Nekazaritza-paisaiak

Zirkuluak, karratuak, poligonoak, marrak eta izarrak.
Bitxiak dira, goitik begira, nekazaritzaren paisaiak.

Ur-baliabideen % 70 erabiltzen da forma horiek marrazteko.
Lehorreko lurrazalaren % 12 dago eraldatua, elikagaiak ekoizteko.

Desertu berdetuak eta baso sorotuak.
Antropozenoko ereduak.

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. jaialdian parte hartzen du"

Kansasko soroak
Egilea: USGS EROS Data Center

Kansasko soroak

Lurretik begiratuta, amaigabeak eta monotonoak izan litezke Kansasko (AEB) gari-soroak, baina beste itxura bat hartzen dute goitik begiratuta. Ureztatze-sistemaren eraginez, biribil-biribilak dira soroetako asko. Landsat 7 sateliteak kolore faltsuan hartutako irudia da hau. Gorriz ikusten da berez berdeena dena, eta zuritik berdera doaz lur soila eta lehortutako landaredia. Arg: USGS EROS Data Center

Zirkuluak eta karratuak Brasilen
Egilea: ISS/NASA

Zirkuluak eta karratuak Brasilen

Perdizes hiriaren hegoaldean (Brasil), ekiloreak, garia, patata, kafea, arroza, soja eta artoa hazten dira lur hauetan. Astronauta batek ISStik ateratako argazkia. Arg: ISS/NASA

Bolivian izarrak
Egilea: NASA

Bolivian izarrak

Bolivian, Santa Cruzen ekialdean, izar-itxura dute soroek. Izarren erdian herrixkak, Andeetatik jaitsitako jendearen bizilekuak. Herrixka batetik bestera, bost kilometro, eta bakoitzean eskola, eliza, taberna eta futbol-zelai bat. Erdigune horretatik abiatzen dira izarraren erradioak. Eta izarren inguruan, garai batean dena betetzen zuen oihan tropikala. Arg: NASA

Arroz-zerrendak
Egilea: NASA

Arroz-zerrendak

Bangkoken (Thailandia), kanpoaldeko paisaia zerrenda berde estuek osatzen dute. Kanalen bidez ureztatutako arroz-soroak dira. Arg: NASA

Sudango eremu berez idorra
Egilea: NASA/GSFC/METI/ERSDAC/JAROS ETA U.S./Japan ASTER Science Team

Sudango eremu berez idorra

Milaka kilometro kanalen bidez, Nilo Urdineko urek berdetzen dute El Gezirako (Sudan) eremu berez idor hau. Britainiarrak hasi ziren ubide-sistema hori sortzen, kolonialismo-garaian, Europarako kotoia ekoizteko.Arg: NASA/GSFC/METI/ERSDAC/JAROS ETA U.S./Japan ASTER Science Team

Kalexiko-Mexikali
Egilea: NASA/GSFC/METI/Japan Space Systems, eta U.S./Japan ASTER Science Team

Kalexiko-Mexikali

Kalifornia eta Mexikoren arteko muga argi uzten du lurren erabilera desberdinak. Kalexiko (Kalifornia) eta Mexikali (Mexiko) hiriak irudiaren erdialdean, eta El Centro gorago. Gorriz, landaredia. Imperial Valley deitzen zaio Kaliforniako zonalde honi. Coloradotik hartutako uren bidez ureztatzen dute, eta AEBko fruitu- eta barazki-ekoizle handienetakoa da. Arg: NASA/GSFC/METI/Japan Space Systems, eta U.S./Japan ASTER Science Team

Almeria
Egilea: NASA/GSFC/METI/Japan Space Systems eta U.S./Japan ASTER Science Team

Almeria

El Ejido, Almeria (Espainia). Gorriz, landaredia. Zuriz, plastikoa. Arg: NASA/GSFC/METI/Japan Space Systems eta U.S./Japan ASTER Science Team

Zeeland
Egilea: Terra/ASTER/NASA

Zeeland

Herbehereetako hegoaldeko Zeeland probintzia. Herriak eta soroak, dikez babestutako uharteetan. Arg: Terra/ASTER/NASA

Niloren delta
Egilea: ESA/VITO

Niloren delta

Niloren deltako lur oparoak berde-berde ageri dira ESAren Proba-V sateliteak hartutako irudi honetan. Hain zuzen ere, munduko landarediaren jarraipena egitea du helburu duela bi urte jaurti zuten satelite horrek. Arg: ESA/VITO

Nilo
Egilea: NASA/Jesse Allen/University of Maryland’s Global Land Cover Facility

Nilo

Egiptoko lur lehorretan, Niloren inguruko nekazaritza-lurrak nabarmentzen dira. Zorrotza da basamortuaren eta uholde- lautadako lur emankorren arteko muga, bailararen pareta naturalek mugatzen baitute korridore berdea. Arg: NASA/Jesse Allen/University of Maryland’s Global Land Cover Facility

Desertu berdetua
Egilea: NASA/GSFC

Desertu berdetua

Desertuaren erdian, zirkulu berdeak ugaritzen ari dira, Saudi Arabiako Wadi As-Sirhan arroan. Kilometroko diametroa duten soroak dira, lurpeko urari esker sortuak. Ur fosila da, azken glaziazioan bete ziren lurpeko akuiferoetan dagoena. Inork ez daki zenbat dagoen, baina hidrologoek kalkulatu dute 50 bat urtez izango dela errentagarri ur hori punpatzea. Arg: NASA/GSFC

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group