Opioideen metabolismoa: tratamendu eta diagnostikorako bide berriak

Opiazeoak lo-belarraren hazitik eratorritako substantziak dira. Hauetan ezagunenak morfina, bere ahalmen analgesikoarengatik, eta heroina, drogomenpekotasunetan izan duen garrantziarengatik, dira. Baina, talde honetako substantziak aipatutakoekin zerikusirik ez duten tratamenduetan ere erabiltzen dira, besteak beste eztularen eta beherakoaren aurkako hainbat botikatan. Gure gorputzak ere opiazeoen antzeko ekintza duten substantziak sintetizatzen ditu; hauetako gehienak peptidoak dira eta barne-peptido opioide izena hartzen dute. Opiazeoen kasuan gertatzen den bezala, peptido opioideen funtzio ezagunena analgesia da, baina gaur egun badakigu beste hainbat funtzio badituztela, besteak beste, hormonen jariapenean, garunaren garapenean, digestioan, e.a.

Barne-peptido opioideen aktibitatearen kontrolaren parte nagusi bat bere hidrolisiaren bidez egiten da, hau da, bere aminoazido-katea apurtuz. Gure taldearen helburu orokorra hau da: peptido opioideek parte hartzen duten gertaera fisiologiko eta patologikoetan apurketa honek izan dezakeen garrantzia aztertzea. Orain arte egindako lanak oinarriko zientziaren esparrukoak dira. Horrela frogatu da opioideak apurtzeak zerikusia baduela garunaren garapenean, hormonen jariapenean eta depresioen tratamenduan. Gaur egun garatzen ari garen bi proiektuak zientzia aplikaturako bidean daude.

Batean ea opiazeoek (heroina edo morfina) sortutako drogomenpekotasunak eta abstinentzia-sindromeak garuneko peptidoen apurketa katalizatzen duten entzimetan eragina ote duten aztertzen da. Horretarako menpekotasunaren eta abstinentzia-sindromearen animalia-ereduak sortzen dira. Opiazeoen eta opioideen metabolismoaren arteko lotura baieztatuko balitz, mina eta abstinentzia-sindromea tratatzeko farmako berriak sintetizatzeko bidea zabal liteke. Honi dagokionez, interesgarria izango litzateke opioideak apurtzea katalizatzen duten eta menpekotasun- eta abstinentzia-prozesuetan zerikusia duten entzimen inhibitzaile espezifikoak garatzea.

Bigarren proiektua, Bilboko Euskalduna Klinikarekin batera burutzen ari da eta giza haziko opioideen metabolismoak giza ugalkortasunean duen garrantzia aztertzen du. Giza hazian peptido opioideen metabolismoa beste ehun eta fluidoetan baino askoz handiagoa da eta haziko zenbait ugalkortasun-parametrori lotuta egon daiteke. Hain zuzen ere, hau da lan honetan aztertzen dena: ea hazi-patologia eta peptido opioideak apurtzen dituzten entzimen artean loturarik dagoen. Lotura hau badagoela frogatzeak antzutasunaren diagnostikoan eta tratamenduan garrantzia izan dezake. Bide honi jarraituz gure asmoa ea entzima hauen eta arren ugal-aparatuko beste gaixotasunen artean loturik ote dagoen ikertzea da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila