Hori pixkanaka aldatzen ari da eta, hasieran esandakoaren haritik, gero eta egoera hobean gaude hemen ere. Horren adibideetako bat Arrasateko kooperatibismoaren inguruan sortu eta abian jartzen ari den GARAIA proiektua dugu. Zehatzago esateko, GARAIA barruan egongo den ‘Telekomunikazioen Unibertsitate Institutua’, telekomunikazioena baita esku artean dugun gaia. Dena den, ikus dezagun zer den bata eta zer bestea.
GARAIA MCCk, Mondragon Unibertsitatearen bidetik, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arrasateko Udalak sustatutako parke zientifikoa edo berrikuntza zentroa da.
Zer da, ordea, berrikuntza-zentro bat? Hain ezagunak ditugun zentro teknologikoak enpresetarako ikerketa zehatzak egiten dituzten ikerketarako zentroak dira, askotan behar jakinetara bideratuta daudenak. Enpresekin harreman zuzena dute eta zerbitzu bat eskaintzen dietela esan daiteke. Parke zientifikoan edo berrikuntza-zentroan, ordea, epe luzerako proiektuak dira nagusi; zentro teknologikoen, unibertsitatearen eta enpresetako Ikerketa+Garapena sailaren bilgunea dira.
Berrikuntza-zentroetan, aipatutako hiru arlo horiek toki berean daude eta, enpresei zerbitzu eman ordez, proiektuak lantzen dituzte etorkizunera begira (tesiak, ikerketa luzeak egin...). Azken finean, berrikuntza-zentroak zientziaren, teknologiaren eta enpresa-garapenaren arteko lotura bultzatzeko eginak daude, eta, horretarako, gune fisiko berean kokatu eta harremanetarako modu berriak zein kolaborazio zuzena bultzatzen dira.
Gure inguruan ez dugu horrelakorik ezagutzen, baina atzerrian jada badaude horrelako hainbat zentro. Adibidez, AEBko Silicon Valley eta Research Triangle Park, edo Britainia Handiko Manchester Science Park eta Oxford Science Park. Japonian ere badira, eta Suedian 20 parke zientifikotik gora daude herrialdeko unibertsitate ospetsuenen inguruan egituratuta. Estatu espainiarrean, Katalunian, badira Parques del Vallés eta Parque Científico de Cataluña. Malagan eta Valladoliden ere bana dituzte.
Gaur egun GARAIA ez dago eraikita, baina jada hasiak dira hainbat pauso ematen. Guztira 50 hektarea izango ditu Arrasateko Olandixo mendi-magalean eraikiko den zentroak. Lurrak erreserbatuta daude eta zenbait desjabetzerekin ere hasiak daude. Azaroan edo abenduan ebatziko dira abuztuan lur horiei buruz egindako helegiteak.
Eraikiko duten eremuan garatuko den jarduera bost ataletan bereiz daiteke: 1) Ikerketarako laborategiak, Mondragon Unibertsitatearen esku egongo direnak. 2) Ikerketa-institutuak, enpresa edo instituzioek sustatutakoak. Emaitzei dagokienez, arrisku handiena edo ziurtasun txikiena duten ikerketa eta garapenerako jarduerak egingo dituzte unibertsitateko irakasle eta ikasleek zentro teknologiko eta enpresetako adituekin batera. 3) Enpresetako I+G arlo berriak abian jartzeko zentroa. Behin abian jarrita, ikerketa hori bertatik desagertu egingo da; behin-behineko ikerketa-zentroa izango da. 4) Egonkortuta dauden I+G taldeak; bereziki epe luzerako ikerketa egingo da bertan. 5) Berrikuntza-zentroaren zerbitzu zein bulegoen eta Mondragon Unibertsitatearen Errektoretzaren egoitza.
Lehenago esan bezala, oraindik ez dira GARAIA eraikitzen hasi, baina aurtengo ikasturtean abian jartzeko asmoa dute. Izan ere, mekanika esperimentalaren, potentziaelektronikaren eta beste hiru edo lau proiekturen inguruan lanean hasiak daude, eta, irailaz geroztik, Telekomunikazioen Unibertsitate Institutua ere jardunean ari da, telekomunikazio-sistemen eta telematikaren arloak jorratzen. Gainera, lehendik ere martxan dago Mondragon Unibertsitateak eta enpresek sustatutako ‘Comunica’ izenekoa. Bertan, ‘talde birtuala’ osatua dute (birtuala egoitza jakinik ez duelako) Ikerlan eta Eskola politeknikoak elkarlaguntzarako, bereziki haririk gabeko komunikazioen arloan.
GARAIAren eraikinak egiten direnean, egoitza berrian, unibertsitateko irakasle eta ikasleek epe luzeko ikerketak eta tesiak egingo dituzte zentro teknologikoetako eta enpresetako I+G taldeetako jendearekin batera. Ikerketa horiek, epe luzekoak izateaz gain, ez dira enpresen unean uneko beharrei erantzuteko izango, etorkizunerako ezagutza, teknologia, informazioa... sortzeko baizik. Azken finean, helburu nagusia telekomunikazioetan (eta proiektuko beste hainbat arlotan) ‘jarraitzaile’ izatetik teknologia sortzaileak izatera pasatzea baita.
Edonola ere, GARAIA etorkizunerako apustua den arren eta, hasieran jende asko ikasketak egitera edo osatzera kanpora joaten dela esan dugun arren, gurean gauzak egin egiten dira. Esate baterako, ROBOTIKER zentro teknologikoak badu Wireless Teknologietarako Ikerketa Estrategikoen Programa bat, eta, programa horren barruan, Wireless Teknologien Taldea. Talde hori ezagutza-arlo jakinetan berezitua dago, eta bere helburua enpresei haririk gabeko produktu eta zerbitzuak sortu eta garatzeko laguntza ematea da.