Zergatik arnasten du jendeak erretzen ari den tabako-hosto lehorren kea, nahiz eta adituek behin baino gehiagotan hilgarria dela azpimarratu? Erantzuna hau izan daiteke, neurri batean behintzat: tabako-kea arnastea, nikotina garuneraino eramateko ezagutzen den modurik azkarrena delako. Zientzilariek aurkitu berri duten legez, nikotina ohizko drogak bezain adiktiboa da eta gaur egun adikzio hori nondik nora sortzen duen aztertzen ari dira.
Tabako-kea milaka konposatuz osatutako nahaste konplexua da, baina nikotinak sortzen ditu erretzailearen gorputzean eraginik berehalakoenak eta aldi berean baita garunean eta portaeran adikzioa ere. Alabaina, kean dauden mundrun edo alkitran izeneko substantziek sortzen dute birika-minbizia eta baita beste zenbait eritasun ere. Beraz, erretzaileek bilatzen duten eragina sortzen duten elementuak eta kalte fisikoa eragiten dutenak banan daitezke. Erretzeak sortzen dituen kalteak txikiagotzeko neurriak presta ditzakegu eta horrela jendeak erretzeari utz diezaion lagundu.
Zergatik uste dute gaur egungo zientzilariek nikotina adiktiboa dela? 1960.eko hamarkadaren hastapenean, aditu gehienek erretzea oinarri psikologikoko ohitura zela uste zuten. Jendeari ke-eraztunak ikustea, kea usaindu eta dastatzea eta aho bidezko asetasuna (zentzu psikoanalitikoan) lortzea gustoko zitzaiola uste zen.
1970.eko hamarkadaren bukaeran, Harvard unibertsitateko Steven Goldberg eta Roger Spealman psikofarmakologoek nikotina hutsezko disoluzioak sari izan zitezkeela (portaera-psikologian errefortzu positibo esaten zaiona) frogatu zuten. Horrek honako hauxe esan nahi du: jendeak nikotina sari moduan hartzen ikas dezakeela; “baldintzatua” izan daitekeela alegia, eta horrela nikotina bilatzen segitu. Esperimentuek erakutsi dutenez, ikertzaileek tabakoaren nikotina-kantitatea aldatzen dutenean jendeak erretzearekiko duen portaera ere aldatu egiten da. Animaliek nikotinaren eragin subjektibo berezia berehala detekta dezakete eta baita beste drogen eraginetatik bereiztu ere.
Beste azterketa batzuen arabera, nikotinak portaeran dituen eragin batzuekiko (ez guztiekiko) tolerantzia agertzen du. Esate baterako, ez-erretzaileari oka egin eraziko liokeen nikotina-dosiak ez du eraginik ohizko erretzailearengan. Heroina moduko droga adiktibo klasikoek ere tolerantzia sorterazten dute. Nikotina erretzeari utzi eta handik hilabetetara ere iraun dezake tolerantziak eta horrexegatik erretzeari utzi diotenak berriro ekiteko arriskuan daude. Gainera, nikotina adiktiboa dela frogatzen duen beste puntu bat hau da: erretzeari utzitakoan erretzaileek abstinentzi sindromearen sintomak izatea.
1980.erako bildutako frogak oso erabakiorrak ziren eta tabakoak adikzioa sorterazten zuela eremu horretako ikerlari gutxik jartzen zuen zalantzan. Hala ere, medikuek eta jendeak eragozpenak izan dituzte aurkikuntza hori onartzeko; heroina hartzen bait da adikzio guztien eredutzat. Heroinomanoek droga hartu ondoren berehalako “igoera” somatzen dute eta hartzeari uzten diotenean abstinentzi sindromearen sintomak sentitzen dituzte. Jendearen ustetan, nikotinak eragin desberdinak dituenez ez da benetan adiktiboa. Gainera, tabakoaren eta opiazeoen abstinentzi sintomak edo mirak oso desberdinak dira eta askoz ere leunagoak lehen kasuan. Hala ere, drogekiko menpekotasuna ezin da abstinentzi sindromearen arabera soil-soilik definitu. Adikzio guztietan (estimulagarri-, lasaigarri-, alkohol- zein nikotina-adikzioetan), ezaugarririk garrantzitsuena drogak portaera nola indartzen duen ikustea da.
Hots, jendea droga hartzeak egoera atsegina sorterazten diola konturatzen da. Abstinentzi sindrome larria eragiteko gaitasuna erizpiderik garrantzitsuena izan baledi, kokaina eta nikotina ez-adiktibotzat jo beharko lirateke. Ondorio indartzailearen intentsitatea da (ez ordea izaera) adikzioa markatzen duena. Jendea erretzen jarraitzera bultzatzen duen nikotinaren errefortzu-ondorioaren izaera ulertzea garrantzitsua da. Gaur egun ari dira hainbat ideia eztabaidatzen. Baltimoren (Maryland-en) Adiction Research Center erakundeko Jack Henningfield-ek erakutsi duenez, nikotinak ohizko droga aktiboenaren antzeko eufori egoera (oinarri errealik ez duen ongizate-sentsazioa) eragin dezake. Alabaina, eragin honen intentsitatea ez dateke droga hau erretzea zenbaterainoko errefortzu den azaltzeko aski.
Beste zientzilari batzuen aburuz, erretzaileentzat benetan garrantzitsu eta erabilgarri diren beste zenbait funtzio psikologiko indar ditzake nikotinak. Reading-eko (Ingalaterrako) unibertsitateko David Warburton-ek honakoa iradokitzen du: nikotinak arreta handia luzaroan eskatzen duten lan aspergarrietan kontzentrazioa eta zehaztasuna hobetzen dituela. Nikotinak, ikasketa-prozesuko eta orimeneko zenbait ezaugarri hobe ditzakeela eta baita informazioa azkar prozesatzeko trebetasuna ere azkar dezakeela ematen omen dute aditzera zenbait datuk. Dena den, egin diren behaketek Alzheimer-en eritasunaren moduko dementzietan oroimen- eta ikasketa-arazoak konpontzeko nikotina erabil ote daitekeen aztertzera bultzatu dute.
Bethesda-ko (Maryland-eko) Osasun-Zientziatako Unibertsitateko Neil Grunberg ikerlariaren ustetan, nikotinak gozo eta kaloria askoko elikagaien kontsumoa murriztu eta aldi berean metabolismoa azkartu egiten du. Ondorioz, jendea gizen ez dadin lagungarri izan daiteke. Dundeeko Ninewells Ospitaleko David Balfour-en eritziz, stressak nikotinaren abstinentzi sindromeak larriagotu ditzake eta nikotinak stres eta antsietateari aurre egiteko aldaketa adaptatiboak eragiten ditu garunean. Esate baterako, stressaren hormonak giltzurrungaineko guruinetan sortzen dira eta garunak nikotinarekiko duen sentikortasuna txikiagotu egiten dute. Interakzio honen bidez beraz, nikotinak stressari aurre egiten lagun dezake. Oraindik ez dago garbi, ordea, aipatu hormona-ondorioek adikzioari nola eragiten dioten.
Badago asko eztabaidatu den beste errefortzu-iturri bat: jendeak abstinentzi sindromerik edo mirarik ez izateko segitzen du erretzen. Nahiz eta erretzaileei buruzko azterketek hori faktore garrantzitsua dela (erretzaile porrokatuengan batez ere) azpimarratu, abstinentzi sindromearen larritasuna jendeak erretzen jarraituko duen ala ez jakiteko neurri bat besterik ez da, eta nahikoa neurri kaskarra gainera.
Beraz, ikertzaileek ez dute oraindik nikotina errefortzu positibo zergatik den guztiz ulertu. Pertsona batentzat garrantzitsu diren faktoreak, garrantzirik gabekoak izan daitezke beste batentzat. Dena den, nikotinaren errefortzu positiboaren alderdi desberdinak droga bilatzera bultzatzen duen portaera sorterazteko, garunean mekanismo amankomun batek egon behar du eta gaur egungo ikerketen helburua mekanismo nagusi hori identifikatzea da.
Erretzaileak nolabait “saritzeko” nikotinak duen trebetasuna egon daiteke tabakoarekiko menpekotasunaren muinean, baina beste prozesu batzuk ere egon daitezke tartean. Beste ikasketa-mota bat egon daiteke “nikotina = saria” ideiaren azpian. Nikotinak “estimulu diskriminatibo” gisa joka dezakeela uste da. Nahiz eta aipatu estimulua bere horretan sari ez izan, bere presentziak portaera jakin bat egin erazteko “eragingarri” gisa jokatzen du (bien arteko lotura zein den ikasiz).
Semaforoetan gelditzea da honelako estimulu batek portaerari nola eragiten dionaren adibide tipikoa. Gidariek argi gorria ikusi eta automobila gelditzea asoziatzen ikasi dute. Baina estimulu diskriminatibo guztiak ez dira ingurugiroko gertaerak. Esperimentu askok begi-bistan jartzen duenez, nikotinak “barne-eragingarri” gisa jokatuz erretzen jarraitzera bultzatzen du pertsona. Erretzaileak erretzeko unean sentitzen duen sentsazioak, erretzen segitzeko barne-eragingarri gisa joka dezake.
Erretzaileek normalean hartzen duten dositik gora, nikotinak kontrako ondorioak ere baditu. Ondorio kaltegarri hauek erretzaileek hartzen duten nikotina-kantitateari goiko muga ezar diezaiokete. Erretzaile porrokatuek kontrako ondorioekiko tolerantzia pixka bat badute seguru asko, eta hori da agian erretzaile askok gero eta zigarro gehiago erretzearen arrazoia. Tolerantzia hau nola bilakatzen den ulertzea, jendeak tabako-dosia nola murriztu jakiteko lagungarri izan dakiguke.
Nikotinarekiko adikzioa ulertzeko, beharrezko zaigu pertsonak erretzen duenean hainbesteko eragina duen errefortzu positiboa sortzeko, “eragingarri” gisa iharduteko eta kontrako ondorioa sorterazteko garunean nola jokatzen duen jakitea. Beharrezko dugu nikotinaren abstinentzi sindromean garunean zein egokitzapen-aldaketa gertatzen diren ulertzea ere. Nikotinak eragiten ditueneko errezeptoreak garunean aurkitu ondoren, joan den hamarkadan izugarri hazi da nikotinaren dependentziarekiko interesa. 1970.eko hamarkadaren erdi aldera droga nikotinikoak erabiltzen ziren garuneko zelulen kanpokaldeko mintzetan nikotina errezeptoreei non itsasten zitzaien identifikatzeko.
Edozein droga zeluletako errezeptoreekin lotzeak zelula barnean aldaketa biokimikoak sorteraz ditzake, ondoren gertakari-multzoa dakar katean eta azkenik drogak gorputzean duen eraginaren erantzule da. Arazoa honakoa da: droga itsasten den leku guztietan ez daude errezeptoreak, eta ikertzaileek adikzioan parte hartzen zutenak bilatu nahi zituzten. Nikotina-loturaren inguruko lehen azterketek alfa-bungarotoxina erabiltzen zuten proba gisa. Substantzia hau (suge-toxinatik eratorria) nikotinaren errezeptoreei borondatezko eskeleto-muskuluetan lotzen zaie. Baina bungarotoxinak ez du garunean berdin jokatzen eta suge-toxinaren lotura-guneak ez dira seguru asko nikotinak bere ondorio adiktiboak bideratzen ditueneko errezeptoreak.
Azterketak berriro ere nikotinara itzuli ziren. 1980an Avram Goldstein eta kideek Kaliforniako Stanford Unibertsitatean frogatu zutenez niko-tina arratoien garuneko nerbio-zelula jakin batzuei hertsiki lotzen zaie. Laborategi askotan egin diren ondorengo estudioek ederki argitu dute garuneko area desberdinetan lotura-gune hauen banaketa. Badago garrantzizko gauza bat: banaketa hau eta azetilkolina neurotransmisorearentzako errezeptoreen banaketa ia berdina da. Baina lotura-gune hauek ba al dute eraginik nikotinaren adikzioan?
Badago ideia honen aldeko frogaren bat. Laborategiko langile batzuek aurkitu dutenez, azetilkolinaren errezeptoreei lotzen zaizkien (eta nikotinaren lotura blokeatzen duten) droga batzuk aurkitu dituzte, drogek eta nikotinak errezeptore berberak aktibatzea inplikatzen duelarik.
Beste esperimentu batzuk ere egin dira nikotinak garunean lotura-gune asko dauden areetan eragina ote duen zehaztearren. Psikiatri Institutuko kideek eta nik neuk aurkitu dugunez, arratoiak aktiboago bihurtzen dira –nikotinari erantzuna– dopamina neurotransmisorea askatzen duten zeluladun areetara zuzenean droga injektatuz. Garuneko area honi dopamina-sistema mesolinbiko deitzen zaio.
Vancouver-eko (Kanada-ko) British Columbia Unibertsitateko Paul Clarke-k erakutsi duenez, dopaminadun zelula hauek kaltetuz (neurotoxina hautatzailea injektatuz) nikotinarekiko erantzuna murriztu egiten da. Gainera, Bundoora-ko (Australia-ko) La Trobe Unibertsitateko George Singer-ek erakutsi duenez, antzeko lesioek arratoiek nikotina hartzeko duten joera murriztu egiten dute. Garuneko dopamina-sisteman duen eraginak, zeregin garrantzitsua duela dirudi erretzaileek bilatzen dituzten nikotina-ondorioen genesian.
Hau berez oso aurkikuntza garrantzitsua da, zeren dopamina-sistema mesolinbikoak paper garrantzitsua du beste droga adiktiboek (anfetaminek eta kokainak, esaterako) portaera indartzeko unean duten eraginean. Posible da nikotinak dopamina-sistema mesolinbikoan aldaketa adaptatzaileak ere (stressari aurre egiten laguntzeko moduan) bultzatzea.
Azterketa biokimikoek gogor eusten diote aurreko ondorioari, dopamina-sistema mesolinbikoko nerbio-terminalek errezeptore nikotinikoak daramatzatela erakutsiz. Kentucky-ko Louisville-ko Unibertsitateko Peter Rowell eta kideek erakutsi dutenez, nikotinaren kontzentrazio txikiek (zigarro-erretzaileen odolean daudenek, adibidez) sistema mesolinbikoko dopamina askatzea sorteraz dezakete. Nerbio-zelula horiek nikotinarekiko erreakzionatzen segitzen dute dosi asko hartuta ere eta ez dute tolerantziarik sortzen. Honek ondoko hau ere iradokitzen du: dopamina askatzea garrantzitsua izan daitekeela nikotinaren eragin indartzailearentzat.
Nikotinak, beraz, lehenik azetilkolinaren errezeptoreetan izan dezake eragina eta errezeptore hauek gero dopamina-sistema aktiba dezakete. Nikotinak beste neurotransmisore eta hormonen gain ere izan dezake eragina (noradrenalina, narkotiko endogeno eta prolaktinaren gain) eta azetilkolina askatzea eragin dezake. Baina orain arte ondorio hauek erretzaileen nikotina-dosiekin ez direla gertatzen dirudi, edo behintzat ez dira zuzenean portaera adiktiboekin lotu.
Hauxe da egin beharreko galdera: nikotinak lotura-gunean duen eraginak ondorio adiktibo eta portaerazko guztiak esplika al ditzake? Gaur egun eman dezakegun erantzunik arrazoizkoena beharbada ezetz esatea da. Dopaminak parte hartzeak (beste adikzioetan eta portera sarituetan inplikatua dago) nikotinaren indartze-ondorioa partzialki bakarrik esplikatzen du. Posible da beste neurotransmisore batek, 5-hidroxitriptaminak, 5-HT3 errezeptoreen gain eragina izatea ere, nikotinaren efektua dopamina-sisteman indartzeko. Gainera, molekula-mailan egin berri diren azterketen arabera errezeptore nikotiniko nagusien artean oso diferentzia txikiak dituzten hainbat mota daude.
Laborategi batzuk ari dira lanean errezeptore nikotiniko hauek zein funtzio esanguratsu duten aurkitzeko, baina goizegi da oraindik ondorioak ateratzeko. Dena den, ikertzaile batzuen ustez nikotinak seguru asko errezeptore-multzoan du eragina portaerazko ondorio hain zabalak sortzeko. Hori egia dela frogatzen bada, nikotinaren ondorio batzuk (baina ondorio kaltegarriak ez) imita ditzaketen konposatu berriak sintetizatzea posible izan daiteke. Posible da nikotinaren ondorio adiktibo nagusiak blokeatuko dituzten drogak diseinatzea ere, baina beren ondorioekin nerbio-sistemako beste zatietan interferentziarik sortu gabe.
Tabako-adikzioaren alderdi farmakologikoa tratatzeko era sofistikatuagoak diseinatzeko bidea ireki dezake. Honez gain, agian gai izan gaitezke potentzialki nikotinaren ezaugarri erabilgarriak dituzten drogak diseinatzeko, baina ondorio periferikorik izan gabe, eta beharbada adikziorako potentzialik gabe. Posibilitaterik bidezkoena nikotinak oroimenean eta ikaskuntzan dituen ondorio onuragarriak kapitalizatzea da, zahartzaroko dementzian oroimen-defizitak gutxiagotuko dituzten agenteak garatuz, baina bihotzari eta zirkulazioari eragin gabe edo gorako edo goragalerik eman gabe.