Svalbard, izotzaren baitan

Svalbarden gogorra da negua. Lau ornodunek bakarrik egiten diote aurre: elur-orein edo karibuak ( Rangifer tarandus platyrhynchus ), eper zuriak ( Lagopus muta hyperborea ), lursagu batek ( Microtus levis ) eta azeri artikoak ( Vulpes lagopus ). Hala ere, klimaren mende daude.

Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketa batek erakutsi duenez, muturreko eguraldiak lau animalia horien populazioen dinamika sinkronizatzen du. Batez ere, euriarekin ikusi dute eragin hori. Elur gainean euria egitean, izotz-geruza baten azpian gelditzen da dena; baita elur-oreinek, eper zuriek eta lursaguek elur-artean bilatu ohi dituzten elikagaiak ere. Hala, euriak hiru espezie horien populazioak jota utzi ditzake.

Azeriei berriz, urtebete beranduago eragiten die. Hasieran, euriak eta izotzak azeri-populazioaren gorakada ekartzen du. Izan ere, beste hiru espezieez elikatzen da azeria, eta negu gogorrean zenbat eta haietako gehiago hil, orduan eta janari erraz gehiago azerientzat. Hurrengo urtean komeriak; bizirik irauten duten belarjaleak indartsuenak baitira, harrapatzeko zailagoak, eta hiltzeko probabilitate txikiagoa dutenak.

Azeri artikoa95
Egilea: © Brage Bremset Hansen
Elur-oreina15
Egilea: © Nicolas Lecomte, Norwegian Polar Institute
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila