Hegoafrikako Hluhluwe Imfolozi erreserban, bi tiroz hil zuten errinozero beltz hau, adarrak kentzeko. Oso preziatuak dira errinozero-adarrak merkatu beltzean, espeziearen zoritxarrerako. Garai batean errinozero ugarienak ziren arren, arriskuan daude orain errinozero beltzak; batez ere, legez kanpoko ehizaren eraginez. 2015ean 5.000 soilik gelditzen zirela kalkulatu zuten.
Bren Stirton argazki-kazetariak errinozero-adarren legez kanpoko merkataritza ikertzen du, eta antzeko 30 eszenatik gora ikusi ditu. Argazki gordin bezain eder honetan, ia eskultura bat dirudi eroritako errinozeroak. Espeziearen oroitarri bihurtu du Stirtonek.
Aurtengo basabizitzaren argazki onena izan da, Wildlife Photographer of the Year lehiaketa ospetsuan. Hurrengo orrietan, lehiaketak utzi dizkigun beste argazki eder batzuk.
Brent Stirton (Hegoafrika)
Laurent Ballesta (Frantzia)
Udaberriaren hasiera zen, Antartikan. Erraz zebiltzan ama eta kumea urpeko izotzezko labirintoan. Hegoaldeen ugaltzen diren ugaztunak dira Leptonychotes weddellii itsas txakurrak. Izotzean jaiotzen dira kumeak, eta aste bat edo bi pasa orduko hasten dira igeri. Helduak gai dira seiehun metrora jaisteko, eta laurogei minutuz urpean egoteko. “Uretan mugitzen hain erraz ikusten zitzaien, ezen erabat desegoki ikusi bainuen neure burua”, dio Laurent Ballesta argazkilariak.
Tyohar Kastiel (Israel)
Asteak eman zituen Tyohar Kastielek ketzal-bikote bati behatzen. Gutxi gorabehera orduro agertzen ziren, habian zeuden txitak elikatzera. Zortzigarren egunean, ordea, hainbat ordu zeramatzaten agertu gabe. Kezkatzen hasita zegoen Kastiel. Azkenean, arra iritsi zen, mokoan basa-ahuakate bat zuela. Habiara hurbildu, txitei ahuakatea erakutsi, eta atzera egin zuen, ondoko adar batera. Segundo gutxitan txitetako batek habiatik salto egin zuen gertuen zegoen adarrera, eta, orduan bai, ahuakateak eman zion aitak. Handik gutxira gauza berbera egin zuen emeak. Eta bigarren txitak ere habiatik salto egin zuen. Gero, laurak hegan barneratu ziren basoan.
Sergey Gorshkov (Errusia)
Trofeoa ahoan duela, hura lurperatzeko leku egoki baten bila doa azeria. Ekaina da, oparoaldi betea azerientzat. Maiatzaren bukaeran iristen dira elur-antzarak Errusiako ekialdean dagoen Wrangel uhartera. Elur-antzaren munduko koloniarik handiena biltzen da han; urtetik urtera, handiagoa: 160.000 ziren 2011n, eta 300.000 2016an. Antzarek habiak gogor defendatzen dituzten arren, egunean 40 arrautza lapurtzera iristen dira azeriak. Arrautza gehienak gorde egiten dituzte, lurpean. Tundrako lurzorua hozkailu bat bezain hotza da, eta ongi irauten dute arrautzek uda pasa eta antzarek alde egiten duten arte. Orduan, azerikumeei ere ongi etorriko zaizkie lurpean gordetako altxorrak.
Justin Hofman (AEB)
Justin Hofman gustura zebilen itsas zaldi txiki honi begira, Indonesiako Swmbawa uhartean. Korronteetan surfean ari zela zirudien, orain adar-zati bati helduta, gero alga-zati bati… Baina, marea igotzen hasi zenean, gero eta gai artifizial gehiago agertzen hasi ziren; plastiko-zatiak, batez ere. Hondakin-uren geruza bat hedatu zen itsasoaren gainazalean. Alga-zati bat askatu eta plastiko-zati bati heldu zion itsas zaldiak, eta gero kotoi-zotz bati. Helduleku egonkorra topatu zuen.
Jack Dykinga (AEB)
Arizonako desertuan badira erraldoi zahar batzuk: saguaro kaktusak. Hamabi metrotik gorako altuera izan dezakete, eta 200 urte baino gehiago. Oso azalekoak dituzte sustraiak, baina azalera handia hartzen dute, euria egiten duenean ahalik eta gehien xurgatzeko.
Belaki-gisako ehunetan gordetzen dute ura saguaroek, eta puztu egiten dira, akordeoi baten gisara tolesak zabalduz. Urez betetako adarrek izozteko arriskua dute, eta askotan apurtu eta lurrerantz bihurritzen dira.
Jack Dykingak bizitza osoa darama inguru horietan, eta ongi ezagutzen ditu formarik ederrenak hartu dituzten saguaroak.