Ez burua hautsi, Matxin!

Iñurrieta Urmeneta, Uxoa

EHUko IXA taldeko ikertzailea

Aduriz Agirre, Itziar

EHUko IXA taldeko ikertzailea

Díaz de Ilarraza Sánchez, Arantza

EHUko IXA taldeko ikertzailea

Labaka Intxauspe, Gorka

EHUko IXA taldeko ikertzailea

Sarasola Gabiola, Kepa

EHUko IXA taldeko ikertzailea

ez-burua-hautsi-matxin
1. irudia. Matxinen itzulpen-prozesuaren adibide bat (2016-02-01).

Gizarte elebidunetan bizi garenontzat, oso ohikoak dira hizkuntza batean pentsatu eta bestean hitz egiteagatik egindako hanka-sartzeak. Gutako asko gorrituko ginen noizbait, adibidez, txikitan gurasoak barrez ikusita, eskerrak gaztelaniaz eman zizkigunari ¡No por eso! erantzun geniolako lasai-lasai. Kalean erori den haurrari norbaitek Min egin zara? galdetuko balio ere, euskaldun zahar gehienok ez ginateke hainbeste harrituko, esaldia arrotza iruditu arren, berehala pentsatuko baikenuke pertsona hori, ziur asko, euskaldun berria dela. Izan ere, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten ditugunok badakigu, esperientziaz, batean ikasitakoak ez duela beti besterako balio izaten: ez horregatik ez da no por eso gaztelaniaz, baizik eta de nada; eta te has hecho daño, berriz, ez da min egin zara euskaraz, baizik eta min hartu duzu.

Horrelakoetan, irakasleek, gurasoek edo lagunek zuzentzen dizkigute akatsak, hurrengorako forma zuzena zein den ikas dezagun. Bada, hemen ere ikasle-irakasle batzuk izango ditugu hizpide, baina ez nolanahikoak. Ikasleak hamaika urte pasatxo ditu, Matxin du izena, eta ez du hezurrik ez haragirik; itzultzaile automatiko bat da. Arau-mordoxka bat erabiltzen du hizkuntzak ikasi eta erdaraz irakurritakoa euskaratzeko, baina askotan ematen dizkiote arau horietatik kanpo geratzen diren itzulgaiak ere, eta irakaslearen lana horrelakoetan laguntzea da, ez dezan burua hautsi, ez dezan hain sarri hanka sartu.

Matxin, itzultzaile

Matxinek, gaur egun, gaztelaniatik eta ingelesetik euskarara itzultzen du. Gramatika-arau sorta bat eta bi hiztegi elebidun ditu oinarrian, eta horietatik lortzen du informazioa testuak hizkuntza batetik bestera pasatzeko. Hiru fasetan egiten du bere lana: analisia, transferentzia eta sorkuntza (Mayor et al., 2009).

Lehen irudian ikus daitekeenez, lehenik, gaztelaniazko —edo ingelesezko— testua analizatzen du, morfologikoki eta sintaktikoki: hitz bakoitzaren lema (adibidez: vi 8 ver), kategoria (aditza, izena, adberbioa...), funtzio sintaktikoa (subjektua, objektu zuzena, modifikatzailea...), eta beste hainbat ezaugarri. Ondoren, transferentzia-fasean, jatorrizko esaldiko hitzei ordainak ematen dizkie, eta informazio gramatikala egokitzen du. Eta, azkenik, sorkuntza-fasean, euskarazko testua sortzen du, transferentzian lortutako informazioa baliatuta: lema bakoitzari dagokion forma sortu (adibidez: ikusi edun 8 ikusi nuen), eta hitzen ordena egokitzen du.

Hala ere, ezin dira itzulgai guztiak modu egokian itzuli arau eta hiztegi orokor horien bidez, eta horrek arazoak ematen dizkio Matxini. Ikusi, bestela, zer-nolako esaldiak sortzen dituen batzuetan:

(1) ES: Surtió un gran efecto.

EU (Matxin): Efektu handi bat hornitu zuen.

EU (zuzena): Eragin handia izan zuen.

Unitate Fraseologikoak (UF), Matxinen gramatika-arau orokorretatik kanpo

Hain zuzen ere, badaude hitz-konbinazio batzuk hizkuntzen arau orokorretatik kanpo geratzen direnak, eta horien artean daude Unitate Fraseologikoak (Gurrutxaga, 2016). Corpasek (1997) eta Urizarrek (2011), besteak beste, hiru multzotan sailkatu dituzte:

1. Enuntziatu fraseologikoak: beren horretan erabil daitezke, esaldi baten barruan sartu gabe, eta egoera jakin batzuetan bakarrik. Multzo honetakoak dira eskerrik asko eta ez horregatik bezalakoak.

2. Lokuzioak: ez dira esaldi osoak, eta konbinazioaren esanahia ez da konbinazioko hitzen esanahien batura. Esku harturen esanahia, adibidez, ez dator bat eskuk eta hartuk normalean izaten dutenarekin.

2. irudia. Lepo hitza duten hiru Unitate Fraseologiko (UF), Antton Olariagak 2016-01-15ean Berrian argitaratutako zintan.

3. Kolokazioak: hauek ere ez dira esaldi osoak, hitzetako batek behintzat bere esanahia gordetzen du, eta, esanahi jakin bat adierazteko, konbinazioko hitz batekin beste hitz jakin bat erabiltzen da gehienetan, eta ez baliokideak diren beste batzuk. Esate baterako, arreta jarri erabiltzen dugu, eta ez arreta kokatu edo antzekorik.

Horrez gain, UFak asko aldatzen dira hizkuntza batetik bestera (Sanz, 2015), eta, hortaz, sarritan ez dira itzultzeko errazak izaten. Har ditzagun adibidetzat sailkapenean aipatutakoak:

• Lehenago ere esan dugun bezala, ez horregatiken ordaintzat de nada erabiltzen dugu gaztelaniaz, eta ez no por eso.

Esku hartu esateko, tomar parte edo participar erabiltzen da (ez da inon aipatzen manorik, eskurik).

Arreta jarriren ordaintzat prestar atención erabiltzen dugu normalean (arreta mailegatu, alegia).

Are gehiago, azken adibide hori frantsesera eta ingelesera ere ekarriz gero, ikusiko dugu aditzak ez datozela bat ez euskarazkoarekin, ez eta gaztelaniazkoarekin ere: frantsesez, faire attention (arreta egin); eta ingelesez, pay attention (arreta ordaindu).

Beraz, horrelakoak ikastea neketsua bada gizakiontzat ere, pentsa zeinen zaila den ordenagailu batentzat automatikoki ondo itzultzea, kontuan izanik oinarrian dituen hiztegiak mugatuak direla eta gramatika-arauak oso orokorrak.

Matxinek darabilen hiztegian, badaude hitz bat baino gehiagoko sarrera batzuk, eta batzuetan itzulpen zuzenak sortzen dira horiei esker:

(2) ES: Unos alumnos hicieron la pelota a la profesora.

EU (Matxin): Ikasle batzuek irakaslea lausengatu zuten.

(3) ES: Acabo de fregar los platos.

EU (Matxin): Harrikoa egin berri dut.

Tamalez, ez dira sarrera asko, eta ez dira beti ondo erabiltzen. Begira, esaterako, zer gertatzen den 2. eta 3. adibideetako itzulgaiak pixka bat aldatuz gero:

(4) ES: La profesora no podía creer la pelota que le estaban haciendo los alumnos.

3. irudia. Konbitzulen interfazearen itxura.

EU (Matxin): Irakasleak ikasleak egiten ari zitzaizkion pilota ez zuen sinetsi ahal.

EU (zuzena): Irakasleak ezin zuen sinetsi nola lausengatzen zuten ikasleek.

(5) ES: Acabo de fregar el suelo .

EU (Matxin): Lurzorua harrikoa egin berri dut.

EU (zuzena): Zorua garbitu berri dut.

Matxinek bi zailtasun nagusi izaten ditu: batetik, gaztelaniazko edo ingelesezko UFak ezagutzea, eta, bestetik, euskarara ekartzea. Gaur egun, beti segidan eta ordena berean dauden hitz-konbinazioak bakarrik detektatzen dira ondo; beraz, konbinazioko hitzak bereizten baditugu edo ordena aldatzen badiegu, hitz solteak balira bezala tratatzen dira, eta ez UF baten parte balira bezala (4. adibidea). Era berean, euskarazko esaldiak sortzeko ere informazioa falta da askotan, sarrera bakoitzari ordain bakarra ematen baitzaio Matxinen hiztegian. Horregatik itzuli da oker 5. adibideko esaldia, ez baita kontuan hartu fregar aditzari, el suelo izen-sintagmarekin batera doanean, garbitu ordaina dagokiola, eta ez harrikoa egin.

Konbitzul, Matxinen irakasle berria

Hortaz, orain arteko adibideek agerian uzten duten moduan, Matxinek UFak zuzen itzuliko baditu, behar-beharrezkoa du laguntza, eta horrexetarako sortu da Konbitzul, izen+aditz konbinazioak itzultzen irakatsiko dion tresna.

Konbitzul datu-base publikoa da, eta azterketa linguistiko batetik lortutako informazioa jasotzen du. Izenez eta aditzez osatutako hitz-konbinazioen —eta haien ordainen— ezaugarriei buruzko datuak gordetzen ditu, oraingoz gaztelania-euskara hizkuntza-bikotean. Hiru iturritatik bildu dira azterketa horretako izen+aditz konbinazioak: Elhuyar hiztegi elebidunetik, eskuz egindako itzulpen-multzo erraldoietatik eta gaztelaniazko kolokazioen DiCE hiztegitik (Alonso, 2004).

Landutako informazio gehiena eskuragarri dago Interneten, eta falta dena ere laster egongo da erabiltzaileen eskura. Izan ere, datu-basearen interfazea bilatzaile itxurakoa da, eta edozein erabiltzailek egin ditzake bilaketak oso erraz: bilatu nahi dena idatzi, eta idatzitakoarekin bat datozen konbinazioen zerrenda bat erakusten da, ordainekin batera. Ondoren, ordainetan klikatuz gero, informazio linguistiko gehiago ere ikus daiteke (3. irudia).

Dena den, lehenago esan bezala, Konbitzulen zeregin nagusia Matxini laguntzea da, bi erronkari aurre egiteko: batetik, sorburu-hizkuntzako UFak ezagutzeko, eta, bestetik, euskaratzeko. Demagun honako esaldi hauek ematen dizkiotela:

(6) El tema despertó interés en los oyentes.

(7) El tema despertó un gran interés en los oyentes.

4. irudia. Matxinen interfazea eta adibide bat (2016-02-02).

(8) Quedó claro el gran interés que el tema despierta en los oyentes.

Hiru adibideotan ageri den UFa —despertar interés— ez dago Matxinen hiztegian oraindik; beraz, gaur egun, ez du hitz-konbinazio hori UFtzat tratatzen (4. irudia). Baina, Matxinen hiztegian egongo balitz ere, orain arte erabili izan duen metodoaren bidez, 6. adibidean bakarrik ezagutuko luke, esaldi horretan bakarrik agertzen baitira bi hitzak ordena berean eta tartean beste elementurik gabe.

Konbitzulen laguntzaz, ordea, jakingo du despertar interés UF bat dela, eta, gainera, konbinazio malgua dela, hau da:

• Konbinazioko bi osagaien artean beste hitz batzuk ere ager daitezkeela.

• Hitzen ordena aldakorra dela.

Hala, sorburu-hizkuntzako esaldia analizatzean, informazio hori guztia kontuan hartu eta gai izango da 7. eta 8. adibideetan ere UF bat dagoela jakiteko. Izan ere, esperimentu batek erakutsi duenez, datu-baseko informazioari esker, lehengo metodoarekin baino ia % 30 UF gehiago ezagutzen dira.

Bestalde, behin konbinazioak detektatutakoan, euskarara ekarri behar dira, eta horretarako ere informazio gehigarria beharko du Matxinek. Oraingoan ere, Konbitzulek argituko dizkio zalantzak:

Despertar aditzaren ordaintzat, erabili piztu (eta ez esnatu).

Interés izenaren ordaintzat, erabili interes, eta jarri mugatuan.

Horrela, Interes handi bat esnatu zuen bezalako esaldiak sortu beharrean, Interes handia piztu zuen bezalakoak sortu ahal izango ditu. Bigarren ataza honetarako informazioa ez da oraindik sisteman integratu, baina azterketa linguistikoa eginda dago; beraz, pentsatzekoa da emaitzak laster ikusi ahal izango ditugula sarean.

Jakin-mina asetzeko, zakua betetzen

Dena dela, lana ez da hor bukatzen, noski, Matxin jakin-min handiko ikaslea baita! Hurrengo pausoa ingelesezko UFak itzultzeko informazioa biltzea izango da, eta, hortik aurrera ere, Konbitzulek datuak biltzen jarraitu beharko du, pixkanaka zakua betetzen, ikaslea, hazi ahala, gero eta hobea izan dadin itzultzaile-lanetan.

Bibliografia

Corpas, G.: Manual de fraseología española. Editorial Gredos (1997).
Gurrutxaga, A.; Alegria, I. & Artola, X.: “Idiomatikotasunaren karakterizazio automatikoa: izena+ aditza konbinazioak”. EKAIA Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzi eta Teknologi Aldizkaria (2016).
Mayor, A.; Alegria, I.; Díaz de Ilarraza, A.; Labaka, G.; Lersundi, M. & Sarasola, K.: “Matxin, euskararako lehenengo itzultzaile automatikoa”. Senez: itzulpen aldizkaria, 37 (2009), 197-220.
Sanz, Z. (2015): “Alemanetik euskaratutako unitate fraseologikoen itzulpen-azterketa. Tesiaren nondik-norakoak”. Senez: itzulpen aldizkaria, 46 (2009), 211-230.
Urizar, R.; Alegria, I.; Odriozola, J. C. & Ezeiza, N.: “Euskarazko hitz anitzeko unitate lexikalen tratamendu konputazionala”. Anuario del Seminario de Filología Vasca ”Julio de Urquijo”, 43(1-2) (2011), 891-908.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila