz asko hitz egiten da. Jakina da efektu desinhibitzailea duela, eta horrek ustez desioa handitzen laguntzen du. Ikuspuntu horretatik, alkohola, neurrian, edari afrodisiakoa izango litzateke. Ala ez; batzuen ustez, alkoholak desioa adierazteko trabak kentzen ditu, baina desioa bera ez du handitzen. Nolanahi ere, harreman sexualari trabak jartzen dizkio. Orgasmoa eragoztera ere irits daiteke.

Txokolateak ere ospe berezia du. Askotan esaten da sexuaren ordezkoa dela, eta, zalantzarik gabe, janari afrodisiakoen zerrendetan izaten da. Txokolatearen osagai kimikoen artean feniletilamina dago. Feniletilamina-mota bat bai behintzat, izen horren atzean substantzien familia oso bat baitago; hain zuzen ere, adrenalina eta anfetamina familia horretako substantziak dira. Txokolatean dagoena prozesu biokimiko baten abiarazlea da, suspergarrri bat. Donald F. Klein eta Michael Lebowitz estatubatuarrek proposatu dute maiteminduta dagoen pertsona batek feniletilamina horren kantitate handiak dituela, eta horregatik deitzen zaio batzuetan maitasunaren molekula. Hortaz, logikoa da pentsatzea txokolateak antzeko sentsazioa eragiten duela, eta sexuaren desioa ere suspertzen duela. Baina txokolatearekin jaten den feniletilaminak ez du asko irauten metabolizatu gabe, eta zientzialariek ez dute aurkitu benetako efektu afrodisiakoa duenik txokolateak.

Normalean afrodisiakotzat hartzen diren produktuak ez ezik, beste janari eta edari asko ere ikertu dituzte zientzialariek. Eta artikulu asko argitaratu dituzte. Hain zuzen, Guelph Unibertsitateko zientzialari batzuk saiatu dira datu horiek guztiak ordenatzen eta benetako afrodisiakorik ote dagoen argitzen. Eta bilaketak etekina eman du.

Ikertzaileen arabera, ginsengak eta azafraiak funtzio sexuala hobetzen dute. Eta ez hori bakarrik; desioa ere indartzen dute. Alegia, benetako substantzia afrodisiakoak dira. Hori jakiteak ate bat zabaltzen du hainbat gabezia sexual tratatzeko. Hala ere, ikertzaileek esan dute oraindik ere ikerketa gehiago egin behar direla tratamendu berriak asmatzeko.

Ikertzaileen lana berri ona da Interneteko foroetan galdetzen dutenentzat, nahiz eta benetako afrodisiakoa zein den jakiteak ez dituen arazo guztiak konponduko.

Roa Zubia, Guillermo
2
276
2011
6
023
Dietetika/Elikagaiak; Kimika
Gogoetan
52

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.