Ikerbasque research fellow
Estratigrafia eta Paleontologia saila, Euskal Herriko Unibertsitatea
Frantziako hego-mendebaldean dago Dordogne, lurralde pribilegiatua aztarnategi arkeologikoei dagokienez. Horietako bat, La Ferrassieko harpea hain zuzen ere, oso aztarnategi garrantzitsua da, haren sekuentzia estratigrafikoan Musteriar garaiko eta Goi Paleolitoko okupazioak ageri baitira. Musteriar aroko geruzetan, zazpi neandertalen eskeletoak topatu ziren, bi nagusirenak (emakume bat eta gizon bat) eta adin desberdinetako bost umerenak.
Lehenengo eskeletoa, La Ferrassie 1 gizon zaharrarena, XX. mendearen hasieran topatu zuten; azkena, La Ferrassie 8 (LF8) bi urteko umearena, berriz, 1970ean eta 1973an egindako indusketetan. Orain, Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu berri dugun artikulu batean deskribatu ditugu orain dela gutxi topatutako LF8 ume neandertalari dagozkion 47 fosil berri. Bi museotan —Muséum national d'Histoire naturelle (Paris) eta Musée d'Archéologie nationale (St. Germain-en-Laye) aurkitu ditugu fosil horiek, 1970 eta 1973ko indusketetako sedimentu-poltsetan.
Garezur, masailezur, orno, saihets eta eskuetako falangeen zatiak daude fosil horien artean; eta aipagarria da ia osorik dagoen ezkerraldeko tenporal bat, zeinaren barruan altxor txiki bat baitzegoen: ointoki oso bat. Ointokiak, mailua eta ingudea erdiko belarriko hezurrak dira soinua transmititzen duten hezur txikiak, giza gorputzeko txikienak. Oso gutxitan agertzen dira aztarnategietan.
Parisko Zientzia Naturalen Museoko AST-RX plataforman egindako hezur tenporalaren mikroeskaner bati esker aurkitu genuen ointokia. Tenporalaren petrosoan dauden barne-egiturak (koklea eta hodi semizirkularrak) ikertzea zuen lehen helburu mikroeskanerrak, eta horregatik egin zen ahalik eta zorroztasun handienaz.
Mikroeskanerrean pausoka biratzen da eskaneatu nahi den objektua, eta pauso bakoitzean erradiografia bat ateratzen zaio, x izpiz. Ordenagailu oso ahaltsu batzuen bidez prozesatzen dira erradiografia guztiak, eta objektuaren zeharkako sekzioak egiten dira. Bestelako dentsitateak grisaren eskalaren tonalitate desberdinez agertzen dira zeharkako sekzio horietan; eta beste programa informatiko batzuekin, birtualki berreraiki daiteke objektua.
Eskanerra egin zenean ikusi zen ointoki oso bat zegoela tenporalaren barruan, eta zeharkako sekzioak eginez aukeratu ziren ointokia betetzen zuten pixelak, hiru dimentsioko objektu bat lortu arte. Gauza bera egin zen barne-belarriarekin; kasu horretan, ordea, negatiboak ziren egitura horiek, hau da, hezur tenporalaren alderdi petrosoko hutsuneak direnez, birtualki bete ziren, hiru dimentsioko objektu bat eraikitzeko. Petrosoaren hutsune txikietan zein burmuinaren hutsune handiagoa berreraikitzeko erabiltzen da metodologia hori.
Bikoitza da ointoki neandertal berri horren garrantzia: batetik, erdiko belarriko hezurtxoak oso gutxitan aurkitzen diren fosilak dira, eta neandertal garaiko aurkikuntzarik osoena da aipagai dugun hau; bestetik, fosilaren ikerketa morfologikoak berretsi egin du hezurrik txikienetan ere ager daitezkeela gure espeziearen eta neandertalen arteko desberdintasun anatomikoak.
Ezin jakin, oraingoz, zer eragin duten desberdintasun morfologiko horiek entzumenean. Hala ere, entzumenari buruzko zenbait ikerketa egin dira Atapuercako Sima de los Huesoseko aztarnategian. Ikerketa horiek erakusten dutenez, homininoen entzuteko gaitasuna gaur egungo gizaki modernoen antzekoa zen duela 430.000 urte, hots, frekuentzia berak entzuteko gai ziren, eta frekuentzia jakin batzuetan entzuteko espezializazio nabarmena daukagu, gainerako primateekin konparatuz. Beraz, zentzuzkoa dirudi Sima de los Huesoseko gizakiekin lotura zuten neandertalen entzuteko gaitasuna eta gurea antzekoa izateak. Azken ikerketa horien arabera, eta entzumenaren eta hizkuntzaren arteko lotura dela eta, oso aspaldikoak dira gizakiaren lehen pausoak hizkuntzaren alorrean.
ITURRIAK:
Balzeau, A., Grimaud-Hervé, D., Détroit, F., Holloway, R.L., Combès, B., Prima, S., 2013. First description of the endocast of Cro-Magnon 1 and study of brain variation and evolution in anatomically modern Homo sapiens. Bull. Mém. Soc. Anthrop. Paris 25, 1-18.
Martínez, I., Rosa, M., Quam, R., Jarabo, P., Lorenzo, C., Bonmatí, A., Gómez-Olivencia, A., Gracia, A., Arsuaga, J.L. 2013. Communicative capacities in Middle Pleistocene humans from the Sierra de Atapuerca in Spain. Quaternary International 295, 94-101. DOI:dx.doi.org/10.1016/j.quaint.2012.07.001
Gómez-Olivencia, A., Crevecoeur, I., Balzeau, A., in press. La Ferrassie 8 Neandertal child reloaded: new remains and re-assessment of the original collection. Journal of Human Evolution. DOI: 10.1016/j.jhevol.2015.02.00
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia