Penizilinak hirurogei urte

Alexander Fleming ikerlari eskoziarrak penizilina (antibiotikotan lehenengoa) aurkitu zuen 1928.ean. Aurkikuntza honen inguruan mitifikazio handia egon da. Nola gertatu zen penizilinaren aurkikuntza?
Fleming, 1911.eko karikatura.

Gehienek ezagutzen dute Alexander Fleming eta bera penizilinaren aurkitzailea izan zela ere bai. Penizilinak gure aiton-amonek sufritzen zituzten hainbat eritasun sendatzen eta tratatzen sortu dituen erraztasunengatik, Fleming mito-mailan egotea ez da harrigarria. Mitoa sortu den une beretik, Fleming-i buruz gauza asko esan eta argitaratu da eta asko gezur edo sasiegia dira. Batzuk aipatzearren: gaztetan Wiston Churchill piszina batean itotzetik salbatu ondoren honen gurasoek eskerrak eman asmoz medikuntz ikasketak ordaindu zizkiotela; bere lankideen kontra borrokan aritu behar izan zuela penizilina aurrera ateratzeko; penizilina 1940.ean aurkitu zuela, alemanek Londresen jaurtitako bonbak batek altxatutako hautsa lehioan zituen kultiboetara erori zenean; edo penizilina isolatu zuen Howard Florey bere lankide zela.

Zein zen Alexander Fleming eta nola aurkitu zuen penizilina?

Fleming baserritar eskoziar baten seme zen. Loudoun herrian jaio zen 1881.eko abuztuaren seian. Hamalu urte zituelarik Londresera joan zen bere anaia medikuarengana eta bertan lanean hasi zen nabigazio-konpainia batean. Herentzia txiki bati esker medikuntza ikasi zuen Londreseko St. Mary ospitalean eta bertan ikasketa-sari eta beka guztiak irabazi zituen. 1906.ean bukatu zituen ikasketak eta Almroth Wright-ek zuzentzen zuen Inokulazio-Sailean hasi zen lanean. Berrogeitemeretzi urte egin zituen bertan. Wright eta bere lankideak eritasun bakteriologikoak txertoen bidez tratatzen egiten zuten lan. Txertoak saltzea zen gainera Sailaren finantz iturririk garrantzitsuena. Fleming taldeko kide sutsuenetako bilakatu zen eta bere trebezia metodo berriak eta tresneria berria garatuz erakutsi zuen. Gainera bera sifilisa tratatzeko salvarsan izeneko botika berria erabiltzen oso trebea zen.

Lehenengo Mundu-Gerraren garaian Wright-ekin batera kanpaina-ospitale batean aritu zen Boulogne-n, zaurien zoldureei buruz lan eginez. Beren lanari esker, erabiltzen ari ziren antiseptikoak desegokiak zirela ikusi zen eta Flemingek antiseptiko berriak probatzeko test bat prestatu zuen. Flemingek oso lan ederra egin zuen bertan.

1921.ean lisozima izeneko proteina aurkitu zuen. Proteina honek eragin bakteriolitikoa du, hau da, bakterioak suntsitzeko ahalmena du. Dirudienez, aurkikuntza hura kasualitatez egin zuen. Bere mukien kultiboa egiten ari zelarik, hau oso ohizkanpoko organismo batez kutsatua izan zen. Flemingek organismo honen koloniak mukiaren ingurutan suntsitu egiten zirela ikusi zuen. Flemingek oso lan ona egin zuen lisozimari buruz (berak egin zuen lanik bikainena akaso), baina ez zuen erakarmenik izan, lisozimak organismo patogenoengan ia eraginik ez zuelako.

Zazpi urte geroago, 1928.ean prezeski, Flemingek penizilina aurkitu zuen. Aurkikuntza honen prozesuak, lisozimaren aurkikuntzaren izpilu-irudi dirudi. Aurkikuntza noiz gertatu zen ez dago garbi, Flemingen ohar-koadernoan idatzirik ez dagoelako. Antza, Fleming oporretatik itzuli zenean, irailaren hiruan edo lauean gertatu zen. Bere mahaian kultibo-platertxo batzuk utziak zituen oporretara joan aurretik. Hauetako batzuk bota egin zituen eta beste batzuk gorde, bisitari bati erakusteko. Azken hauetako bati bigarren aldiz begiratu zionean, lizun-orban baten ondoan estafilokoko-koloniak suntsituta zeudela ohartu zen.

Fleming 1952.ean, Dunedine-ko unibertsitateko ikasleek omendua.

Bere ohar-koadernoan lizunari buruzko lehenengo saioak urriaren 30eko data du. Lizunaren kolonia bat hazi eta harekiko zenbait organismok zer jokabide zuen aztertzeari ekin zion. Hauetako batzuk lizunaren ondoraino hazten ziren, baina estafilokokoak lizunetik 2,5 cm-ra gelditzen ziren. estafilokokoekin beste saio batzuk egin zituen eta hau idatzi zuen: lizun-kultiboak, estafilokokoekiko bakterizida den substantzia bat dauka.

1929.eko urtarriletik apirila bitartean, Fleming-ek eta Ridley eta Craddock bere laguntzaileek, penizilina deitu zioten substantziaren eraginkortasuna aztertu zuten. Penizilina izena eman zioten, lizuna penicilium jenerokoa zelako. Penizilinak, organismo patogeniko askoren hazkuntza eragozten zuen eta gainera zelula bizientzat ez zela toxikoa ikusi zuten. Fleming antiseptiko orokorraren aurrean zegoen. Bere bizitzako ametsa bete zuela zirudien. Baina tamalez hori ez zen gertatu. Aurki galdu zuten horren esperantza. Eginiko saiotan penizilinak bakterioak hiltzeko lau ordu baino gehiago behar zituela ikusi zuten eta gainera odol-seroaren presentzian bere aktibitatearen zatirik handiena galdu egiten zuen. Untxiei benabarnera txertatzen zitzaienean, 30 minututan odoletik desagertu egiten zen. Flemingek penizilinaz lan egiten jarraitzea, denbora galtzea zela pentsatu zuen. Horregatik akaso ez zuen animali babeserako test erabakikorra egin. Hark erakutsiko zukeen penizilinaren benetako indarra eta Fleming bere aurkikuntzaren benetako garrantziaz ez zen jabetu.

1929.eko maiatzean bidali zuen Flemingek penizilinari buruzko bere txostena argitaratzera. Bertan, penizilinaren eragin antiseptikoa aipatzen zuen, baina ez zuen behar adina azpimarratzen. Egun, artikulu haren "separata" orijinalek 300.000 pta. inguru balio dute.

Flemingek antza, penizilinaz interesa galdu zuen. 1930.etik 1940.era argitaratu zituen 27 artikuluetan bat bakarrik zen penizilinari buruzkoa, eta bertan kultibo hautakorrak egiteko bere erabilpena aztertzen zen. Hamar urte hauetan, Flemingek penizilina salmentarako txertoen ohizko produkzioan erabili zuen. Ez zuen gehiago ikertu eta gainera penizilinari buruz egin ziren ikerketaz ez zuen interes handirik erakutsi.

Penizilinaren booma, Oxfordeko talde baten lanari sor zaio batez ere. Lana 1938.ean hasi zen, Ernt Chain agente bakterizida naturalei buruz ikerketa bibliografikoa egiten ari zenean eta Flemingen txostenaren berri izan zuenean. Chain kimikaria zen eta entzimen munduaz zuen interesa. Penizilina probatzen hasi zenean, bere indar bakterizidaz ohartu zen eta animali babeserako testa egitea erabaki zuen, Floreyrekin harremanetan jarriz. Testa 1940.eko maiatzaren 25ean egin zen eta emaitzak oso positiboak izan ziren. 1941.ean zehar pertsonengan egin ziren probak eta emaitzak miresgarriak izan ziren.

Lan honen emaitzen argitalpenak ez zuen interesik sortu. Fleming berari ere, ez zion asko eragin. Penizilina sulfonamidak ordezka zezakeela idatzi zuen, baldin eta sintetizatua izaten bazen.

Platertxoan estafilokokoen koloniek (puntu zuriek) Penicilum-koloniari (ezkerrekoari) ihes egiten diote

Flemingen penizilinarekiko interesa 1942.eko abuztuan berpiztu zen, lagun bat meningitisaz gaixotu zenean. Sulfonamidak eraginik gabekoak suertatu ziren eta laguna hilzorian zegoelarik, Flemingek penizilinaz saiatzea erabaki zuen. Floreyri dei egin zion, eta penizilina hari eskatzeaz aparte, nola erabili ere azal ziezaion eskatu zion. Hilzorian zegoen gaixoa azkar osatu zen.

Haren ondorioz eta bere sailburu zen Almroth Wright-ek The Times era bidalitako eskutitz bati esker (bertan penizilinaren meritu guztia Flemingi leporatzen zitzaion), Fleming publizitate-kanpaina handi baten barnean murgildua izan zen. 1955.ean hil zen arte, munduko heroi eta prentsarentzat pertsonaia kutun izan zen.

Konplexuak dira neurrigabeko lausenguen arrazoiak. Hauetako bat Floreyk prentsarekiko zuen jarrera gogorra da; ez bait zuen publizitaterik nahi. Kazetariek orduan baztertu egin zuten. Bestelakoa izan zen Flemingek lanegiten zueneko St. Mary ospitaleko jarrera. Bertan kazetariak onartuak izaten ziren. Gainera, St. Maryko dekanoa Churchillen medikua zen eta prentsa-kanpaina indartu zuen. Bestalde 1942.ean gerraren erdian britainiar gobernuak populazioaren morala indartzeko zerbait behar zuen. Penizilina bezalako botika liluragarria aukera ezin hobea zen lan horri ekiteko. Informazio-ministraritzak penizilinaren inguruan kanpaina bat suspertu zuen. Fleming zen mundu guztiak ezagutu nahi zuen pertsonaia eta prentsak ume kutuntzat hartua zuen. Oxfordeko taldea guzti honetatik at gelditu zen.

Nobel sariko batzordeak ordea, kazetariek baino gehaigo zekien eta 1944.eko Nobel saria Florey, Chain eta Flemingi batera eman zien.

Fleming bakteriologo ona eta trebea zen eta lan handiak egin zituen, baina penizilinaren kontu honetan neurrigabeko ospea jaso zuen. Beraz, zientzilari ezagun honen benetako irudia agertzea izan da lerro hauen asmoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila